Dokumentuaren akzioak
Itxaro Perez: "Laborategi xumeetan ikerketa onak egiten dira, baina lotsagarria da geroz eta laguntza gutxiago izatea"
Ikerkuntza odolean darama Itxaro Perez ikertzaileak (Beasain, Gipuzkoa, 1981). UPV/EHUn Biokimikako ikasketak egin zituen, eta ikerketa hain errotuta du, non odolaren trazari jarraiki, proteina jakin batzuen aldaketak aztertu dituela minbizia goizago hauteman ahal izateko. Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia Sailean egin zuen ikerketa hori, eta 2011. urtean doktoratu zen.
Ikertzaileek egiten dituzten lanak ezagutarazi behar direla iritzita, 'Txiokatu zure tesia 6 mezutan' lehiaketan (#txiotesia) ere hartu zuen parte. "Txiolari originalena" saria irabaztea ezustekoa izan zen harentzat. Irakaskuntzak ikertzen aritzeko denbora kentzen badio ere, ikerketa buruan du, nahiz eta ez nahi bezainbeste.
'Peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko neoplasietan' izeneko tesia egin zenuen orain hiru urte. Gaian aditu ez den bati zuzenduz, zer da jorratu duzuna?
Ez da erraza tesia modu sinple batean azaltzea, baina saiatuko naiz. Azken finean, proteina desberdinen aktibitateak neurtu ditugu heste lodiko minbizia duten gaixoetan. Ikerketa hauek gaixoaren heste lodiko ehun edo organu osasuntsuaren zatitxo batean, adenoma edo polipoan eta heste lodiko tumorean egin dira. Bestalde, gaixoaren odolean ere neurtu dira proteina hauen [peptidasak] aktibitateak, gaixotasuna ez dutenen odolarekin konparatzeko.
Hau guztia minbiziaren sorreraren nolabaiteko jarraipena edo ikerketa egiteko intentzioarekin; hots, heste lodi osasuntsuak, adenomak eta adenokartzinomak osatzen duten sekuentzia ikertzea da helburu.
Emaitzetan esan dezakegu peptidasa hauen aktibitateak aldaketak jasaten dituztela, eta, beraz, posible da peptidasa hauek eraginen bat izatea minbiziaren sorreran.
Ikertutakoak minbizia azkarrago detektatzeko eta pronostikoan laguntzeko balio duela diozu. Badakizu praktikan jarri ote den ospitaleren batean? Hala bada, ze emaitza izan ditu?
Guk egiten dugun ikerketa oraingoz, behintzat, oso oinarrizkoa da. Klinikarekin kontaktuan gaude, eta elkarlanean ari gara, baina oso goiz da. Ikerketa gehiago egin behar dira oraindik ospitalera erabilgarri diren edozein teknika edo aplikazio eramateko. Hala ere, esan behar da ikertu ditugun proteinetako batzuk markatzaile tumoralak direla, edo beste batzuk, adibidez, dagoeneko hipertentsioa kontrolatzeko medikamendu bezala erabiltzen direla.
Proteina hauek minbiziaren sorreran eragin garrantzitsu bat dutela zehazten bada, gaixotasunaren diagnostiko goiztiarrean lagunduko luke, eta noski, pronostikoan.
Neketsua izan da ikerketan aurrera egitea?
Gure ikerketa lerroaren atzetik urte asko daramatzan lan talde zabala daukagu, nahiz eta gure ikerketa lerro horrek aurki 10 urteko ibilbidea soilik egingo duen. Esperimentazioaren atala izan da neketsuena tesiari dagokionez, zerbait esatearren, baina, hala ere, emaitza oso onak lortu ditugu, eta ari gara lortzen.
Lehen pausoak sendoak izan dira, eta bi tesi atera dira emaitza horiekin lotuta. 15 artikulu zientifikotan argitaratu ditugu emaitzak, eta pauso horiek egokiak eta giltzarri izan dira orain egiten ari garena eta gerora egin nahi duguna gogotsu egin ahal izateko. Susmoa dut, hala ere, gero egin beharko dugun ikerketa izango dela nekeza.
#txiotesia lehiaketan txio originalenaren saria irabazi zenuen. Tesiari dagokionean, lehiaketa horrek zertarako balio izan dizu? Zergatik hartu zenuen parte? Era horretako ekimenetan parte hartzea beharrezkoa dela deritzozu?
UEUk aurkeztutako ekimena izugarri ona zela iruditu zitzaidan, benetan. Arrisku pixka bat zuela pentsatzen nuela aitortu behar dut, gaizki atera zitekeena: ikerlariak laborategian sartuta egoten garelako, eta gure laborategiko lana asko ez dugulako ematen ezagutzera. Horregatik, aurkeztu nuen nire #txiotesia: alde batetik, laborategiko lotsa, babes eta ziurtasun horri aurre egiteko, eta bestetik, horrelako ekimen batek ez lukeelako emaitza txarrik izan behar.
Gerora ikusi dut, pozarren, ekimenak oihartzun handia izan duela. Pozgarria izan zen oso horrenbeste jende parte hartzen ikustea, arlo guztiz desberdinetatik zetozen tesiak plataforma handi batean elkartuta ikustea, eta guztiok hizkuntza berean, euskaraz, aritzea. Ahaztezina.
Hori bizitzeak jada alaitu eta emozionatu ninduen, bada #txiotesi originalenaren saria irabazteak, zer esanik ez. Ez nuen inola ere espero. Erraz eta sinple azaldu nahi izateko intentzioarekin bihurtu zen ipuin batean, eta ongi atera zen. Oso gustura nago lehenbiziko lehiaketa honetako parte izateagatik. Ilusio handia egin zidan sariak.
Ikerketa da zientziaren garapenaren oinarri?
Bai, hizki larriz, dudarik gabe. Zientziaren garapena eta aurrerapenak nahi baditugu, ikerketak beharrezkoak eta ezinbestekoak dira. Edozein laborategi xumetan ikerketa onak egiten direla badakigu, eta laguntzak eta dirua bertara iristen ez bada, nekez iritsiko dira emaitza horiek dibulgatzera edo ezagutzera. Ez dut ulertzen nola ez den diru gehiago ematen horrelako kasuetarako. Eta alderantziz: laguntzak gero eta gutxiago dira, lotsagarria.
Amaitzeko, egun, Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan (Bizkaia) zabiltza irakasle lanetan. Klaseak emateaz gain, baduzu zabalik ikerketa lerrorik?
Bai, ikeketa lerroak jarraitu egiten du. Egia da ni klaseekin lanpetuago nabilela, eta nik hala nahi ezta ere, alde batera utzi izan dudala laborategiko lana. Baina ikerlari bikainak ditugu guk hasi genuen ikerlana jarraitzen, eta izugarrizko lana egiten ari dira helburu eta proiektu berriekin.
Peptidasa hauen aktibitatea eta gaixoaren bizi iraupenaren arteko erlazioak ikertu ditugu, eta emaitza batzuk argitaratuta daude dagoeneko. Orain, teknika gehiago aplikatzen ari gara ikerketa sakonago bat eginez. Hori bai, emaitzak ikusteko daude.
Peptidasa hauek minbiziaren sorreran eta garapenean erlazioa dutela finkatzeko hazkuntza teknikak aplikatzen ari gara, eta nola ez, peptidasen eraginaren bide metabolikoa argitzea ere gustatuko litzaiguke gerora.
"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du"