Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Aiora Jaka: “Etengabe neukan gure Sarri gogoan. Nire tesia irakurtzen irudikatzen nuen, irribarre erdi batekin ahoan”

Dokumentuaren akzioak

Aiora Jaka: “Etengabe neukan gure Sarri gogoan. Nire tesia irakurtzen irudikatzen nuen, irribarre erdi batekin ahoan”

2013/02/28 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUn itzulpengintza eta interpretazioa ikasi ondoren doktoratu den lehena izan da Aiora Jaka. Doktoretza tesia Joseba Sarrionandia idazle eta itzultzaileari buruz egin du.

UPV/EHUn itzulpengintza eta interpretazioa ikasi ondoren doktoratu den lehena izan da Aiora Jaka. Doktoretza tesia Joseba Sarrionandia idazle eta itzultzaileari buruz egin zuen; “Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan”. Bere  esperientziaz gehiago jakiteko parada izan dugu:

Doktoretza egiteko ideia nondik etorri zitzaizun? Nondik dator pizgarria?
Itzulpengintza eta interpretazioa ikasi nuen Gasteizen, eta, bertan landutako gai guztien artetik, itzulpen literarioarekin gozatu nuen gehien. Ohartu nintzen lan literarioak itzultzeak sorkuntza lan handia eskatzen duela, eta, hala, euskal itzultzaileek erronka horri nola heldu izan dioten aztertzeko gogoa sortu zitzaidan. Lizentziaturako ikasketek irauten duten lau urteetan gauza asko ikasten dira (hiruzpalau hizkuntza, testu mota askoren itzulpena, esan osteko eta aldibereko interpretazioa…), baina ez dago denborarik gai jakin batean gehiegi sakontzeko. Horretxegatik aukeratu nuen doktoretzaren bidea: gogoko duzun gai bat nahi duzun ikuspegitik lantzeko aukera ematen du.

Badakigu doktoretzak zer esan nahi duen, eskatzen duen lana eta prestakuntza maiz entzun dugu, baina zein da prozesua?
Pentsatzen dut prozesua ez dela berbera izango zientzia eta gai guztietan. Dena dela, tesi bat, definizioz, hipotesi bat argudio egokiak erabiliz frogatzeko ahalegina da; beraz, argi dago hipotesi edo susmo batetik abiatu behar dela beti. Nire kasuan, susmoa nuen Joseba Sarrionandiaren lanetan itzulpena eta sorkuntza oso lotuta agertzen zirela beti, bai praktikan, bai teorian. Beraz, susmo hori frogatzeko datuen bila hasi nintzen. Alde batetik, maila teorikoan: zer dio Sarrionandiak itzulpenaz, sorkuntzaz, literaturaz? Sarrionandiak han-hemenka esandakoak aztertzeaz gain, mundu osoko beste hainbat teorialarik itzulpengintzaren definizioaz emandako iritzi eta teoriak ere aztertu nituen, Sarrionandiaren gogoetak hobeto ulertzeko eta testuinguru batean kokatzeko. Bestetik, eta batez ere, alderdi praktikoa aztertzea interesatzen zitzaidan: nola itzultzen du Sarrionandiak? Zer itzultzen du? Nolako itzulpen-estrategiak erabiltzen ditu? Zertan desberdintzen da bere aurreko euskal itzultzaileengandik? Galdera horiek guztiak erantzuteko, Sarrionandiaren itzulpen guztiak aztertu behar izan ditut, baita bere gainerako lanak ere, teorian dioena praktikan ere azaleratzen ote den ikusteko.

Itzultzaile posmodernotzat definitzen duzu Sarrionandia. Hori izan al da arrazoia bera aukeratzeko?
Egia esan, Sarrionandia aztertzen hasi nintzenean ez nuen “postmoderno” kontzeptua erabiltzeko asmorik. “Postmoderno” fenomenoa gerora deskubritu nuen, itzulpen- eta literatura-teoria desberdinak aztertzean, eta Sarrionandiaren itzulpengintza definitzeko eta batez ere bere aurreko euskal itzultzaileenengandik bereizteko termino egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan. Dena den, “moderno” /  “postmoderno” etiketa bidezko sailkapenak egitea baino gehiago interesatzen zitzaidan Sarrionandiaren itzulpena hautemateko eta praktikatzeko modua sakonki aztertzea. Sarrionandia hautatu izanaren arrazoiak, besterik gabe, idazle-itzultzaile horrek eragiten zizkidan miresmena eta jakin-mina izan ziren. Miresmena, ohartu nintzelako idazle eta poeta handia izateaz gain itzultzaile oparoa ere bazela, askotariko testuak euskaratu eta argitaratu izan baititu. Jakin-mina, bestalde, hasiera batean bere “apokrifo” edo sasi-itzulpenek sortu zidaten; hau da, berak autore jakin baten testuen itzulpen moduan aurkezten dizkigun arren benetan berak sortuak diren poemek. Jolas literario horiek benetako kuriositatea sortu zidaten; jakin nahi nuen zer ezkutatzen zen “fikziozko” autore horien atzean, “gezurrezko” itzulpen horien atzean. Zer lortu nahi zuen Sarrionandiak halakoekin? Zer transmititu nahi zion irakurleari? Sarrionandiaren hausnarketak irakurriz eta bere lana osotasunean aztertuz, konturatu nintzen sorkuntza- eta itzulpen-lana ia maila berean jartzen dituela Sarrionandiak, eta jatorrizkoen ustezko originaltasunaren eta itzulpenen ustezko erreprodukzio-izaeraren artean ezarri ohi den muga zurrun horri nolabait iseka egiteko erabili ohi dituela apokrifoak.

Sarrionandiak itzultzerakoan egiten duen birsortzea, lan originalarekin borrokan al dabil? Non dago muga?
Nik ez nuke esango (eta Sarrionandiak ere ez, nire ustez) itzulpen edo birsortze-lan bat lan originalarekin borrokan dabilenik. Horixe da, hain zuzen ere, itzulpen-teoria postmodernoek aldarrikatzen dutena: originala eta itzulpena elkarren osagarriak direla, eta ez elkarren aurka norgehiagoka dabiltzan bi arerio. Itzulpena originalari zor zaion modu berean, esan liteke originalak ere itzulpen, birsorkuntza, interpretazio edo irakurketa desberdinen beharra duela bizirik irauteko.

Sarrionandiak dioen moduan, testu bat itzultzean, gai berberari buruzko bi testu izango dituzu; itzulpenik “fidelena” ere nahitaez izango da beti interpretazio subjektibo baten ondorio. Beraz, zentzu horretan, itzulpen oro aurreko testu baten birsortze gutxi asko librea da. Orain: galdera baldin bada ea zenbaterainoko askatasuna har dezakeen itzultzaile batek testu bat itzultzean, erantzungo nuke faktore askok baldintzatzen duela itzultzailearen askatasuna. Argitaletxe batek testu bat itzultzeko eskatzen dizun unean, esaterako, irizpide batzuk markatzen dizkizu: jatorrizko testuari ahalik eta gertuen lotuko zaion itzulpen bat egiteagatik ordaintzen dizute, eta, beraz, muga batzuk kanpotik ezarriak dituzu. Sarrionandiaren kasua desberdina da: berak erabakitzen du zer itzuli, berak egiten du testuen hautaketa eta bere-bereak diren itzulpen-antologiak sortzen ditu. Argi dago horrelako baldintzetan nahi besteko askatasunez joka dezakeela.

Itzulpengintzari buruzko tesi asko ez daude, jakintza alor honetan zeu al zara lehena?

Nirea ez da itzulpengintzari buruz idatzitako lehen euskal tesia. Lehenik ere eginak dituzte beste hainbat ikertzailek euskal itzulpengintzari buruzko tesiak (Manu López Gasenik euskaratutako haur eta gazte literaturaz, Genaro Gómezek Grimm anaien ipuinen euskarazko itzulpenez…). Oraindik nahiko gaztea da euskal itzulpengintza jakintzagai akademiko moduan, baina gero eta jende gehiago ari gara biltzen diziplina honen inguruan, eta ni izan naiz Euskal Herrian itzulpengintza eta interpretazioa ikasi ondoren doktoratu den lehenengoa. Elizabete Manterolak ere iaz defendatu zuen beste hizkuntzetara itzulitako euskal literaturari buruzko tesia, eta buruan ditut aurten edo datozen bizpahiru urteetan euskal itzulpengintzari buruzko tesiak aurkeztuko dituzten beste hainbat ikertzaile ere. Uste dut gauza asko dagoela oraindik ikertzeko, eta iruditzen zait lan interesgarri asko egingo dela hemendik aurrera.

Munduko puntaren batetik Sarrionandiak zure lana irakurriko zuelako ideiak zirrararik eragiten al dizu?
Bai, noski. Tesia idazten ari nintzela, etengabe neukan gure Sarri gogoan: nire tesia irakurtzen irudikatzen nuen munduko txokoren batean, irribarre erdi bat ahoan. Ziur nago harrituko dela berak asmatutako hainbat trikimailu harrapatu ditudalako; esaterako, uste dut asmatu dudala testu apokrifoen autoretzat aurkezten dizkigun pertsonaia horietako batzuen izenak nondik atera zituen. Baina ziurrenik hanka ere sartuko nuen beste hainbat kasutan, eta hantxe imajinatzen dut Sarrionandia barrez, hainbat korapilo askatu beharrean are gehiago korapilatu ditudalako… Dena den, txori txiki batek esan dit lehen gainbegiratua behintzat bota diola nire tesiari, eta oso lan ona iruditu zaiola. Asko poztu nintzen hori entzutean.

Sarrionandiaren libururik gustukoena? Eta, itzulpenik gustukoena?
Zaila da bakar bat aukeratzea; hainbeste genero landu ditu… Lagun izoztua eleberria asko gustatu zitzaidan, eta Ni ez naiz hemengoa saiakera moduko liburua ere bai. Ipuinetan, Narrazioak. Poesian, edozein. Argitaratu duen azken liburua ere, Moroak gara behelaino artean?, ikaragarrizko lana da, baina irakurketa sakon eta patxadatsuagoa eskatzen du.

Itzulpen-liburuen artean, oso gogoko dut Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak: bai bertan ageri diren testuen ugaritasun eta aniztasunagatik, bai izenburuan bertan iradokitzen den ideiagatik, Sarrionandiak hitzaurrean plazaratzen dituen gogoetengatik, benetako itzulpenen artean tartekatzen dituen apokrifoengatik…


Euskarazko itzulpengintzaren egoera nolakoa da?
Uste dut azken hamarkadetan aurrerapen handiak egin direla euskarazko itzulpenen alorrean. Hor dugu EIZIEren ekimenez argitaratzen den Literatura Unibertsala bilduma, baita bestelako hainbat itzulpen-lehiaketa eta -sari ere, eta euskal argitaletxeek ere gero eta gehiago bultzatzen dute atzerriko hizkuntzetan idatzitako lanen itzulpena. Halere, egia da euskaraz sortutako lan originalak askoz ugariagoak direla, helduen literaturari dagokionez behintzat (haur eta gazte literaturan esango nuke itzulpenen portzentajea dezente handiagoa dela). Dena den, halaxe gertatzen da beste edozein literatura-sistematan ere, eta, beraz, datu hori ez nuke inolaz ere arazo moduan ikusiko. Euskal sistemaren kasuan gertatzen dena da euskal irakurle guztiek gutxienez bi hizkuntzatan irakurtzen dutela, eta gaztelaniak askoz ere aukera zabalagoa eskaintzen duela atzerriko literaturaren kasuan. Demagun José Saramago idazle portugaldarraren obra irakurri nahi dugula: euskaraz liburu bakarra irakur genezake (Lisboako setioaren historia, Jon Alonsok itzulia); gaztelaniaz, aldiz, idazle portugaldarraren ia bibliografia osoa daukagu eskuragarri. Normala da zentzu horretan jendeak gaztelaniara jotzea. Baina beste faktore bat euskaraz irakurtzeko ohitura falta da. Euskaraz alfabetatu ez diren euskaldunak alde batera utzita, ikastolan ikasitako jendeari ere askotan entzuten diot errazago irakurtzen duela gaztelaniaz. Askok ez dute inolako erreparorik gaztelaniazko itzulpenak irakurtzeko (itzulpenak direla konturatu gabe irakurtzen dituzte askotan), eta, aldiz, euskarazko itzulpenak oso zailak egiten omen zaizkie. Eta ez dut uste itzulpenen kalitateagatik denik, gaur egun oso itzulpen onak egiten baitira euskaraz. Uste dut hor badagoela arazo bat, aurreiritzi, ohitura falta, errazkeria edo alferkeriarekin lotua.