Gentrifikazioa

Gasteizko Alde Zaharreko Egin Ayllu auzo-elkarteko kideek oso argi dute: gentrifikazioa pairatzen ari dira barruti horretako biztanleak. Apirilaren lehen astean antolatu zituzten jardunaldietan ederki arrazoitu zuten baieztapena. Adibidez, esan zuten ehun desjabetze-txosten baino gehiago ireki dizkietela azken urteotan Alde Zaharreko auzotarrei.

Zer den gentrifikazioa? «Gentry» termino ingelesak burges esan nahi du, hortaz, «gentrifikazioa» auzo baten burgeste edo elitizazioa da, gizartearen derrigorrezko ordezkapena eragiten duena: erdi mailako klaseko jendeak erosteko ahalmen txikiagoa duena auzotik botatzen du, nahita edo nahi gabe, prezioen (etxebizitzen alokairuak, batez ere) igoeraren ondorioz. Hiri-birgaitzearen ezkutuko aldea dugu gentrifikazioa, beraz. Bat-batean gerta daiteke, eraberritze azkar baten ondorioz, edo, Gasteizen gertatzen ari ei den bezala, urteetan eta ia-ia oharkabean.

Nola egiten den hori? Bada, estrategia ezagun baten bidez, zeinak auzoa turismo-erakargarri bihurtzen duen, hau da, balio erantsia omen duen salgai. Horretarako, hainbat urrats eman bide dituzte Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala: diru laguntza publikoen diskriminazio «positiboa», negozio ustez finak soilik babesteko, beste batzuk apropos debekatzen diren bitartean (mintzalekuak eta teteriak); ekipamendu «bikainak» (museoak) arretaz zaintzea, glamour txikiagoko baina auzokoentzat beharrezkoagoak direnak (eskola, osasun zentroa, liburutegia) gutxietsiz; kontrol poliziala areagotzea (kamera sistema, komisaria berria Gaztetxearen ondoan); hirugarren sektorerako bihurtzea, bulegoek eta hotelek etxebizitzak ordezkatuz; parke tematiko bihurtzea, «Erdi Aroko azoka» kitsch eta klonikoa sustatuz, eta nazioarteko best-seller idazleen omenezko estatuak
ezarriz; graffiti politikoen ordez instituzio-ekimeneko muralak pintaraztea eta hedabideetan horien «balioa» iragartzea; espazio publikoa merkataritza gune bihurtzea plazak eta kaleak estaliz…

Bi arrazoi egon litezke aurkakoa pentsatzeko, alegia, Gasteizko Alde Zaharrean gentrifikaziorik ez dagoela baieztatzeko: auzoko biztanleak jada erdi mailako klasekoak izatea, eta, maizterrak barik, etxebizitzen jabeak izatea. Errealitatea, berriz, bestelakoa da. Erosteko ahalmen handiko jendeak, oro har, ez du bizi nahi aparkalekurik zein igogailurik gabeko eta etxebizitza mota zaharkitutako auzoan. Orduan, nor da Alde Zaharrera bizitzera doana? Bada, beste erremediorik ez duena: erosteko ahalmen txikiko gazteak eta etorkinak, batez ere. Bigarren talde horri dagokionez, hain zuzen, Gasteiz osoko etorkinen kopurua %10 bada ere, Alde Zaharrean erroldatuta dagoen ehunekoa halako bi da: %22. Erroldan sartuta ez daudenekin, Alde Zaharrean bizi diren etorkinen kopurua ez da auzoko biztanleria osoaren (10.000 biztanle) herenetik oso urrun egongo. Bistan da 3.000 biztanle ekonomikoki ahul horiek gentrifikazioa pairatzeko joera handia dutela. Areago, gazteak eta erretiratuak ere zenbatuz gero, auzoaren erdia, 5.000 bat biztanle, «gentrifikagarria» edo ordezkagarria dela ondorioztatu daiteke. Ez da gutxi!

Erraza da kritika suntsitzailea egitea; horregatik da hain interesgarria Alde Zaharreko hainbat auzotar aurrera eramaten ari diren kritika konstruktiboa, alternatibak ere proposatuz. Azkena, Eskoriatza-Eskibel jauregi hustuan eskola berria garatzeko proiektua dugu. Ea ez duten ostrazismora kondenatzen!

Gasteizko erdialdeak, Euskal Herriko gainerako alde zaharrek bezala, eraberritzearen premia du, jakina, bere eraikinak eta espazio publikoak zaharberritzeko beharra. Baina ez dezagun ahaztu auzo zahar bezain eder horretan jendea ere bizi dela. Edo inbertsioak eta turistak erakartzeko edozein prezio ordaintzeko prest al gaude?