Dokumentuaren akzioak
Elizabete Manterola: "Tesian idazle bakarraren lanean sakontzeko aukera izan nuen eta haratago jo nahi nuke, idazle ezberdinen joerak identifikatu eta alderatu, esaterako"
Elizabete Manterola Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da Bartzelonako UABean. Gaur egun UPV/EHUko irakaslea da eta horretaz gain UEUko Itzulpengintza Saileko sailburua da.
2005ean Doktoretza egiten hasi ondoren 2012ko otsailaren amaieran itzulpengintzari buruzko tesia aurkeztu zuen UPV/EHUko Letren Fakultatean; “Euskal literatura beste hizkuntza batzuetara itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpen moten arteko alderaketa”. Prozesu honetan egin dituen ikerketez hitz egingo digu:
Nondik dator gai horri heltzeko gogoa?
Itzulpena eta euskara uztartu nahi nituen, asmo horrekin hasi nintzen behintzat doktorego ikasketak egiten. Bila hasi orduko, euskaratiko itzulpenaren inguruko azterketa sakonik ez zegoela ikusi genuen, eta gero eta lan gehiago egiten denez norabide horretan, interesgarria iruditu zitzaigun horri heltzea.
Hasiera batean euskal literaturaren itzulpena bere osotasunean aztertu nahi izan zenuen, zer gertatu zen ondoren?
Hasiera-hasieratik euskara jatorrizko hizkuntza modura lantzeko asmoa izan nuen, euskal literaturatik zer itzuli den jakiteko. Horretarako, katalogazio lana izan da emandako lehen urratsa, hau da, itzuliriko liburuei buruzko informazioarekin datu-base bat osatzea. Testu mailara igarotzeko, ordea, aukeraketa bat egin behar izan nuen.
Zure azterketarako Bernardo Atxaga idazlea aukeratu duzu, zenbaterainoko aldea aurkitu duzu autore honen eta gainerako idazle euskaldunen artean?
Kanporako itzulpenei begira bada bai alderik Atxaga eta gainerako idazleen artean. Nolabait, bera izan da esportatzaile nagusia, batez ere xede hizkuntza kopuruari eta itzulpen kopuruari begira. Azken boladan gero eta idazle gehiagok lortzen du beste hizkuntzetara euren lanak itzultzea, baina oraindik ere nahiko nabarmena da aldea.
Badakigu tesian hipotesi askorekin lan egin duzula, baina hipotesi horietako bat aztertutako itzulpen bakoitzak emaitza ezberdina emango zituela da, zergatik gertatzen da hori?
Bi multzotan banatu nituen itzulpen motak: batetik, gaztelaniarako itzulpenei erreparatuta, badira idazleek eurek parte hartzen duten itzulpen prozesuak, autoitzulpenak deiturikoak; beste hainbatetan, berriz, idazleak ez du prozesu horretan parte hartuko. Bi multzoen artean pentsa daiteke alderik izango dela, norberak sorturiko testu bat itzultzea, norbere lanaren itzultzaile lanetan jartzean ez baita hartzen testua beste norbaiten lana balitz bezala. Idazle-itzultzaileak askatasun maila handiagoa du zentzu horretan.
Gainerako hizkuntzetarako itzulpenei dagokienez, berriz, euskaratik zuzenean eginiko itzulpenak badira, eta baita gaztelaniarako itzulpena oinarri hartuta zeharka eginikoak. Bien artean ere alderik izango dela pentsa daiteke. Izan ere, zuzeneko itzulpenetan urrats bakarra ematen da, itzulpen prozesu bakarra; bigarrenean, aldiz, bi urrats, bi itzulpen prozesu.
Euskal literaturak beste hizkuntza batzuetan hartzen duen forma eta irudia zertan baldintzatzen da?
Euskararen egoerak, euskarazko produkzioak, euskal literatura berak duen egituraketak guztiz baldintzatzen du itzulpena, baita jatorrizko hizkuntza horrek xede hizkuntzarekin duen harremanak ere. Itzulpena kulturen arteko harremanetik sortzen denez, sistema arteko harreman horietan indarrean dauden botere harremanak ere kontuan izan behar dira. Hortaz, euskararen egoera diglosikoak eta literatur sistemaren ahultasunak bere isla izango dute itzulpen prozesuan.
Azaldu dezakezu ELI (Euskal Literatura Itzulia) katalogoa zer den?
Aurrez esan dudan moduan, euskaratik erdaretara itzuliriko liburuen datu-basea da. Kanporako itzulpen horiek aztertzeko erabili dudan tresna nagusia izan da, kanporako produkzioaren ikuspegi orokorra biltzen duena nolabait. Nire asmoa katalogo hori eguneratuta mantentzea da, hau da, euskaratik itzuliriko liburuen erreferentziak jasotzen jarraitzea. Orain arte itzuliriko liburuak soilik jaso ditudan arren, etorkizunean haratago joatea gustatuko litzaidake, eta aldizkarietan, sarean zein antologia eleanitzetan itzuli den oro jasotzea. Horrekin ikuspegi osatuagoa izango genuke.
Euskaratik egindako itzulpenei buruz hausnarketa gutxi zegoen doktoretza hasi zenuenean gaur egungo egoera nola ikusten duzu?
Gaiari heldu nionetik urte batzuk igaro dira eta nik uste gauzak aldatzen doazela denborarekin. Azken urteetan gero eta lan gehiago egiten da euskal literatura kanpoan ezagutazteko. Hasteko eta behin, Etxepare Institutua sortu da, euskal literatura kanporatzeko ezinbesteko tresna egun. Euskaratik itzultzeko diru-laguntzak ere urtero esleitzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretaz gain, EIZIEk ere Idazlea itzultzailearen lantegian itzulpen-mintegia antolatzen du urtero eta bertan euskal idazle baten lana hainbat hizkuntzatara itzultzen da; tresna egokia, inondik ere, kanporako itzultzaileak trebatzeko. Mundu akademikoan ere gero eta gehiago ari gara lantzen itzulpenaren inguruko hausnarketa. Bide luzea dago egiteko oraindik eta bada zer ikertua.
Euskal literaturaren itzulpengintzari dagokionez galdera asko gelditzen dira oraindik erantzuteko, zerbait konkretua aztertzeko gogoarekin gelditu zara?
Bai, horixe baietz, zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta jakinmin handiagoa izaten da. Hasteko eta behin, gaztelaniarako itzulpenari loturik batez ere, autoitzulpenaren inguruan sakontzen jarraitu nahi dut. Tesian idazle bakarraren lanean sakontzeko aukera izan nuen eta haratago jo nahi nuke, idazle ezberdinen joerak identifikatu eta alderatu, esaterako. Bestalde, zeharkako itzulpena aztertzen jarraitzeko asmoa ere badut, noski, guztiz interesgarria baita ez soilik gure eremuan, mundu mailan ere hainbat testuingurutan ikus baiaiteke. Euskaratiko eta euskararako itzulpen joerak alderatu eta horien arteko aldeak ikustea ere interesgarria iruditzen zait. Non ikertua ez zaigu falta.