Dokumentuaren akzioak
Irati Agirreazkuenaga: “Doktoretza egitea erabakitzea maiz ez da ausardia kontua, informazio eza edo ezjakintasun kontua baizik”
Irati Agirreazkuenaga Onaindiak 25 urte ditu eta 2008an Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak bukatu zituen EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Uda hartan, Bilbon kokatutako telebista pribatu batean praktikak egin zituen kazetari laguntzaile legez. Praktika-aldia bukatzean Eusko Jaurlaritzako ikertzaileak prestatzeko beka eskatu zuen doktore-tesia egiteko. EHUko Kazetaritza II Sailean hasi zen ikerketa lanak garatzen, Javier Díaz Noci (UPF) eta Jotxo Larrañaga (EHU) irakasleak tesi zuzendari izanik. Ordutik, komunikazio zientzien baitako adar berritzaileak ezagutzeaz gain, Bilbo, Hanburgo, Glasgow, Cardiff edota Bragan ospatutako biltzar desberdinetan parte hartu du.
Zergatik aukeratu zenuen Ikus-entzunezko Komunikazio karrera? Noiz piztu zitzaizun komunikaziorako zirrara? Eta zergatik letrak eta ez zientziak? Oroitzen zara zure aukeraren arrazoiaz?
Lauro Ikastolan gizarte zientzietan oinarritutako batxilerra hasi nuenean, bi urte iraungo zuen ikastolako azken etapa horretan, gustuko gai baten inguruko ikerketa lana garatzeko eskatu ziguten. Nik irrati libreen afera hautatu nuen; azterketa hau bide, Bilbo eta Uribe Kosta aldeko irrati libreetako langileak elkarrizketatu eta bertako egunerokoa behatzeko aukera izan nuen, izaera horretako irrati batean lan egitearen oztopoak eta abantailak barneratuz; esperientzia oso politak bizi izan nituen. Horrez gain, txikitatik izan dut antzerkia bezalako arte eszenikoen adarrarekiko zaletasuna. Beraz, azkenean nahiak eta beharrak batu eta ikus-entzunezko komunikazioa ikasteko apustua egin nuen.
Ikasketak asterakoan imajinatutakoa topa zenuen? Espero zenuenaren berdina izan zen unibertsitatea?
Egia esan unibertsitatera heldu aurretik ez nuen bertan topatuko nuenaren inguruko uste edo susmo finkorik; unibertsitatea bizitzako etapa berri eta erabat desberdina izango zen, eta beraz ezezaguna nuen edozeri heltzeko prest nengoen. Karrerako lehenengo bi urteak nahiko teorikoak izan ziren, telebistako platoetan izan genituen klase praktikoak alde batera utziz. Hirugarren ikasturtea Ingalaterran egin nuen, University of Worcester-en; klaseak oso teorikoak izan ziren han ere eta azterketak barik essay edo ikerketa lan txikiak egin behar izaten genituen, "Media and Cultural Studies" izena hartzen zuen karreraren baitan. Euskal Herrian bukatu nuen karrerako azken urtea, bakoitzak landu nahi zituen gaiei lotuagoa zegoen. Nik irrati eta telebista adarra hautatu nuen, eta segur aski azken urte hori izan zen gustukoena, bai klase zein irakasle aldetik.
Karrera ikastean zer bota zenuen falta?
Zaila zait sumatutako hutsuneak zehatz azaltzea baina orokorrean esango nuke ikus-entzunezko komunikazio karrera ez dagoela ezarritako profesio batera bideratuta. Hau da, medikuntza edo arkitektura ikasten duenak gutxi asko badaki zertan lan egingo duen; beraz, etorkizuneko lan hori izan daitekeenarekin lotutako gaiak eskainiko dituzte karreran. Alde horretatik, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten dugunok eremu desberdin asko ukitzen dituen ikasgaiak lantzen ditugunez, etorkizunean zertan jardungo garen jakitearen falta sumatzen dugu. Aldiz, aurrekoa kontrajarriz, karrera honetako ikasleak eremu askotako ezagutzak bereganatzen ditugu, honela etorkizunean lan-aukera zabalagoaz gozatzeko aukera izanik. Norberak zertan aritu nahi den erabakitzeko aukera du. Nire klaseko lagunen artetik, bata telebistako kazetaria da, bestea irakaslea institutuan, bestea filmen post-produkzioan lan egiten du, eta beste batzuek hizkuntzalaritzan eta nazioarteko harremanetan topatu dute euren bidea. Hortaz kontua bakoitzaren zaletasunak deskubritu eta horiek lantzeko bide aberasgarrienak topatzea da, gehien gustatzen zaizkigun ikasgaietan zentratuz eta horietarako lan erantsia eginez. Hala ere, egungo ikuspegitik esan dezaket karrerak, beste askok bezala, baduela hutsune garbi bat: Mundu akademikoa ulertzeko ikasgaia. Ikasleak gehienetan eremu hori existitzen denik ere ez daki, kasualitatez ez bada.
Gaur egun, gero eta karrera gehiago euskaraz egiteko aukera dago. Hala ere, zenbait ikasgai eta material euskaratu gabe daude. Zure kasuan halakorik gertatu zen? Ala guztia euskaraz egiteko aukera izan zenuen?
Ez, ikasgai guztiak izan nituen euskaraz.
Zorionez, komunikazioen munduan euskararen erabilera gero eta handiagoa da. Baina orokorrean hizkuntza, zerbait ikasterako orduan, oztopoa izan daitekeela uste duzu? Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzu?
Ez dut uste hizkuntza oztopo izan daitekeenik. Hori bai, ondo aukeratu behar dugu zein hizkuntzatan ikasi karrera hizkuntzak askotan zehazten dituelako gaiak. Hedabideen kasuan, esaterako, ez da berdina albiste bera euskaraz edo ingelesez jasotzea.
“EITB aro digitalean. Kudeaketa estrategikoa konbergentziara bidean” liburua argitaratu berri duzu Jotxo Larrañaga eta EHUko beste irakasleekin batera. Horrez gain, hizkuntza gutxituetan ari diren irrati kazetarien soslaiaz tesia egiten zaude, beste hainbat gauzen artean. Azalduko al zenigun gaur egun zertan zabiltza?
Jotxo Larrañaga-k zuzendutako ikerketan asko ikasi nuen azterketa lan sakon batek izan behar dituen aro, egokitutako metodo, egitura eta prozesuez. Gaur egun hizkuntza gutxituak lanabes dituzten irrati kazetarien profil eta lan ohiturei buruzko tesia idazten dihardut, eta oraingoz Europa mailako bi komunitateetan zentratu naiz, euskaldunean eta eskoziar gaelikoan ondorengo hedabideak hizpide: aski ezaguna dugun Euskadi Irratia eta eskoziar gaelikoz mintzatzen den BBCren baitako Radio nan Gàidheal. Joan den urtean lau hilabeteko egonaldia egin nuen Glasgow-ko unibertsitatean, eta bertan egonik, Inverness (Eskozia ipar mendebaldea) hirira bidaiatu eta bertan aipatutako irrati publikoaren egoitza nagusia bisitatzeko aukera izan nuen. Glasgow-n kokatuta dagoen BBC Scotland-en egoitzan ere izan nintzen; kurioski EITBk Bilbon egoitza zabaldu zuen urte berean, 2007an, ezarri zuten eurek ere beraien egoitza berri eta bateratua Glasgow-ko Pacific Quay zonaldean, konbergentzia prozesu berritzaileak ezarriz. Oro har, bi irratietako kazetarien soslai eta jarrerak aztertzeak, pertsonek beraiek sortutako eta garatutako ikuspegi eta lan ohiturekin harremanetan egotera zuzendu nau, eta hori ikerlari batentzat sekulako aberastasuna da.
Karrera bukatu bezain pronto, ikasle gehienak lan bila irteten dira eta gutxi batzuk zarete doktoratua egitera ausartzen zaretenak. Zergatik erabaki hau?
Ezingo nuke ziurtasunez esan, baina nik uste 20 urterekin Ingalaterran egin nuen Erasmus egonaldiak piztu zidala nolabait ikerketarako grina. Bertan ikasgai bakoitzerako bibliografia bete orrialde ematen ziguten, eta horrekin ikasgaiarekin erlazionatutako gai baten inguruko hausnarketa idatzi behar genuen, ahal eta argumentu gehien eta sendoenekin. Karrerako azkeneko urtea egiten EHUra bueltatu nintzenean, urria aldera Malagan Komunikazioaren inguruko Ikertzaile Gazteen Biltzarra ospatuko zela komentatu zidaten. Horrela, Ingalaterran klaserako egindako lanetako bat eguneratu, gaztelerara itzuli eta bertan aurkeztu zuen. Une hartan Malagarako bidaia egonaldi labur polit bat legez gorde nuen. Baina hara non, handik urtebetera, lan profesionalean neure lekua topatu ezinean, iraganeko esperientzia hori etorri zitzaidan. Hala ere, azpimarratu nahi nuke doktoretza egitea erabakitzea maiz ez dela ausardia kontua, informazio eza edo ezjakintasun kontua da doktoregoa egitea alboratzeko kausa nagusia. Beraz, horretan lan egin behar du unibertsitateak, nahiz eta egia den jada hasia dagoela, esaterako Fakultate bakoitzerako Doktorego Eskolek gero eta presentzia handiagoa dutelarik.
Etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizuke? Ideiaren bat duzu?
Une honetan tesia idazten amaitzea da nire lehentasuna, eta gero gerokoak. Doktoretzaren ondorengo beka post-doktorala eskatzea izan daiteke bideetako bat, lortuz gero, bi urtez atzerriko ikerketa zentro batean egoteko aukera eskuratuko nukeelarik. Bestela ere bidaiatzea da nire asmoa, ezagutza berriak erdietsi testuinguru desberdinetan eta diziplina arteko ikerketak garatu. Horixe da benetan ikerketa bat zinez aberastu dezakeena; soziologia, antropologia, psikologia eta arte eszenikoez gehiago jakin nahi nuke gaien arteko uztartzea batuko duen lana sortuz. Baina nork jakin, geroa beti zaigu ezezagun.