Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iratxe Perez: "Osasun politikaren aldaketak etorkinen osasunean negatiboki eragin zuen eta kezka horrek eraman ninduen tesia egitera"

Dokumentuaren akzioak

Iratxe Perez: "Osasun politikaren aldaketak etorkinen osasunean negatiboki eragin zuen eta kezka horrek eraman ninduen tesia egitera"

2018/09/13 - Unibertsitatea.net
Iratxe Perez erizaina da ikasketaz. 2015ean ekin zion doktorego tesiari eta 2019rako bukatuta izatea da bere erronka.

Iratxe Perez Barakaldon jaio zen (1983) baina Bilbon bizi izan da beti. Erizaintza ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta gero Gizarte eta kultura antropologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Beranduago bi master burutu zituen, Nazioarteko Kooperazioaren gaiari lotutakoa bata eta Feminismoa eta genero ikuspegiei buruzkoa bestea.

Osakidetzan Erizain moduan lanean aritutakoa da eta 2011n, praktika-beka batekin FAO Malawi-n egon zen 10 hilabetez lanean. 2013az geroztik, UPV/EHUren Leioako Erizaintza departamentuan egiten du lan. 2015ean, doktoretzarako matrikula egin zuen eta horretan dabil orain. Bere asmoa 2019ko lehenengo hiruhilekoan tesia defendatzea da.

 
Osasun Politikaren aldaketak Euskal Herriko etorkinengan izan duen eragina aztertu duzu zure doktorego tesian. 2012an onartu zen Osasun politika berriak etorkinei osasun zentro publikoetarako sarbidea zaildu diela diozu.

Bai, hala da. 2012. urtera arte autonomia erkidego guztiek osasun zerbitzuetarako sarbide unibertsala eskaintzen zuten. Alegia, Espainiako edozein herrialdetan gutxienez 3 hilabetez erroldatuta egon behar zen osasun publikoan atentzioa jasotzeko. Honetan, Espainiak, Europar Batasuneko beste herrialdeekin alderatuta oso politika aurrerakoia zeukan.

Baina 2012an Espainiako gobernuak dokumentaziorik gabeko etorkinentzako osasun zerbitzuetarako sarbidea asko zaildu zuen legea aprobatu zuen. Horren aurrean, Euskadik, erdibide legala hartu zuen eta errolda aldia 3 hilabetetik urte batera aldatu zuen.

Politika aldaketek etorkin askoren osasunean eta atentzioa lortzeko aukeran negatiboki eragin zuten. Hori ikusita haien osasun egoerarekiko nire kezka handitu egin zen eta datuak biltzeko aukera nuela ikusita tesi gai bezala planteatu nuen.

Zeintzuk dira etorkinek gaur egun Osakidetzan sartzeko dituzten oztopoak?

Etorkin guztiek ez dituzte oztopo berdinak. Tesian, baliabide urriekin datozen etorkinei buruz ari gara. Europatik edo turista bezala datozen horien sarbidea arau eta hitzarmen desberdinekin arautzen baita. Hala ere oztopoak egon badaude.

Osasun zentroetako langileen eta etorkinen arteko komunikazio faltak, hizkuntzak eraginda, etorkinen sarbidea edo osasun arreta bertan behera geratzea ekarri dezake.

Sarbiderako lege eskakizunak betetzea zaila da etorkin askorentzat, eta batez ere legezko dokumentaziorik ez dutenentzat. Gainera, etorkinek osasun eskubide eta sistemari buruz daukaten ezagutza gehienetan nahiko eskasa da. Horrez gain, etorkinen sarbiderako araudiak supuesto asko planteatzen dituenez, batzuetan osasun zentroetako langileek ez dute informazio osoa ematen edo prozedura behar bezala betetzen.

Legezko dokumentaziorik ez dutenek osasun sistema publikora joateko beldur dira askotan, Osasun zentroek immigrazio instituzioekin kontaktua izan dezaketela uste dute. Gainera, badaude osasun zentroetan jarrera eta komentario arrazistak jaso dituztela adierazi duten etorkinak.

Dena den pertsona hauen sarbidea errazten duten gizarte erakunde eta zentroetako langile sentsibilizatuek badaude. Hauek etorkinei dituzten eskubideei buruzko informazioa eta laguntza eskaintzen diete.

Osasun zerbitzu publikoetatik baztertuak diren etorkinei zerbitzu emateko zentro sozialak sortu behar izan dira.

Bilbon, ezaugarri hauetako lau zentro daude: Munduko Medikuak duen lehenengo arreta mailako kontsulta eta 3 modulu psiko-sozial. Lehenengoan, osasun zerbitzu publikoetatik kanpo geratzen den edozein etorkini osasun arreta eskaintzen zaio. Azken 10 urtetan, 10.000 kontsulta inguru izan dituztela ikusi dugu tesian. Gainera, gizarte-langileek kasurik kasu sarbide eskubideei buruzko informazioa eta laguntza eskaintzen dute.

Modulu psiko-sozialek edozein emakumeri arreta ginekologikoa eskaintzen diote eta modulu batek, emakume etorkinentzako programa berezia ere badu.

Oso lan ona egiten duten arren, ez dut uste mota hauetako zentro sozial gehiago sortzea konponbide egokia denik. Osasun zerbitzu publikoetan edonork arreta jasotzea da lortu behar dena.

Gaur egun egoera normalizatzeko pausoak ematen ari dira?

Bai. Gobernu espainiar “berriak” sarbide unibertsala berreskuratzeko legea aurkeztu du uztailean. Eta Eusko Jaurlaritzak ere aurrerapauso handiak ematen hasi da azken urte erditik hona. 2012. urtetik egoera asko hobetu da.

Hala ere, lehen esan bezala, etorkinek dituzten beste oztopoetan ere aurrerapausoak eman beharko lirateke haien sarbidea eta atentzioa guztiz hobetzeko.

"Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 3. edizioan parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Lehiaketaren berri izan nuen nire lankide batek 2014ko edizioa irabazi zuelako. Parte hartzea interesgarria iruditu zitzaidan tesiari buruz era desberdin batean pentsatzeko aukera ematen duen ekimena dela uste dudalako. Gainera hainbeste ikertzaile euskaldunekin topo egiteak sakonki poztu ninduen.

Suediatik zabiltza orain.

Nazioarteko tesiko egonaldiak egiten nabil Umea University-n, Suedia iparraldean. Gainera, zuzendarikide euskaldun bi ere baditut bertan.  
Esperientzia akademiko eta pertsonal asko bizi izan ditut Suedian. 2015eko urrian joan nintzen lehenengo aldiz eta orduz geroztik ahal dudan guztietan joaten naiz. Nazioarteko doktoretza programa oso potentea dute bertan eta leku askotako lagun berriak ditut egonaldiei esker.

... eta aurrera begirako erronkak, zeintzuk dituzu?

Epe laburrerako erronkarik argiena tesiaren depositua eta defentsa egitea da, baina lan asko geratzen zait oraindik ere horretara iristeko. Eta bukatzerakoan... bidai handi bat egitea gustatuko litzaidake, munduko mirari eta askatasunaz gozatzeko.

Lanari dagokionez, aukera izanda unibertsitatean leku bat topatzea nahiko nuke, gustuko lana baitut.

txiotesia,elkarrizketa