Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 2. edizioa azaroaren 18an ospatuko dugu: #txiotesia2

Dokumentuaren akzioak

"Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 2. edizioa azaroaren 18an ospatuko dugu: #txiotesia2

2014/10/29 - Unibertsitatea.net
#txiotesia2 lehiaketa 2011/2014 urte bitartean tesia aurkeztutakoei edo tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei dago zuzenduta eta sari bi banatuko dira: 500€ eta 300€koa.

Unibertsitatea.net atariak "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketaren 2. edizioa antolatuko du azaroaren 18an.

Egitasmoarekin ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea lortu nahi dugu eta baita lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.

Lehiaketa twitter bidez egingo da azaroaren 18an eta parte hartzaileek lortu behar dutena da beraien tesia 6 txiotan azaltzea. Ikertzaileen txioak epaimahai batek baloratuko ditu eta sari bi banatuko dira: 500€ eta 300€koa.

Lehiaketa 2011/2014 urte bitartean tesia aurkeztutakoei edo tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei dago zuzenduta. Hauxe da parte hartzeko kontuan hartu behar duzuna:

Nori zuzenduta:
  • Tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei.
  • 2011/2014 urte bitartean (biak barne) tesia aurkeztutako ikertzaileei.
  • Iazko edizioan parte hartu zuten ikertzaileek berriz ere parte hartzeko aukera dute.
  • Iazko irabazleek ezin dute parte hartu.
Helburua:
  • Ikertzaile euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea.
Arauak:
  • Parte hartzeko Twitter kontua izan behar da.
  • Tesia 6 mezutan azaldu behar da eta beraz ez da kontuan hartuko 6 txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte hartzea.
  • Tesia edozein hizkuntzatan landua izan daiteke baina lehiaketan euskara hutsean parte hartu behar da. Txioak euskaraz idatzi behar dira.
  • Azaroaren 18an (asteartea) goizeko 09.00-21.00ak bitartean idatzi behar dira txioak. Txioak aldi batean edo tarteka bideratu daitezke baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.
  • Txio bakoitza zenbatu egin behar da: 1, 2, ... mezuaren aurretik jarrita.
  • Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia2 traola.
  • Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da.
  • Azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du.
  • Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritzeko aukera dago.
  • Testu osagarria edo dokumentu atxikiak ezin dira esteka bidez bideratu.
  • Aldiz, audioak, bideoak, irudiak edo bibliografia estekak gehituz eman daitezke.
Txioen hautaketa:
  • Txiokatutako mezuak lehiaketa ondoren bistaratzeko gordeko dira Unibertsitatea.net atarian sortuko den "Txiotesia" atalean (lehiaketa egunerako prest izango da).
  • Antolatzaileek gordetako parte hartzaileen txioak gainbegiratuko dituzte arauak bete dituzten edo ez ziurtatzeko.
  • Arauak bete dituzten txiolarien mezuak multzokatu egingo dira eta txiolarien izen-abizenak jakinarazi gabe helaraziko zaizkie epaimahaikideei.
  • Bi txiolari hautatuko dira:
    • Txiolari ulergarriena: 6 mezutan bere ikerketa lana modu borobilenean azaltzeko gai izan den txiolaria.
    • Txiolari originalena: 6 mezutan bere ikerketa lana modurik irudimentsuenean zabaldu duen txiolaria.

 

Epaimahaia:

Txioak baloratzeko ardura izango duen epaimahaia honako hau izango da:

 

Sariak:

  • Txiolari ulergarriena: 500€
  • Txiolari originalena: 300€
  • Irabazle biei elkarrizketa egingo zaie Unibertsitatea.net atarian.

Sari banaketa ekitaldia:

  • Azaroak 26 (asteazkena): Sari banaketa ekitaldia ospatuko da Koldo Mitxelena Kulturunean (12.00etan).
  • Txiolari ulergarriena" eta "Txiolari originalena" nortzuk diren jakinaraziko da bertan, baina lehiaketako parte hartzaile guztien bilgune izan nahi du ekitaldiak.
  • Hitzaldi batek irekiko du ekitaldia (aurki emango dugu horren berri).
  • Amaieran mokadutxo bat hartzeko aukera izango dugu.
  • Epaimahaia, parte hartzaileak... gonbidatuta zaudete bertaratzera! hala ere, jakinarazi zuen asistentzia ataria@ueu.eus epostara edo @Uninet_ataria kontura.

 

Astero-astero informazio gehiago helarazten joango gara: epaimahaia nor den, sari banaketa noiz izango, nor izango den hizlari gonbidatua...

Euskaraz egiten den izaera honetako lehiaketa bakarra da eta aurten ere lehiaketan parte hartzera edo bere berri ematera animatu nahi zaituztegu! Informazio gehiago nahi izanez gero idatzi ataria@ueu.eus helbidera.


2013ko #txiotesia lehiaketa:

2013ko edizioa esperientzia benetan aberasgarria izan zen eta 86 ikertzaileren lanak ezagutzeko aukera paregabea izan genuen. Iaz bizitakoa gogoratzea nahi baduzu, ondorengo albistean jaso genuen lehiaketak emandakoa #txiotesia lehiaketako irabazleak Estitxu Garai eta Itxaro Perez dira.