Dokumentuaren akzioak
Amaia Alvarez: "Mikromatxismoaz aritzen gara tarteka, nahiz eta betiko matxismoak bizirik irauten duen"
Zeintzuk dira zure tesiaren lerro nagusiak?
Genero identitatea eta nazio identitatea ikertu nahi nituen Katalina Eleizegi euskal idazlearen antzezlanetan. Egile honek arrakasta handia izan zuen bere garaian (XX. mendeko lehen herenean bereziki) eta gaur egun erdi ahaztuta zegoen euskal literaturaren historian. Gainera, leku askotan aipatzen zen lan bat, Katalina Erausoren bizitzan oinarritutakoa, galduta zegoen eta hura berreskuratzeko aukera izan dut tesi honekin. Egungo feminismoan hizpide den transgeneroaren gaiaren aurrekari bat dugu pertsonaia historiko honetan, eta oso azpimarragarria da nire ustez euskal nazionalismoaren sorreran horrelako antzezlan bat oholtza gainerako proposatu izana. Hau eginez, eta hau da nire tesian defendatzen dudana, Eleizegik "euskal emakume" izateko modu bat baino gehiago dagoela erakutsi nahi zuen, eredu hegemonikoa, modernoa eta mitikoez gain.
Zergatik aukeratu zenuen gai hori zure ikerlanerako?
Hasieran euskal literatura garaikidearen androzentrismoa salatu nahi nuen eta euskal emakume idazleek egindako ekarpenak erakutsi eta baloratu. Horretarako hauek egindako lana ezagutzen hasi nintzen iraganera begiratuz, aitzindarien bila, genealogia eginez. Bilaketa horretan XX. mendeko lehen herenean idazten aritu ziren emakumeak deskubritu nituen, eta garai hartan egindako lan eskerga ezagutu. Haien artean Katalina Eleizegi zegoen, eta bere antzezlanak. Asko gustatu zitzaidan bere lehen antzezlana, Garbiñe, eta bere beste lanen bila jarraitu nuen. Konturatu nintzen oso gutxi idatzi zela bere bizitzari buruz, eta nik gehiago jakin nahi nuen. Beraz, bere iloba baten kontaktua lortu eta berak izekoren testu eta argazki batzuk pasa zizkidan. Hor erabaki nuen berari buruz eta bere lanari buruz egingo nuela tesia. Hasierako helburua mantentzen zen, baina egile baten lanari begira egingo nuen.
Sexismoari dagokionez, zenbateko aldaketa izan da azken mendean gure gizarteko esparru ezberdinetan? Zeintzuetan igarri da gehien eta zeintzuetan bere horretan geratu?
Azken urteotan gauzak asko aldatu dira gai honetan. Alde batetik matxismoak bere modu eta mekanismoak findu ditu eta horren ondorioz mikromatxismoaz aritzen gara tarteka, nahiz eta betiko matxismoak bizirik irauten duen. Beste alde batetik mugimendu feminista oso indartsu dago Euskal Herrian, belaunaldi berriak sartu dira eta gauza asko duela zenbait urte baino askoz barneratuago eta landuago daude zenbait kolektibotan. Literaturan, bertsolaritzan edo musikan emakume gehiago dago eta anitzagoak dira, hala ere, oraindik borrokatu behar gara estereotipo eta sexu/genero rolen kontra, telebistako aurkezleei begiratzea besterik ez dago honetaz konturatzeko, edo gai batzuen trataeraz edo ikusezintasunaz.
Jarraituko duzu tesian hasitako lanarekin? Aurrera begirako beste proiekturik?
Katalina Eleizegi, Katalina Erauso eta literatura, antzerkia eta (trans)generoaren arteko harremanez hitz egiten eta idazten jarraitu dut, eta aurki tesian oinarritutako liburu bat kaleratu eta jardunaldi batzuk antolatu nahiko nituzke, gai hauekin egiten ari naizen bidearen hurrengo geltokiak izango direnak.
Zertarako uste duzu balioko duela zure tesiak?
Nire tesiaren helburua euskal literaturan, eta euskal kulturan, aniztasuna egon dela erakustea da. Zehazki, diskurtso hegemonikoak erresistentziak izan dituela bere aldean, hau da, euskal emakumearen ideal nazionalistarekin batera bizi zirela XX. mende hasierako 20 eta 30eko hamarkadetako emakume modernoak, baita garai guztietan existitu diren rol femeninoa bete nahi ez zuten emakumeak, adibidez, Katalina Erauso eta Katalina Eleizegi, bakoitza bere erara.
Zeintzuk izan dira zure ikerlanerako izan dituzun baliabideak? Erraza al da horiek eskuratzea?
Nire ikerketa egiteko motorra motibazioa izan da. Lanean nengoela egin nuen tesia, asteburuak eta oporrak erabilita eta agendak ematen zizkidan tarte guztiak, eta horren ondorioz, prozesua dezente luzatu zen. Hala ere zorte ona izan dut Sancho El Sabioko dokumentazio zentroan, Koldo Mitxelena kulturgunean eta Gasteizko EHUko liburutegian lanerako material asko topatu ditudalako. Gero, telefonoa eta internet ere hor egon dira, pistak jarraitzeko eta jendearekin kontaktuan jartzeko ezinbestekoak.
Ze iritzi duzu ikerkuntza munduarekiko? Hau da, behar bezain beste baloratzen da? Behar bezain beste baliabide daude horiek burutzeko?
Niri izugarri gustatzen zait ikertzea. Jakin-minak bultzatuta eta lan eginez irla berri interesgarriak deskubritu daitezke. Baina ikerketaren munduan sartuz gero bidea oso markatuta dago. Zer ikertu, nola egin eta non argitaratu esaten dizute eta oso zaila da tren horretara igotzea. Hala ere horretan saiatzen ari gara.
Gomendatuko zenuke ikerlanak egitea?
Bai, noski! Bereziki pizten zaituen gaia bada. Gai asko daude oraindik ikerketa faltan, are gehiago ikuspegi desberdin eta transbertsalen esperoan.
Zein izan zen #Txiotesia-n parte hartzeko bultzadatxoa? Ze ekarpen egin dizkizu?
Ekimena gustatu zitzaidan ikerketan gabiltzanok elkar ezagutzeko, gure lana zabaltzeko eta feed-backa jasotzeko eta euskal komunitatea indartzeko modu eraginkor eta erakargarria delako. Twitterren parte hartzeko beste modu bat ere eskaini dit, ez naizelako oso aktiboa arlo horretan eta aukera ederra izan da alde horretatik.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”