Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Irati Otamendi Irizar: “Ondare industrialak nondik gatozen eta nor garen erakusten digu”

Dokumentuaren akzioak

Irati Otamendi Irizar: “Ondare industrialak nondik gatozen eta nor garen erakusten digu”

2016/04/22 - Unibertsitatea.net
Irati Otamendi Irizar ikertzaile beasaindarra arkitektura industriala ikusiz eta industria horrek herrian zein herritarrengan zuen eraginari buruzko kontuak entzunez hazi zen. “Eraikin industrial horiek betitik deitu didate atentzioa era batera edo bestera baina Arkitektura ikasketak egitearekin batera (Donostian, EHU), begirada teknikoagoarekin agian, arkitektura hauen soiltasunak izugarri erakarri ninduen”. Gero, erasmus bekari esker, Milanen, zaharberritzearen mundua ezagutu zuen eta, miretsita, karrera amaierako proiektuan zaharberritzea eta arkitektura industriala uztartuko zituen lanari ekin zion. Garai hartan, lankidetza-beka bati esker, arkitektura eskolako irakasle den Ezekiel Collantesekin arkitektura industrialaren inguruko ikerketan lehen pausoak emateko aukera izan zuen eta “argi ikusi nuen mundu hori arakatzen jarraitu nahi nuela”. Horretarako, Madrilgo Unibertsitate Politeknikora joan zen ondare arkitektonikoaren zaharberritzearen inguruko masterra egitera eta bueltatu zenetik, doktoretza tesia egiten ari da Eusko Jaurlaritzaren Predoc bekaren laguntzarekin. IkerGazten aurkeztu zuen “Echezarreta paper-fabrika Gipuzkoako industria-ondarearen eredu” artikuluaren inguruan hitz egin dugu berarekin.

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?

 

Hasteko, Echezarreta paper-fabrikaren azterketak Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko aukera ematen du. Gainera, industria-ondareak egun bizi duen egoera zailaren eredu ere bada; ondare ikuspegitik baliotsua izateaz aparte, berrerabiltze aldera baliagarria izanda ere, eraitsia izateko arriskuan baitago.

 

Industriak izan duen lekua eta eragina ezagutzera ematea da zure helburua; hain zuzen, Legorretako Echezarreta paper-fabrikaren kasua adibide gisa hartuta. Ezagutzen ez dugunontzako, zein da eredu horren ekarpena?

 

Papergintza, Gipuzkoan -eta bereziki Oria bailaran-, XIX. mendetik garatutako industria sektore garrantzitsuenetako bat izan zen eta Legorretako Echezarretak, mende batetik gorako ibilbidearekin, Tolosa hiriburutzat hartu zuen jarduera industrial horren berri ematen digu: nola sektorearen zein ekoizpen moduen bilakaerari buruz, hala arkitektura horien ezaugarriei buruz, adibidez.

 

Bestalde, industria ezberdinen garapenean errepikatzen diren ezaugarri edo egiteko moduen erakusle ere bada kasu hau:

 

Gipuzkoan, lau ibai-ibilgu nagusien inguruan garatu zen industria, besteak beste, ura funtsezkoa baitzen energia sorrerarako zein ekoizpenerako lehengai gisara. Zentzu horretan, ohikoa zen bezala, Echezarretak errota zein burdinola ezberdinen azpiegitura aurreindustrialak baliatu zituen bere fabrika modernoa garatzeko.

 

Gainera, fabrika modernoak izan behar zuen irudiari dagokionez, Echezarretakoan ere, garaiko industrialarien ikuspegi zein egiteko moduak identifikatzen dira. Enpresaren “irudi korporatiboa” zaintzeko lehen elementua fabrika bera zela ulertuta, arkitekturaren kalitateari garrantzia handia ematen zitzaion eta horren eredu da, besteak beste, Legorretako fabrikako bulego eraikin modernoa, Fernando Redón Huici arkitekto nafarrak diseinatutakoa.

 

Eta, fabrikatik harago, industrialari hauek sustatuta, gure herri eta paisaien bilakaeran garrantzitsuak izan diren ekimenen adibideak ere barne hartzen ditu kasu honek. Esaterako, fabrikako langileei etxebizitza eskaintzeko eraikitako “Echezarreta auzoa”, edo familiaren Ordiziako lurretan eraikitako Herri Antzokia, Gipuzkoan arkitektura arrazionalistaren lan esanguratsuenetakoa.

 

Azkenik, aipagarria da fabrika honi erlazionatuta, balio handiko ondare higigarri zein dokumentala aurki daitekeela: Babcock & Wilcox etxeko 1951ko galdara (segur aski mota eta antzinatasun honetako bakarra EAE mailan) eta fabrika horretan jardun zuten 3 paper-enpresen dokumentazioa.

 

Industriarik gabe ez ginateke gaur garena izango, ezta? Hori gogoan hartuta, ondareari dagokion balioa ematen al diogu?

 

Gure herrien, paisaien eta baita gizartearen bilakaeran ere industriak eragin handia izan du, beraz, argi dago ez ginatekeela gaur garena izango (onerako eta txarrerako, agian, baina garena) industriarik gabe. Zentzu horretan, ondare industrialak nondik gatozen eta nor garen, garai bakoitzean nola eraiki den edota industria prozesuek zein aldaketa izan dituzten erakusten digu besteak beste; eta, gainera, berrerabilgarriak diren espazioak eskaintzen dizkigu etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko. Baina, tamalez, oraindik ez dugu hau guztia sinetsi edo barneratu ez…

 

Gaur egun, ondare industrialaren inguruko ikerketak egiten ari al gara Euskal Herrian?

 

Arlo honetan gero eta ikerketa gehiago garatzen ari dela esango nuke. Halere, duela gutxira arte historialariak aritu dira batez ere gai honen inguruko ikerketan eta, egun, arkitekturaren ingurukoak ugaritzen ari diren arren, diziplina ezberdinetara zabaltzea funtsezkoa dela uste dut, ikuspuntu ezberdinetako jardunetik erantzun osoagoa eman ahal izateko bere barne hain errealitate konplexua hartzen duen gai honi.

 

Industria-ondarea ez dela aintzatesten diozu, zein urrats eman beharko lirateke egoera iraultzeko?

 

Oinarrizkoa iruditzen zait, hasteko, gai honen bueltan dakigun hori eta baita ikertzen dena ere gizarteari (eta baita administrazioei ere) helaraztea, transmititzea, irakastea. Gure gertuko historiaren parte bada ere, uste dut ezagutza falta nabarmena dagoela gai honen inguruan eta ezagutzen ez dena ez da sekula baloratzen.

 

Industrializazioa iraganean garapen-bide izan zen, gaur egun ondare; aldiz, etorkizunean, zer paper izango du zure ustez?

 

Ez dakit zer paper izango duen baina nire ustetan industrializazioak utzitako eraikin hauek paper garrantzitsua izan dezakete. Eraikin industriala, sortzetik, datozen aldaketetara moldatzeko premisarekin eraikitzen da, espazio moldagarriak dira orokorrean eta ondorioz, berrerabiltzeko potentzial handikoak. Beraz, saia gaitezen etorkizun jasangarriagoa eraikitzen eraikin hauek berrerabiliz, eta bide batez, gure aurrekoenari jarraipena emanez ondare hau guztia hurrengoengana iristea ahalbidetuz.

 

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea?

 

Erantzun bila hasi eta galdera berri ugari sortzea, betikoa betaurreko berriekin ikustea eta biharkoari begira gure betaurrekoekin ikusten dena guztien begietara iristeko nahia izatea.