Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nagore Prieto: "Instituzioek eginkizun garrantzitsua dute eraikinetako kutsatzaileak arautzeko"

Dokumentuaren akzioak

Nagore Prieto: "Instituzioek eginkizun garrantzitsua dute eraikinetako kutsatzaileak arautzeko"

2014/03/31 - Unibertsitatea.net
Eraikinekin lotutako kutsadura ikertzea izan da Nagore Prietok egindako ikerketaren helburua. Metodo hori zehazteko, baina, herritarren kontzientziazioaz gain, erakunde publikoen parte hartzea beharrezkoa dela uste du; eta, gainera, ikertutakoa ezagutarazteko bultzada behar duelakoan dago.

Gertutik jarraitu dio betidanik kimikari arrastoa Nagore Prieto kimikan doktoreak (Bilbo, 1985). UPV/EHUn Kimika Zientziak gradua burutu ostean, masterra egin, eta tesiarekin hasi zen buru-belarri; 'Hiriko eraikin eta eraikin industrialen eraikuntzarako materialen kontserbazio egoera balioztatzeko metodologia analitiko berritzaileen garapena eta aplikazioa' du izena, hain justu, haren ikerketak.

Eraikinek jasaten duten kutsadura aztertzeko metodo bat zehazteko lanketa izan da ardatza. Horretarako, Parmako Unibertsitatean (Italia) hiru hilabeteko egonaldia egin zuen.

Hiriguneetako eraikinek jasaten duten kutsadura atmosferikoa aztertzeko metodologia analitikorik ez zegoela-eta, behar horretatik ekin zenion zure ikerketari. Noiz hasi zinen lanarekin?

Nire lan pertsonala 2009an hasi zen, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia masterra egiten hasi nintzenean. Horri esker, UPV/EHUko IBeA Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa taldean hasi nintzen lanean, eta, bertan, eraikin batzuen analisiak egiterakoan, metodologia analitiko egokien beharraz ohartu ziren. Horren inguruan tesia egiteko pertsona bat behar zuten, eta ni gogotsu nengoenez, elkarlanean hasi ginen.

Metodologia analitiko berritzailea sortzea eta aplikatzea izan da zure helburua. Zer da metodologia hori sortzeko kontutan hartu behar izan dituzun aspektuak?

Lehenengo eta behin, helburu bat ezarri behar da. Hau da, metodologia analitiko batek helburu zehatz bat lortu nahi du, eta hori jakin ondoren, aukera onenak aukeratu daitezke. Adibidez, hasteko, zein motatako kutsatzaileak aztertu nahi ditugun jakin behar da, eta hori jakinda, zein tresna behar ditugun erabakiko dugu.

Bestalde, gaur egun, ingurugiroa zaintzea oso garrantzitsua da, eta ahalik eta gutxien kutsatzen duten metodologiak erabiltzen saiatu behar dugu. Gainera, eraikin ondarearen munduan, funtsezkoa da lagin gutxi hartzea, ondarea ez kaltetzeko.

Horretaz gain, alderdi ekonomikoa ere ezin da ahaztu, eta ahalik eta kostu txikiena izan behar dute metodologiek. Horrela, beharrak ezartzen dira, eta teknika egokienak aukeratzen dira, apurka-apurka puzzlea osatzeko behar diren piezak eskuratuz.

Azkenik, metodologia balioztatu egin behar da. Horrek izugarrizko lana eskatzen du, eta batzuetan, gauzak ondo ateratzen ez badira, dena bertan behera uzteko arriskua dago. Baina hori ikerketaren eguneroko kontua da. Ondorioak aurretik jakingo bagenitu, zertarako ikertu, ezta?

Beraz, datuek erakutsi dute industrialdean kokatutako eraikinetatik at dauden eraikinak ere kutsadura atmosferikoaren eraginpean bizi direla. Hau orain arte aztertzeko aukerarik ez da egon?

Hiriguneetako eraikinek ez dute balio kulturalik, eta, gehienetan, analisi mekanikoak edo estrukturalki balioa duten analisiak soilik erabiltzen dira haien osasuna aztertzeko. Baina guk osasun kontzeptua handitu egin genuen, eta horregatik behar genituen metodologia analitiko berriak.

Eraikin hauetan azterketak egiteko aukera bazegoen, horretarako tresnak ere egon bazeuden, baina beharra atzeman genuenean egin genituen. Gainera, nahi gabe suertatutako kontua izan zen. Guk, azkenean, helburu zehatz bat lortzeko modurik onena balioztatu genuen soilik.

Ikerketak gainera normalean aintzat hartzen ez den beste kontu garrantzitsu baten aurrean jarri zintuen: eraikinak beraiek kutsatzaile larrien metatzaileak direla.

Hori da. Gure helburua ez zen bakarrik analisi estruktural bat egitea, benetako osasun globala aztertzea baizik. Horretarako, kutsatzaileen analisiak egin genituen, eta ondorioak argiak izan ziren: hiriguneetako eraikinak kutsatzaile larrien metatzaile bezala jokatu dezakete, nahiz eta kutsatzaileen jatorria desagertu. Tesiaren ondorioak ikusita, guretzat begi-bistakoa da kutsatuta egotea, 40 urtez lantegi baten ondoan kez inguratuta egon den eraikin bat. Ikerketa hasi baino lehen, baina, ez zen kontuan hartzen. Erretzaile pasiboarekin gertatzen denaren antzeko zerbait da; orain aintzat hartzen da, baina hasieran ez zen begi-bistakoa.

Ondorio hori oso garrantzitsua da, batez ere, eraikinean lanak egiten diren momentuan. Hautsa sortzen da eta kutsatzaileak langileen organismoan sar daitezke eta kaltegarria izan daiteke. Honek erakusten du analisi horiek egitearen garrantzia, izan ere, era horretan jakin daiteke segurtasun neurri bereziak hartu behar diren edo ez.

Bestalde, oraindik ez dakigu zer nolako elkarreragina duen ingurugiroarekin. Gure euria azidoa da, eta kutsatzaileak disolbatu egin daitezke; hori dela eta, eraikinen pasibotasuna ikertu behar da.

Giza osasunarentzako kaltegarriak direla diozu eta garrantzitsua dela honen berri ematea. Nori dagokio honen gaineko neurriak hartzea eta honen berri ematea?

Egoera ez da guztiz ezaguna. Aitzinean, amianto edo beste eraikinetako kutsatzaile batzuekin gertatu zena da. Hortaz, instituzioek eginkizun garrantzitsua dute eraikinetako kutsatzaileak arautzeko, eta neurriak eta legeak ezartzeko. Esaterako, kutsatuta egon daitezkeen eraikinetan lanak egin baino lehen kutsatzaileen kontzentrazioaren inguruko oinarrizko analisia egin daiteke. Horrela jakingo litzateke segurtasun neurri bereziak hartu behar diren edo ez.

Hala ere, kontzientziaziorik ez badago legeak ez du ezertarako balio. Horregatik, ezer baino lehen, gizartean jakinarazi behar da. Nori dagokio, baina, horren berri ematea? Lehenengo eta behin, guri, noski. Guk lana zabaldu dugu, hala nola, aldizkari zientifikoetan eta kongresuetan, eta badakigu lan hori interesa sortzen ari dela komunitate zientifikoan. Horrez gain, beste komunikabide batzuetan zabaltzen saiatzen ari gara; adibidez, elkarrizketak eskainiz. Gero, ordea, komunikabideek eta erakunde publikoek hartu behar dute gure erreleboa, pertsona gehiagorengana iristeko, eta balizko neurriak hartzeko.

UPV/EHUn ikertzaile lanetan zabiltza orain. Zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak?

Gaur egun dagoen egoera ekonomikoa dela eta, finantziazio bila nabil, eta horretarako, proiektu bat prestatzen ari gara. Proiektu berri honetan gaia pixka bat aldatu dut, eta, orain, nanoteknologiaren munduan sartu naiz, hori bai, monumentu ondarean ezartzeko.

Horrez gain, tesian sortu ziren lan batzuekin amaitu nahi dut, adibidez, eraikinak garbitzeko gel batzuen garapenarekin. Eta ahal dudan neurrian, nire ondorioak plazaratu nahi ditut, bai arlo zientifikoan, bai gizartean horren inguruko kontzientziazioa sortzeko.

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du"

#KZjaia