Dokumentuaren akzioak
Uxoa Iñurrieta: “Oso zaila izango da esaldi konplexuenak ere zuzen-zuzen itzuliko dituen tresnarik lortzea”
Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?
Tesiko gaia aukeratzea ez da lan erraza izaten, gero urteak pasa behar baitira gai horren inguruan lanean; behar-beharrezkoa da, nire ustez, norberari gustatzen zaion ikerketa-gairen bat aurkitzea. Nire kasuan, banekien fraseologiaren eta itzulpengintzaren inguruan ikertu nahi nuela, eta ikerketa-taldeko kideek eta zuzendariek lagundu zidaten zer egin pentsatzen. Esan zidaten hitz-konbinazioen gaia, tresna informatikoei zegokienez, ez zegoela oso landuta ikuspuntu elebidunetik, eta taldeak bazuela interesa horretan. Beraz, horrexeri ekitea erabaki nuen.
Bide horretan, Konbitzul datu-basea daukazu esku artean; zer da?
Konbitzul datu-baseak izen+aditz motako konbinazioei eta haien itzulpenari buruzko informazioa jasotzen du. Hizkuntzaren prozesamenduari begira sortua da, eta baliagarria da hainbat aplikazio informatikotarako, itzultzaile automatikoetarako, kasu. Edo hala espero dugu, behintzat!
Zein da bere aplikazio praktikoa? Zertarako balia daiteke datu-base hau?
Demagun, adibidez, itzultzaile automatiko batek “adarra jo” esapidea gaztelaniara itzultzea nahi dugula. Ordenagailuak, guk informaziorik eman ezean, bi hitz horiek irakurri eta “tocar/pegar el cuerno” bezalako zerbait sortuko luke, ez bailuke jakingo benetako esanahia zein den. Bada, Konbitzulen sartzen ari garen datuek horrelakoak hobeto itzultzeko balioko dute.
Norentzako da baliagarria datu-base hau eta nola erabil daiteke?
Datu-basea publikoa da, eta http://ixa2.si.ehu.es/konbitzul helbidean dago. Hizkuntzaren Prozesamenduaren alorrerako sortua da batez ere, baina esango nuke beste erabiltzaile batzuentzat ere baliagarria izan litekeela. Azken batean, izen+aditz konbinazioen hiztegi bat da, baina konbinazio bakoitzari buruzko informazio gehiago ere baduena. Gainera, bilaketak hainbat irizpideren arabera egiteko aukera ematen du. Esate baterako, erabiltzaile batek jakin nahi badu “adar” izenarekin zer konbinazio dauden, Konbitzulen bilatu eta bederatzi konbinazioko zerrenda bat lortuko du: adarra jo, adarrak jarri, adarrak atera... Horietako bakoitzak ordain bat edo gehiago ditu aldamenean, eta, nahi izanez gero, botoitxo bati sakatu eta aztertutako informazio linguistikoa ikusteko aukera dago.
Ikerketaren bidez lortutako informazio linguistikoa itzultzaile automatikoetan integratuko duzue; hortaz, denborak aurrera egin ahala, itzulpen automatiko zuzenak ezagutuko al ditugu noizbait?
Tira, gure lanak akats jakin batzuk konpontzeko balioko duela espero dugu, baina beste arazo asko eta asko ere badituzte oraindik gaur egungo itzultzaile automatikoek. Esaldi errazak nahiko ondo itzultzen dira, baina esaldi konplexuetan oso sarri sartzen da hanka oraindik. Gero eta gehiago ikertzen da horrelako tresnen inguruan, bai munduko beste herrialde askotan eta bai Euskal Herrian; beraz, pentsatzekoa da emaitzak hobetzen joango direla. Nik esango nuke, itzultzaile automatikoen kalitateak hobera egiten duen heinean, gero eta gauza gehiagotarako erabiliko ditugula: atzerriko hizkuntzetan idatzitako webguneak ulertzeko, eskuzko itzulpen-lanetan laguntzeko... Baina esaldi konplexuenak ere zuzen-zuzen itzuliko dituen tresnarik lortuko dugun inoiz? Hori, oraingoz, oso zaila iruditzen zait. Itzulgai zailen aurrean gu geu ere, giza itzultzaileok, ez gara-eta ados jartzen askotan!
Zeintzuk dira orain arteko ikerketaren ondorio nagusiak? Eta etorkizuneko ikerketa lerroak?
Orain arte egin ditugun esperimentuetan emaitza onak lortu ditugu; hortaz, badirudi egiten ari naizen azterketa linguistikoa baliagarria dela. Hala ere, beste bi urte ia oso ditut aurretik tesia bukatu ahal izateko, eta gauza dezente egin nahi nituzke oraindik. Momentu honetan, adibidez, Konbitzulen gaztelania-euskara hizkuntza-bikotea bakarrik dago, baina laster hasiko gara ingelesa-euskara bikoterako informazioa ere gehitzen.
Nola bizi duzu ikertzaile gaztea izatea?
Ikertzaile gaztea izateak, azken finean, esan nahi du hasi berria naizela ikerketan, eta asko dudala ikasteko. Baina niri, orain arte ezagutu dudanagatik, oso mundu interesgarria iruditzen zait. Asko ikasteko aukera ematen du, eta sormena ere asko lantzen dela esango nuke, bide berriei nola ekin pentsatzen.