Dokumentuaren akzioak
Txomin Bornaetxea: " Nire ustez ikertzaile gaztea izatea apustu ausarta da"
Zergatik aukeratu zenuen gai hau?
Gure lurraldearen morfologiaren garapenean eragin zuzena duen gai bat delako, oraindik ezagutzeke dauden alderdi asko dituelako eta batez ere lurraldearen antolamenduaren inguruan aplikazio zuzena daukalako.
Zeintzuk dira Gipuzkoako mendi hegalek dauzkaten ezaugarriak?
Gipuzkoako mendi hegalak malda ertain edo malda handikoak dira batez ere, esate baterako lurraldearen %60ak 20ºtik gorako malda dauka. Aiako Harria eta bere inguruko Bortzirietako Mazizoa salbuespen, beste guztia material sedimentarioz osatua dagoela esan daiteke. kareharri, tuparri eta material detrikioez gehien bat. Ingurune malkartsuenetan mota horietako materialak azaleratzen dira, eta malda baretzen joan ahala, kuaternarioko material metaketak sortzen doaz higadura prozesuaren ondorioz. Baina Gipuzkoako mendi hegalen ezaugarri nagusiena, antropizazio maila altua dela esango nuke. Batez ere komunika bide sarearen dentsitate altuak eragiten du ia bailara guztietako mendi hegalak modu batean edo bestean eraldatuak agertzea.
Ze ezegonkortasun mota aurkitu genitzake mendi hegaletan?
Ezegonkortasun mota ugari existitzen dira, eta ikuspegiaren arabera, hauen sailkapena modu batekoa edo bestelako izaten da. Baina orokorrean hiru hegaleko ezegonkortasun mota aurkitu daitezke. Alde batetik, erorketa librean, edo plano batean zehar desplazatzen diren tamaina desberdineko harri blokeak daude. Hauei erorketa, edo “fall” ingeleraz, esaten zaie, eta oikoak dira sustrato geologikoa azaleratzen den zonalde malkartsuenetan, Aizkorri edo Aralarreko puntetan edo kostaldeko labarretan esaterako. Bestalde, mendi hegalean behera masa uniforme moduan desplazatzen den lurrazal zatiari labainketa, edo “slide/landslide”, esaten zaio.
Hauek mugitutako lurrazalaren sakoneraren arabera, azaleko edo sakoneko labainketak izan daitezke, eta mugitzerakoan eragindako labainketa planoaren arabera errotazionala, edo traslazionala izan daiteke. Azkenik, fuxu, edo “flow”, motako ezegonkortasunak daude. Hauek desplazatutako materialean aurkitzen den ur kantitate altuagatik ezberdintzen dira, eta honek erakusten duen izaera bigunak abaniko formako metaketa oso adierazgarriak uzten ditu bailararen fondoan.
Zer da batez ere horiek eragiten dituena?
Ezegonkortasun bat emateko bi alderdi hartu behar dira kontutan. Alde batetik maldak, edo mendi hegalak, dauzkan berezko ezaugarriak daude, eta orokorrean malda gradientea, litologia eta lur estaldura/erabilpena modu batekoa edo bestelakoa izanda, mendi hegal horrek ezegonkortasun bat jasateko probabilitate gehiago edo gutxiago izango du. Beste aldetik ezegonkortasuna gertatzeko eman behar den gertaera konkretua hartu behar da kontutan, eta honi faktore eragilea esaten zaio. Gipuzkoan, ezegonkortasun gehienak intentsitate altuko eta denboran luzatzen diren euriteek eragiten dituzte, lurzoruaren poroetako ur saturazio maila gaindituz, eta ondorioz maldaren oreka puntua eraldatuz.
Ezegonkortasun horietako asko ematen direla diozu Gipuzkoako Lurralde Historikoan, zer eragin ditu horrek gizartean?
Ezegonkortasunak gizartearen jarduerak kontzentratzen diren eremuetan gertatzen direnean izaten dute eragina, eta eragin horri arriskua esaten zaio. Gipuzkoa populazio dentsitate altuko lurralde bat izanda, eta biztanleria hori probintzia osoan zehar sakabanatuta dagoela ikusita, ezegonkortasun gehienek gizakion azpiegitura eta jabetza desberdinetan kalteak sortzea da ohikoena. Esate baterako 2013ko lehen hiruhilekoan, Diputazioak 7,9 milioi €-ko gastua izan zuen ezegonkortasunek sortutako kalteak konpontzeko. Horretaz gain, gutxi badira ere, zenbait heriotza eta zauritu ere sortu dituzte ezegonkortasunek azken urteotan.
Zeintzuk dira horiek ekiditeko edota aurretiaz neurriak hartzeko erabilzen diren metodologiak? Ezegonkortasunaren ikuspegi mekanikotik, hainbat aktuazio zuzen egin daitezke mendi hegal bakoitzean, sare babesleak, bulioak, ormigoizko estaldurak, drainatze ubideak etab. Baina nire ustez, Gipuzkoako mendi hegal guztiak ormigoiez estalita ere, ez litzateke ezegonkortasunekin amaituko. Beraz ezegonkortasunak ekiditea baino, zuzenagoa da hauexek arrisku bat izateari uzteko lan egite. Ildo horretan kokatzen dira suszeptibilitatearen, gertaera probabilitatearen eta arriskuaren ikerketak. Izan ere informazio guzti horrekin mahai gainean, lurraldearen antolamendu estrategia askoz egokiago bat jar daiteke habian, eta hori izango da neurririk eraginkorrena nire ustez.
Zeintzuk izan dira ikerketa honen bidez atera dituzun ondorio nagusiak?
Zehazki ikerketa honek erakutsi dit ezegonkortasunen banaketa espaziala ikertzeko hamaika bide daudela. Bestalde, gure lurraldearen kasuan, garapen eta lurralde antolamendu estrategietan orain arte behintzat arrisku naturalak orokorrean oso gutxi kontutan hartuak izan direla ere ikusi dut. Beraz ondorengo hamarkadetarako erronka gaur egun arriskua suposatzen duten gertaera hauen ezagutzan sakontzea izango da, gu geu gertaera horiei moldatuz arriskua ahalik eta gehien murrizteko.
Zure ustez zer suposatzen du gaur egun ikertzaile gaztea izateak?
Nire ustez ikertzaile gaztea izatea apustu ausarta da. Zerotikan ikasi behar da ikertzen ari zaren arloa, eta egun batetik bestera euren bizitza gai horixe bera ikertzen pasa duten izen handiko ikerlarien liga berberean jokatzen ari zarela konturatzen zera. Errespetu handia ematen du. Nik uste dut distantzia luzeko lasterketa bat dela eta pazientzia handiz hartu beharreko ibilbidea.