Dokumentuaren akzioak
Koldo Díaz Bizkarguenaga: "Gazteek kalean aurkitzen ez duten espazio pribilegiatua dute Facebooken"
Gizartearen aldaketak gertutik jarraitu ditu betidanik Koldo Díaz Bizkarguenagak (Bilbo, 1985). UPV/EHUn Soziologian lizentziatu zen eta 2010. urtetik hona doktorego-tesia lantzen dabil Nor ikerketa taldean; hain justu, "Euskal identitatearen garapena XXI. mendearen hasierako gizartean: Facebook eta gazteen praktika sozialak" izenekoa.
Bere ikerketa ibilbidean Bartzelonan, Kanadan, Oxforden eta Argentinan ere izan da eta gaur egun gainera irakasle lanetan dabil Mondragon Unibertsitatean. Honez gain, UEUko Soziologia sailburua ere bada.
Ezer baino lehen, nola definituko zenuke euskal identitatea?
Hau izan da doktorego-tesian aurkitu dugun erronka nagusia. Lehenik eta behin, euskal identitateaz hitz egitean plano diferenteak banatzearen garrantzia azpimarratu beharra dugu; izan ere, plano ideologiko pertsonal batetik, politiko batetik, etnosoziologiko batetik edota soziologiko batetik aritzean hurbilpen oso desberdinak izango ditugu.
Egunerokotasuneko harreman sozialen azterketa soziologikoa egin dugun aldetik, euskal identitatea zer nahiko genukeen izatea edota nola izan beharko litzatekeen proposatzea albo batera uzten saiatu gara eta, modu horretan, [euskal] identitatea soziologiko defini ezina dela formulatzera heldu gara. Stuart Hall edota Judith Butlerren ekarpen teorikoak jarraituz, identitatea eta, gure kasuan, euskal identitatea esangura soziologikoz bete ezin daitekeen ikerketa objektua dela proposatzen dugu. Sozialki definizio anitz ematen diren arren, esaterako, euskara, lurraldetasuna edota abertzaletasuna kasu, soziologiatik ezin dezakegu erantzun bat gainontzekoen aurrean lehenetsi.
Batetik, herri identitatea definitzeko eskubidea biztanleriari dagokiolako, eta soziologiaren lana gizartea entzun eta aztertzea dela uste dugulako eta ez dimentsio goren batetik erantzunak ematea. Izan ere, bigarrenik, plano soziologiko batetik [euskal] identitatea etengabeko eraikuntzan eta negoziazioan dagoen ikerketa objektua izanik hori definizioen bidez gelditzea ezinezkoa da, beti gizartearen pausu bat atzetik ibiliko ginateke eta.
Azkenik, inguratzen gaituzten gainontzeko herri identitateekin analisi konparatibo bat eginaz, frantziar zein espainiar identitateak definitzen ez direla ikusi dezakegu: estatuaren mekanismoen babesa izanik, legalki objektibatzera, hau da, etorkinek igaro beharreko frantsestasun edota espainiartasun azterketek erakusten duten moduan, heldu dira euren herri identitateak. Plano politiko batean Euskal Herriak estatu bat izan ez arren, akademikoki inguruko estatuen jokabide berdina hartu beharra dugu, eta, horregatik guztiagatik, euskal identitatea soziologikoki definitu ezin dela eta behar ez dela defendatzen dugu.
Gazteek euskal identitatea sarean nola eraikitzen duten aztertu duzu tesian. Internet euskal identitatearen sorkuntzan iraultza izan da?
Dudarik gabe. Internet aldi berean tresna eta espazio bat den aldetik, euskal identitatea eraikitzeko medio eta gune bat eskaintzen du, eta bigarren ezaugarri hori da gure ustez garrantzitsuena: aurrez aurre ez bada ere, biztanleek elkar aurkitzeko espazio bat dute, muga geografikoak gainditzen dituen hodeiean euskal identitate erreferenteak konpartitzeko aukera dute.
Hala ere, Interneten iraultza eta berritasuna aipatzean, azpimarratzekoa da, gure ustez, ez dela espazio eta tresna horren bidez eraikitzen den euskal identitate eredua berria: espazio onlinean eta offlinean eraikitzen den identitatea desberdina ez dela, alegia. Maiz sarea eta kalea banatzen dira edota Internet bizitza errealaren isla bezala ulertzen da. Edgar Gómezen "hiperesapazio” kontzeptua eta Daniel Millerren “harreman sozio-teknologikoak” kontzeptuak jarraituz, egun, online eta offline espazio eta harremanak aldi berean ematen direla esan dezakegu eta, beraz, bi esparrutan eraikitzen den identitatea bat eta bera dela proposatu dezakegu erabilitako tresna eta jasotako eragin estrukturalak desberdinak izan arren.
Sareak eguneroko bizitza barnebiltzen duenaren adibide argia telefono mugikorren kasuan dugu: gailu horretara heltzen diren Facebookeko, Twitterreko edota Whatsappeko mezuak gure eguneroko elkarrizketetan murgildu dira, eta, askotan, elkarren aurrean gauden arren, telefonoaren bestaldean dagoenari arreta gehiago ematen diogu.
Era berean, orain arte Internetez aritu gara, baina lehen aipatutako Daniel Miller eta Don Slaterrek erakusten duten moduan, Internet bat eta bakarra ez dagoela azpimarratu beharra dugu. Izan ere, logika, arkitektura eta izaera aski desberdinak dituzten plataformak aurkitzen ditugu sarean, eta, gainera, herriaren arabera edota genero, arraza edo adinaren arabera, Interneti ematen zaizkion erabilera anitzengatik ikerketa oso zehatzak egin behar ditugu. Horregatik, aurreko galderarekin lotuz, euskal identitatearen eraikuntzan zentratzea erabaki dugu eta ez definizioan: definizio bat eman ezin dezakegun arren, eraikuntza sozial desberdinak aztertzeko eta ulertzeko aukera dugulako.
Euskal identitatearen sareko eraikuntza, zehazki, Facebooken aztertu duzu. Zergatik Facebook?
Euskal identitatetik abiatuz heldu nintzen Internetera. 2009an egindako ikerketa batean, gazte koadrilak, Bilboko alde zaharra eta euskal identitatea ardatz izan zuena, gazteek tresna eta espazio horren garrantziaz ohartarazi gintuzten, eta euren argibideak jarraituz, euskal identitatearen eraikuntzaren ikerketa espazioa aldatzea erabaki genuen.
Hasiera batean, IKTak aztertu nahi genituen, eta ikerketa mugatuz, online sare sozialetara heldu ginen: sare sozial batetik, koadrilatik, online sare sozial batera igarotzeko hautua egin genuen. Garaiko datuak eskura, Facebook gazteen artean ezagunena zela ohartu ginen, eta, horregatik, online sare sozial horretan eta ez beste batean murgiltzea erabaki genuen; alegia, euskal identitatearen eraikuntza online sare sozialetan nola ematen den aztertzeari ekiteko masiboenetik hastea erabaki genuen. Gainera, garai hartan ez nuen Facebook konturik, izan ere, nire lagunek euren bizitza pertsonala pribatua zen enpresa batean/bati zergatik kontatzen zuten/zioten jakiteak jakin-min handia piztu zidan.
Facebooken murgiltzean, beste online sare sozial batzuk eskaintzen ez duten hipertestu mota argia —argazkia, testu idatzia eta bideoak uztartzen dituen testu mota— aurkitu genuen, eta, gainera, enpresa pribatu horrek mugatzen duen espazioa bereziki interesgarria iruditu zitzaigun: horman eduki bat utzi, eduki hori modu iraunkor batean ikusgai geratu, eta lagunek komentatzeko aukerak muga geografikoez gaindi konpartitu daitekeen espazioa edota territorioa modu argiago batean ulertzea ahalbidetu zigun.
Era berean, egunerokotasuneko harreman sozialak aztergai izan dugun doktorego-tesi horretarako Facebookek lagunen arteko harremanak aztertzea ahalbidetu digu: testu mota ez oso hausnartuak eta bat-batekoak aurkitzeko aukera izan dugu online sare sozial horretan, eta horrek egunerokotasuneko euskal identitatearen eraikuntza sozialaren berri eman digu.
Beste online sare sozial batetik hastea erabaki izan bagenu, ziurrenik, beste emaitza batzuk lortuko genituzke, baina euskal identitatea, modu batera edo bestera, eraikitzen dela ia ziurtzat ematen dugu; gakoa eraikuntza moduan eta online sare sozialaren eragin estrukturalean egongo litzateke.
Orain arte euskal identitatea eremu geografiko batean eraiki izan dela diozu, eta, orain, berriz, espazio ez geografiko batean eraikitzeko aukera dagoela. Euskaldunak, beraz, euskal identitatea bi eremuetan ari dira sortzen? Uztargarriak dira?
Erabat. Aurretiaz esan bezala, herri identitatearen eraikuntza espazio, tresna, mekanismo, logika eta baldintza estruktural desberdinen bidez ematen bada ere, euskal identitate eredua berdina da: identitatea dinamikoa, kontingentea eta aldakorra dela onartzen badugu, euskal identitate eredu berriez baino, euskal identitate eraikuntza desberdinez hitz egin beharko genuke.
Orain arte herri identitatea eraikitzeko lur geografiko bat derrigorrezkoa zen: estatua, nazioa edota diasporako egiturak, euskal etxeak kasu. Gaur egun, ordea, Internetek sortzen duen hodeiean, lur geografikorik okupatzen ez duen espazio batean eraiki daiteke herri identitatea, eta gure kasuan, euskal identitatea. Beraz, estatuen mugez gaindi euskal identitatea eraikitzeko lurralde pribilegiatua da zentzu antropologikoan, lur geografikoaz gain, muga sinboliko eta sozialez mugatuta dagoen espazioa baita.
Hala ere, ideia horrek ez du esan nahi Internet espazio askea denik, ezta lur geografikoak baldintzatzen ez duenik ere. Batetik, gaur egun Interneten ematen den kontrol soziala edota behatuta sentitzearen sentsazioa jakintzat ematen da gizarte zientzietan. Danah Boydek horri panoptiko digitala deritzo. Horregatik, Manuel Castellsek proposatzen duen “autonomia espazioaren" nozioa erabiltzen da espazio askea beharrean. Bestetik, euskal identitatearen eraikuntza espazio onlinean —lur geografikotik gaindi— egin daitekeen arren, euskal herritarra hodeira konektatzen den mapako kokapenaren arabera, euskal identitatearen eraikuntza aldatzen dela ezagutu dugu atzerrian dauden gazteei esker.
Lehenik eta behin, estaturik gabeko herri batean bizitzean, Interneten euskal herritar gisa hainbat eskubide ez ditugula azpimarratu beharra dugu, .es edo .fr bezalako bi digituen bukaerak izan edota Facebooken euskal herritar gisa erregistratzea kasu. Bigarrenik, munduan zehar barreiatuta egon den gazte talde batekin egindako etnografia digitalak erakutsi bezala, Txinan, Indian edota Islandian zeuden gazteek lekuan lekuko eragin offline estrukturalak medio, euskal identitatearen eraikuntza desberdina egiten zuten, hainbat euskal erreferenteei garrantzi berezia emanaz.
Maparen offline dimentsioa eta hodeiaren online dimentsioa uztartuz, eta betiere Joseba Kamioren “Nazio digitala” kontzeptutik abiatuz, Herri digitalaren ideia proposatzen dugu tesian: harreman sozioteknologikoak eta hiperespazioak nagusi diren errealitate sozial batean eraikitzen den herri identitatea eta herriaren lurralde-dimentsioak aztertzeko, hain zuzen ere.
Tesian parte hartu duten gazteek Facebooken dagoen kontrol soziala salatu dute, baina euskal identitatea sortzeko espazio pribilegiatua dela ere badiote. Ez da kontraesankorra?
Tesia egiteko orduan, hainbat ustezko kontraesanekin aurkitu gara. Baina, azken finean, zera ikasi dugu: errealitatea ulertzeko eta aztertzeko gai ez garenean, maiz, euskal gazteek edota euskal gizarteak dituen praktikak aztertu eta ulertu beharrean, egoera horiek kontraesankor moduan identifikatzen ditugula. Eta egoera hori honen adibide argia izan da: hasiera batean ezin genuen ulertu zergatik gazteek enpresa pribatu batean/bati euren bizipenak kontatzen zituzten/zizkioten eta geroago ezin genuen ulertu zelan aske sentitu zitezkeen euren datu pertsonalak ustiatzen dituen enpresa pribatu batean.
Joseba Sarrionandiaren “Territorio libreak” olerkiaren bidez, apur bat hobeto ulertu genuen egoera hori. Izan ere, gazteek Facebookeko kontrolpeko espazioan, kartzelan bezalaxe, euskara edota beste euskal identitate erreferenteen bidez, lurralde propioak sortzeko aukera dutela azaldu digute; hemen, berriro ere, muga geografikoak gainditzearen garrantzia agertzen zaigularik. Gainera, gazteek eurek esan bezala, kalean aurkitzen ez duten egoteko eta egiteko espazio pribilegiatua dute Facebooken: kalea erakundeek araututa eta monopolizatuta dagoen bitartean, gazteek espazio horretan eta tresna horren bidez, aurrez aurre ez bada ere, lagunekin elkar aurkitzeko espazio bat bizi dute. Beraz, gazteek kalean ematen den kontrol soziala online espazio horretan ere aurkitzen dute, baina Facebooken edozein momentutan eta edozein lekutan espazio hori bete dezakete, eta, gainera, aurrez aurre ez bezala, hitzez, irudiz edo bideoz euren lagunekin komunikatu.
Beraz, kontraesankorra dirudien arren, kontrolpeko espazio batean lurralde propioak sortzen dituzte: batetik, euskal identitate erreferenteak konpartituz eta imaginario konpartitu berdina betez, eta, bestetik, tresna horrek eskaintzen dituen baliabide guztiengatik aurrez aurreko harremanetan ez duten espazio bat dutelako.
Euskal Identitatearen eraikuntza birtual horretan, euskarak ze presentzia du?
Birtual eta errealaren arteko banaketa beharrean, online eta offline dimentsioen arteko bereizketa erabili dugu tesian zehar. Izan ere, 80eko hamarkadan “jolas birtualen” inguruan egindako ikerketek demostratu zuten bezala, “errealitate birtual” horrek ondorio “errealak zituen”. Banaketa hori, gainera, espazio bakoitzak ezartzen dituen logika, eragin eta baliabide desberdinen arabera egin behar dugu, beste behin ere, egun bi espazioak uztartuta baitaude egunerokotasunean.
Euskararen kasuan, beraz, Interneten duen presentzia plataforma desberdinek ezartzen dituzten baldintza eta euskaltzaleek egiten duten erabileraren arteko harremanak ezartzen du batez ere. Hau da, orain arte aztertu diren beste espazio eta tresna batzuetan bezala, hala nola, kalean, eskolan edota telebistan, tentsio bat ematen da estrukturaren baldintzak eta gizartearen praktiken artean, eta, horregatik, euskara eta Interneten inguruan erantzun borobilak eman beharrean, lehenik eta behin, aurretiaz aipatutako beste kasu horietan egin bezala, gaia sakonki ikertu behar dela deritzogu.
Tesi honetan, aurretiaz aipatu bezala, Interneteko plataforma guztietatik Facebookera mugatu egin gara, eta, kasu honetan, batetik, euskal erabiltzaileei esker, online sare sozial horretan euskaraz aritzeko aukera dagoela azpimarratu beharra dugu. Dimentsio sozial batetik, behaketa ez parte hartzaileari esker eta gazteen testigantzei esker ezagutu bezala, gazteek euskara modu freskoan erabiltzen dutela ezagutu dugu. Hau da, arau ortografikoak gainditzen dituzte, hitz egiten den moduan idazten den online sare sozial horretan, eta hori, hein handi baten, Facebook lagunez osatuta dagoelako gertatzen da: lagunekin egoteko espazio pribilegiatua den horretan, arauak hautsi, euskara barneratu eta horrekin jolasten baitute zenbait gaztek.
Era berean, atzerrian dauden euskal gazteen kasuan ezagutu bezala, Euskal Herritik kanpo egon arren Facebooken bidez euskaraz aritzeko aukera dute. Horrek, berriro ere, Interneten bidez gure herriaren muga geografikoak gainditzen direla erakusten du, eta, era berean, baita euskararen erabileraren azterketak egiterakoan kontuan hartu beharreko beste dimentsio bat identifikatu ere: online eta offline espazioak uztartuta dauden herri honetan, euskararen erabilera (atzerritik) Interneten aurrez aurreko harremanak nola eragiten dituen, hain zuzen ere.
Tesia aurkeztekotan zaude, baita unibertsitateko irakasle lanetan ere. Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, lau urte luzeren ostean, gai baten inguruan ibili eta gero, asko dira agertzen diren proiektuak. Hala ere, momentu honetan, nahiago dut oporretan pentsatzea, orain arte egindako lanaz hausnartu, baloratu, tarte bat hartu eta proiektu horiei behar bezala ekin ahal izateko.
"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du"