Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Asier Erramuzpe: “Erabat ezberdinak diren bi gairi buruz zerbait dakiten bi pertsona elkartzen direnean, elkarrekintza oso positiboak suertatu ohi dira”

Dokumentuaren akzioak

Asier Erramuzpe: “Erabat ezberdinak diren bi gairi buruz zerbait dakiten bi pertsona elkartzen direnean, elkarrekintza oso positiboak suertatu ohi dira”

2015/03/05 - Unibertsitatea.net
Asier Erramuzpe Iruñeako informatika ingeniari bat da. Ingeniaritza Teknikoa eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta ondoren, Ingeniaritza Biomedikoan trebatu bi master eginez. Joan den urtean Gurutzeta Ospitaleko BioCruces Zientzia eta Osasunerako Ikerkuntza Institutuan hasi zen lanean eta metodo aurreratuen ikerkuntzan dabil, hainbat gaixotasunen kuantifikazioa helburu eta epilepsian bereziki.
Zer da zehatz-mehatz aztertzen ari zarena?
Gauza asko egiten ditugu Neuroirudi Konputazionaleko Laborategian; neuroirudien azterketa, ospitaleko beste ikertzaileen datu baseen data aztertze lanak, teknika eta algoritmoen azterketa eta abar. Nik zehazki epilepsiaren kuantifikazioan lan egiten dut, horretarako, metodo aurreratuak eta algoritmoak erabiltzen ditugu seinale elektrofisiologikoetatik datuak jasotzeko. 
Zerk eraman zintuen tesirako gai hori aukeratzera?
 

Betidanik izan dut interesa medikuntzarekin erlazionatuta dagoen munduarekin eta uste dut ingeniaritzak garrantzia handia izan duela (eta izango duela) haren garapenean. Tesia egiteko eskaintza egin zidatenean, Gurutzeta bezalako ospitale batean izanik, aukera paregabea iruditu zitzaidan. Epilepsiaren gaitza lantzeak erakartzen ninduen, seinale mota ezberdin ugari daudelako eta ikerketa arlo zabala delako.

Zertan lagundu diezaioke epilepsia duen jendeari zure tesiak?
Zaila izango da zuzenean gaixoengan eragina duen emaitzak lortzea. Pozik egonen nintzateke medikuntzaren esparru honetan emaitza positibo edo interesgarririk lortuko bagenu; adibidez, gaitzaren konektibitate funtzionalaren aldakuntza nola ematen den aurkitzea.
Zer esan nahi duzu epilepsia "kuantifikatu" diozunean?
Ea ulergarria egiten dudan: Elektroentzefalografia (EEG) seinaleak (edo beste seinale batzuk) zehatzak diren balore-numeriko bihurtzean datza. Hau da, begiz ikusten ez diren datuak ateratzea.
Ingeniaria izanik, medikuntzako hainbat kontutaz ikasi behar izango zenuen Ingeniaritza biomedikoan trebatzeko, ez al da hala?
Bai, pare bat graduondoko egin behar izan nituen horretan trebatzeko eta gero ospitalean inoiz ikusiko ez nituen gauza pilo bat ikasi ditut (kirurgiak, laborategiak...). Ingeniari eta medikuen arteko komunikazioa batzuetan zaila suertatzen da, problemei aurre egiteko oso teknika eta ikuspegi ezberdinak baititugu. Baina tira, horrek ere puntu positiboak baditu; erabat ezberdinak diren bi gairi buruz zerbait dakiten bi pertsona elkartzen direnean, elkarrekintza oso positiboak suertatu ohi dira.
Uste duzu epilepsiarekin bizitza erosoa izateko aukera egongo dela noizbait?
Gaur egun aukerarik badago, gaitza duten gaixoen %70ak ez du arazorik bere eguneroko bizitzan farmakoak erabiliz gero. Farmakoek eraginik egiten ez diotenen, ebakuntza egin ondoren ondo ibiltzen dira. Kronikoak diren eta ebakuntzarik egiteko aukerarik ez dutenen kopurua oso baxua da, gainera. Baina bai, uste dut aukerarik dagoela aipatutako egoera errealitate bihurtzeko.
Medikuntza eta ingeniaritza elkarrekintzan edozer egiteko gai direla diozu, zer adibidez?
150 urte bista atzera bota besterik ez duzu, teknikaren garapenak medikuntzan izan duen garrantzia ikusteko: X izpietatik, gaur egungo erresonantzia magnetikoetara edo ultrasoinu bidezko ekografietara. Ingeniaritzak medikuntzak planteatu dituen problema asko ebatzi ditu eta haien arteko elkarrekintzatik etorriko dira datorren urteetako aurrerapen handienak.
Erraza al da gaur egun tesi bat burutzeko laguntzak lortzea? Zertan oinarritzen dira, zure ustez, horiek ematerako orduan?
Batere ez, lehiakortasuna oso altua da (positiboa deritzodala), baina ateratzen diren diru-laguntzak oso eskasak (eta gero eta eskasagoak). Ez hori bakarrik, ematen direnak ere, ikertzailea baldintza oso prekarioan lan egitera behartzen dute, zail da gaur egun aurrera ateratzea 900 euro baino gutxiago irabaziz.
Gero, laguntzak emateko irizpideak meritu akademikoak izan ohi dira, baina prozesuek ez dute beharko luketen gardentasuna.
Ze proiektu dauzkazu aurrera begira?
Oraingoz, laborategian aurrera atera nahi diren proiektuetan laguntzea eta nire lanarekin jarraitzea dut helburu, epilepsia seinale mota asko biltzen ibili naiz azkenaldian.

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

#KzJaia Kultura zientifikoa

txiotesia,elkarrizketa