Zentralismoa eta konfiskazioa

Espainiak ez du hirigintza antolatzeko eskubide
legalik: estatuko 8.116 —iaz baino bi gehiago— udalen eskumena da.
Horietatik 3/4ak hirigintza egokiro kudeatzeko adina baliabide ez badu
ere, ez dago alkaterik eskuduntza horri uko egingo dionik. Areago,
«Espainian jazo diren alderdiz aldatze gehienetan
hirigintza-zinegotzigoaren truke saldu da botoa», esan berri du José
Antonio Martín Pallín
Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak,
bide-ingeniarien elkargoak martxoaren 24an Madrilen antolatutako
hirigintza-biltzarrean.

Ustelkeria errazten omen duen udalen eskumen-dispertsio horren
aurrean zentralismoa proposatu du sendagai gisa Martín Pallínek. Izan
ere, udalen finantziazio nagusia hirigintza izan da, eta sustatzaile
limurtzaileek ondotxo jakin izan dute egoera horretaz profitatzen: «et,
et, et… etxetxo horiek eraikitzen denok gara irabazle; bai zuek,
udal-gobernukoak, bai auzoko herritarrak, eta baita gu, sustatzaileok
ere» izan da zabaldu duten doktrina arrakastatsua. Alabaina, ekuazio
ideal horretan kaltedunik ere bazen, alegia, ingurumena, zeinak eskala
handiagoko antolakuntza orekatua beharrezkoa baitu, lurraldea Taifa
erresuma txikien batuketa soila izango ez bada.

Lurralde-antolakuntzak zentrala izan behar du ezinbestean, ados;
baina horrek ez du esan nahi Madrilgo gobernua dela
hirigintza-ustelkeriaren aurkako eta ingurumen-orekaren aldeko
bermatzailerik egokiena, Martín Pallínek iradoki bezala —proposamenaren
helburu politikoak antzematea ere ez da zaila—, are gutxiago Espainiako
hirigintza izan denean Europar Batasunaren hiru errieta lotsagarriren
jomuga bakarra (2005eko Fortou txostena, 2007ko Libicki-Cashman txostena
eta 2009ko Auken txostena). Espainian, gainera, hirigintza-delituen
gorespen onartezina ematen da gehiegitan: Lanzaroten bakarrik,
esaterako, 27 hotel ilegal daude eraisteko epaia jaso dutenak, eta
oraindik zutik dirautenak, legearen balizko aldaketa salbatzailearen
zain. Lurralde-antolakuntza zentralizatzekotan, beraz, hurrengo mailara
egin beharko litzateke jauzi, hots, Europara, non fiskalizazioa
ganorazkoagoa dirudien.

Dena den, zentralismoa ez zen izan hirigintza-ustelkeriarekin
amaitzeko Martín Pallínek agindutako errezeta bakarra. Zigorrez ere hitz
egin zuen, kasu hauetan hirigintza-zuzenbidea ez baita nahikoa, haren
ustez: zuzenbide penala ere aplikatu beharra dago. Bide penalak,
gainera, kartzelaren mamuarekin mehatxatzeaz gain, beste kontzeptu
interesgarri bat mahaigaineratzen du: konfiskazioarena. Urbanizazio
ilegalak delitu baten emaitza direnez, konfiskatu daitezke, lapurraren
eskopeta edo trafikatzailearen droga bezalaxe. Eta fede oneko
hirugarrenak egotekotan —ilegalki eraikitako ondasunen jabeak—,
kalte-ordaina eman beharko liekete delitugileek; hau da, ia inoiz
gauzatzen ez dena. Horrela are zailagoa da espainiar erako demokrazia
sui generis horretan sinistea; baina euskal tankerakoa oso ezberdina ote
litzateke?

[Artikulu hau GAUR8n argitaratu zen 2011ko apirilaren 9an]


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude