Dokumentuaren akzioak
#txiotesia2 lehiaketako irabazleak Itziar Gonzalez-Dios eta Eneko Bidegain dira
Koldo Mitxelena Kulturunean ospatu berri dugun "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" Sari Banaketa Ekitaldian ezagutu ditugu 2. edizioko irabazleak: Itziar Gonzalez-Dios izan da "Txiolari ulergarriena" eta Eneko Bidegain "Txiolari originalena".
Argazkia: #txiotesia2-ko irabazleak: Eneko Bidegain eta Itziar Gonzalez-Dios
Txiolari ulergarriena: Itziar Gonzalez Dios (@ItziarGD).
Itziar Gonzalez-Dios Pasai San Pedrokoa da eta 26 urte ditu. Alemaniar Filologian lizentziatu zen UPV/EHUn eta egun tesia egiten dabil unibertsitate bereko IXA Taldean. Bere tesiaren behin-behineko izenburua "Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazioa euskararen tratamendu automatikoan" da eta 2015 amaieran edo 2016 hasieran irakurtzeko asmoa du.
Hauek izan dira #txiolari ulergarrienaren txio irabazleak (ikusi bere twitterreko parte hartzea "Txiotesia" atalean):
1 Egitura sintaktiko konplexuen identifikazioa eta sinplifikazio automatikoa euskararen tratamendu automatikoan. #txiotesia2
2 A ze esaldi luzea! Bai hitz arraroa! Ez dut ulertzn! Testua zeharo konplexua da! Sinplifikatu daiteke? #txiotesia2
3 ErreXaili galdetuko diot, ea zer dioen! ErreXail testuak konplexuak edo sinpleak diren automatikoki esateko gai den sistema da #txiotesia2
4 Testua konplexua da! Eta sinplifikatuko dut! Hitz zailak ordezkatuko ditut eta esaldiak banatuko ditut. #txiotesia2
5 Ederki! Testu berri honek jatorrizkoaren esanahia mantendu du baina ulergarriagoa da! Itzulpen automatikoa ere hobea da! #txiotesia2
6 Sinplifikatutako testuek abantaila ugari eskaintzen dituzte. Gainera, automatikoki eginez, denbora eta lana aurrezten da. #txiotesia2
Txiolari originalena: Eneko bidegain (@enekobidegain).
Eneko Bidegain kazetari eta idazle baionarra da eta 39 urte ditu. Euskal Ikasketak egin zituen Baionan eta 2012an aurkeztu zuen doktorego-tesia: "Lehen Mundu Gerra Eskualduna Astekarian". Gaur egun irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, Aretxabaletako Campusean.
Hauek izan dira #txiolari originalenaren txio irabazleak (ikusi bere twitterreko parte hartzea "Txiotesia" atalean):
3. Alemana deabrua, Ta Frantzia aingerua, Idazle haiek argi zeukaten Noren alde zen zerua. #txiotesia2
4. Desertoreentzat lotsa Soldaduentzat poza Idazten zuten frantsesa zela Euskaldun onen bihotza #txiotesia2
5. Frantses armada “gurea”, Goraipatuz adorea, “Herriarentzat” hiltzea baitzen euskaldunen ohorea. #txiotesia2
6. Gerran ibilirik prestu Frantzia zuten babestu Eskualduna-tik eta euskaraz Herria zuten frantsestu #txiotesia2
Sari Banaketa Ekitaldiari hasiera Iñaki Alegriak (UEUren zuzendaria) eman dio. Aurtengoaren balorazioa egin du eta iaz esandakoa berretsi du: zeinen aberasgarria izan den hainbeste ikertzaile euskaldunen lanen berri izatea. Iñaki Larrea (@ilarrea) #txiotesia2-ko epaimahaikideak ere ildo beretik hitz egin du.
Honez gain, ekitaldian Jon Mattin Matxain (@TxoniMatxain) kimikariaren eta ikertzailearen "Ikerketa buruan eta ibili munduan" hitzaldia entzuteko aukera izan dugu, eta bertan, bere ikertzaile bizitzako gora-beherak kontatu dizkigu.
Sari Banaketara hurreratzerik izan ez baduzu hona hemen bertan bizitakoa jasotzen duen bideoa:
#txiotesia2 lehiaketako parte hartzaileetako batzuk ezagutzeko eta informazioa trukatzeko aukera paregabea izan da gaurkoa.
Hurreratu ezin izan duzuenontzat, saioa grabatu dugu eta ahal bezain azkar sareratuko dugu. Hala ere, bitartean, hemen dituzue ekitaldiaren ondorengo irabazle bien hitzak:
Itziar Gonzalez-Dios:
Eneko Bidegain:
Txio guztiak bildu ditugu "Txiotesia" atalean:
Unibertsitatea.net atarian "Txiotesia" atala sortu dugu. Bertan, 9etatik 21etara 2. edizio honetan ikertzaileek egindako ekarpenak bildu ditugu. Era honetan, bakoitzaren ikerketaren laburpena lasai irakurtzeko aukera izango duzu.
Gai benetan interesgarriak ezagutu genituen. Ezagutu zeuk ere!
Azkenik, zorionak eta eskerrik asko guztioi!... eta 3. ediziora arte!