Dokumentuaren akzioak
Aitor Arrieta: "Ikertzeko atzerrian posizionatu beharra dago, finantziazio publikoa lortzeko aukera gehiago izateko"
Zertan datza egiten ari zaren ikerketak?
Sistema ziber-fisiko aldakorren simulazio bidez balioztatzeko metodologia berri bat proposatzen ari gara. Orain arte sistema mota hauek balioztatzeko metodologiak garesti eta konplexuak izan dira. Ikergazten aurkeztutako ekarpenak metodologiaren zati bat proposatzen du, eta orain arteko metodologiekin konparatuz ondorengo abantailak erakusten ditu: Simulazio denbora baxuagoa erabiltzen du, konfigurazio automatikoa onartzen du, aldakortasun kudeatze erreminta librea erabiltzen ditu, hau da, edonork dauka interneten eskuragarri, eta azkenik, simulazio modeloaren konplexutasuna murrizten du.
Azaldu zer den sistema ziber-fisiko bat zer den ez dakien pertsona bati.
Nahiz eta "sistema ziber-fisiko" hitzak nahiko futurista dirudien, sistema mota hauek gure eguneroko bizitzan dihardute duela urte askoz. Sistema ziber-fisiko bat sistema digitalak (hau da, ordenagailuak, softwarea, eta abar), sistema fisikoekin uztartzen dituzten sistemak dira. Gaur egun, gure eguneroko bizitzan sistema ziber-fisikoen adibide asko daude: igogailuak, mikrouhin labeak, kotxe baten leiho automatikoak eta abar.
Sistemak izan ditzakeen aldakortasunaz ari zara ikerlanean. Zeintzuk izan ditzake?
Gaur eguneko enpresek aldakortasuna hartu beharra daukate kontuan beraien produktuetan haien bezeroen beharretara egokitzeko. Jo dezagun kotxe bat adibide bezala: kotxe batek kolore ezberdinak eduki ditzake, bi edo lau ate, kotxea automatikoki aparkatzeko aukera, abiadura automatikoki kontrolatzeko aukera, eta abar. Sistema ziber-fisiko aldakorrekin gauza bera gertatzen da. Sistema hauek bai ziber eta bai atal fisikoan eduki ditzakete aldakortasunak. Ziber edo atal digitalari dagokionez, aldakortasuna bai hardware edo softwarean aurkitu dezakegu. Atal fisikoari dagokionez, aldakortasuna sentsoreetan, eragingailuetan edota atal mekanikoetan aurki dezakegu. Kontutan hartu beharra dago, softwareak atal fisikoaren aldakortasuna hartu beharra daukala kontutan era eraginkor batean kontrolatu dezan.
Zertan lagunduko luke zure ikerlanak edota zein da egiten duen ekarpena?
Sistema ziber-fisiko aldakor batek milioika konfigurazio jasan ditzake, eta ondorioz, konfigurazio guztiak frogatzea ezinezkoa da. Gure metodologiak, sistema bakoitza balioztatzeko denbora murrizten du era automatiko batean. Modu honetan, konfigurazio ezberdin gehiago frogatzea lortuko genuke denbora espazio berdinean.
Zeintzuk izan dira atera dituzun ondorio nagusiak?
Ateratako emaitzak itxaropentsuak direla uste dugu, gure metodologiak abantaila asko ematen baititu. Hala ere, lanean jarraitzea beharrezkoa da, denbora murrizketa ez delako nahikoa.
Ikerketa amaitu baduzu zertan ari zara? Eta bukatzear bazaude... gero zer?
Doktorego tesiarekin jarraitzen dut lanean, metodologiari funtzionalitatea berriak gehituz. Balioztatze denbora murriztea dugu helburu frogen kalitatea mantentzen dugun bitartean. Gaur egun, naturan inspiratutako algoritmo batzuk frogatzen ari gara helburu hauek lortzeko. Doktoretza tesia bukatzea da gaur egungo helburua. Behin tesia bukatzean, ikerketan lan egitea gustatuko litzaidake; lehen aukera Euskal Herrian jarraitzea izango litzateke. Hala ere, aukerarik ez balego, atzerrian bilatuko nuke aukeraren bat.
Nola ikusten duzu egungo ikertzaileen egoera?
Gure herrialdean ikertzaileek ez dauzkate baliabide egokienak. Finantziazio publikoa lortzea geroz eta zailagoa da, eta ondorioz, finantziazio pribatua bilatu beharra dago inguruko enpresekin. Aukera hau interesgarria izan daiteke ikerketak aplikazio zuzen bat daukalako, baina baditu bere desabantailak: ikertzaileak enpresen beharretara lotuak daude, eta preferentziak haiek jarritako baldintzek dauzkate; ondorioz, ikertzaileak akademikoki interesgarriak ikusten dituzten ikerketa hutsuneak ezin dituzte estali. Bestalde, enpresa pribatuak publikazioak egiterako orduan trabak jarri ditzakete konfidentzialtasuna dagoela medio. Apiriletik ekainera Norvegiako ikerketa zentro batean igarotzeko aukera eduki nuen. Bertako ikertzaileen egoera askoz ere hobeak ziren, lan aukera ezberdinengatik, lan baldintzengatik eta ikertzeko askatasunagatik.
Eta gaur egun merezi al du ikerketa euskaraz egiteak, zer deritzozu?
Departamentuan euskaraz egiten dugu lankideen artean. Pertsonalki, bai departamentuko doktoregaiekin eta baita ere nire zuzendariekin. IkerGazte bezalako kongresu batek dibulgazioa euskaraz egiteko eskaintzen duen aukera paregabea da, eta pena merezi duela garbi dago; baina bi urtean behin agertzen dira IkerGazte bezalako kongresuak. Gainera, ikertzeko atzerrian posizionatu beharra dago finantziazio publikoa lortzeko aukera gehiago izateko. Beraz, ingelesak duen indarra murriztea oso zaila da.