Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Partida izendun osoa kendu dio Hezkuntza Sailburuak UEUri

Dokumentuaren akzioak

Partida izendun osoa kendu dio Hezkuntza Sailburuak UEUri

2011/12/23 - Unibertsitatea.net
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) agerraldi baten bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak UEUren zuzeneko diru-laguntza osoa kentzea salatu du. Egoera honek UEUk bere jardueraren azterketa sakona egitera behartzeaz gain, egiturazko murrizketak ere ekarriko dituela adierazi du elkarteak. Murrizketa horiek, langileria eta egitasmoak ukituko ditu, tartean egitasmo hau: Unibertsitatea.net

UEU Onura Publikoko izaera duen lukuru asmorik gabeko kultur elkartea da, zeinaren helburua euskara eta unibertsitate munduak gerturatzea den azken 40 urte hauetan. UEUk ekarpen handia egiten dio euskal gizarteari orokorrean eta unibertsitate-munduari zehazki. Hori frogatzen duen hainbat datu daude:

  • Urtero goi-mailako 200 ikastaro, mintegi, jardunaldi eta etengabeko formazio antolatzen ditu. Bertan, 2.000 pertsonak parte hartzen dute.
  • Urtero unibertsitate-mailako euskarazko 12 testu-liburu argitaratzen ditu, alor honetan aitzindaria eta erreferentzia delarik.
  • IKTeetako hainbat proiektu jartzen ditu euskal gizartearen eskura:
    • Inguma.org. Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea.
    • Unibertsitatea.net ataria. Unibertsitario euskaldunen topagunea.
    • Euskarazko software katalogoa, Softkat.
    • Uztaro.com. Uztaro Giza eta Gizarte Zientzien aldizkariaren artikuluen erreferentzia eta artikuluak topatu daitezke.
    • Buruxkak.org. UEUren liburutegi digitala. Bertan, UEUren liburuak, aldizkariak, tesiak eta albisteak daude eskuragai.
  • UEUk 1.100 bazkideen babesa du, proiektuari oinarria ematen diotenak.

 

UEUk 1998an lortu zuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babes instituzionala, partida izenduna lortuz. Bi milioi pezetakin hasi zen laguntza garatuz joan zen UEUren aurrekontuetan partida esanguratsuenetarikoa bihurtu arte. Aurtengo kopurua, 177.840 €-koa izan da. Azken batean, UEUren aurrekontu osoaren %25a suposatu du azken urteetan.

Kuantitatiboki partida hau oso garrantzitsua da UEUrentzat, modu zuzenean jasotzen zenez, funtzionamendu gastuentzat bideratzen zelako, eta ez proiektu jakinei lotua. Era honetan, egiturazko gastuak ordaintzeko erabili izan du UEUk, tartean, langileen soldatak.

Kualitatiboki ere garrantzi handiko partida izan da UEUrentzat, babes instituzionalaren adierazle izan den aldetik. Hots, Jaurlaritzak UEUri egiten zion aitortzaren adierazle.

Aitortza, babesa, egonkortasuna, iraunkortasuna zen UEUrentzat. Partida hau kentzeak, proiektuen azterketa sakon bat egitera behartzeaz gain, egitura ukitzen du eta ezinbestean, langilegoa. Lanpostuen etete zuzena ekarriko du, murrizketak lanaldietan eta ERE bat martxan jartzea.

Hau guzti honengatik, UEUk salatu nahi du partida izendun OSOA kentzea lotsagarria dela eta Hezkuntza Sailburuaren erabakia izanik, Jaurlaritzari hausnarketa egin dezan eskatzen diogu, partida mantendu dezan. Era berean, nahiz eta garai gogorrak izango diren, UEUk bere jarduera ez duela etengo adierazi nahi du, eta lanean jarraituko du inoiz baino gehiago bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa lortzen, orain arte bezala, gizarteari ekarpenak egiten jarraitu dezan.