Iruñea lehertu!

Atzo Henrike Galarzak Nafarroa Garaiko egoera sozio-ekonomikoari aztindua eman zion (intelektualki bederen), Eusko Kultur Mintegian emandako hitzaldian: “Krisia Nafarroa Garaiko Ikuspegitik”.

Iruñea-1.jpg

Henrikek Nafarroako Garaiko egitura ekonomikoa deskribatu zuen lehenik. Nafarroako Gobernuak emandako datuetan oinarrituz, Nafarroa Garaiko ezaugarri ekonomiko bereziak aipatu zituen: mendebaldeko bestelako herrialdeekin alderatuz, industriaren (%29a) eta nekazaritzaren (%3a) pisu erlatibo handiagoa azpimarratu zuen, zerbitzu-sektoreari kontra eginez (%59a).

Henrikek aipatutako beste ideia bat, Nafarroa Garaiko langileen produktibitatearen igoera izan zen: soldatapeko langile gutxiagorekin, ekoizpena ez da murriztu. Horrek esan nahi du lana galdu ez dutenen produktibitatea igo egin dela. Henrikeren ustez, horrek argi erakusten digu ikuspegi neoliberal batzuetatik finkatutako ideien faltsutasuna: soldatak produktibitatearen arabera finkatzeko irizpidea. Argi dago, irizpide hori aplikatuz gero, langile nafarren soldatak igoko liratekeela. Eta hori ez da gertatu eta ez omen da gertatuko.

Inportazioen eta esportazioen kasuan, Europarekin burutzen ditu Nafarroa Garaiak bere harreman komertzial gehienak (%80 inguru). Automobilgintza sektorea da nagusi harreman komertzialetan. Zentzu horretan, Volkswagen multinazionalaren pisu izugarria ere nabarmendu zuen Henrikek.

Iruñea.2.jpg

Behin Nafarroa Garaiko egitura aztertuta, Henrike krisiaren inguruan mintzo zen. Krisialdi gabeko ekonomia baten zertzeladak bota zituen:

  • lehena, finantzen gehiegizko pisua nabarmenduz, finantzen ekonomia estuki arautzeko beharra azpimarratu zuen (bere hitzetan, arauketa baino “debekua”).
  • bigarren ideia, ekonomia erreal jasangarria bultzatzeko beharra. Nafarroa Garaiak, urtean, 3 Nafarroa Garai kontsumitzen dituela gaineratu zuen. Ideia horrekin lotuta, deshazkundearen aukera aipatu zuen irtenbidetzat (erronka, gutxiago kontsumitu). Iraganera begirada bueltatu. “Ama-lurra”da irizpidea. Aztarna-ekologikoa gutxitu behar dugu kolapso ekologikora heldu nahi ez badugu behintzat. Irtenbide bezala, ekonomiaren demokratizazioa aipatu zuen, nolabaiteko deszentralizazio politiko eta sozio-ekonomikoa. 10.000 biztanleko unitate politikoetan zatituz gure egungo antolakuntza administratiboak. Iruñeako alkatetza bereganatuz gero, Henrikek berak Iruñea lehertuko zuela… auzuneei burujabetza politikoa emanez! Azken finean, prozesu endogeno-autogestionarioak bultzatzea izan daiteke epe luzerako irtenbidea gizarte mendebaldarraren krisiarentzat.
  • hirugarren ideia, justizia soziala bermatu beharra dagoela gaineratu zuen. Munduan, aberastasunaren %80a, munduko biztanleriaren %20ak du. Desberdintasun hori sozialki jasanezina da eta beraz, konpondu beharreko arazoa da. Biztanleriaren %20 aberats horren barnean, desberdintasunak ere egon badaude. Elitean, Alemania bezalako herrialdeak daude. Azpian, PIGS delakoak (Portugal, Irlanda, Grezia eta Spain).

Hala ere, nazioarteko paradigma hori aldatzeko zorian dago. Munduko lanaren eta aberastasunaren banaketa horretan, lehiakide potentzialak agertu dira: BRICS (Brazil, India, China eta South Africa). Zehazki, lehiakide berri horiek Nafarroa Garaiak produzitzen dituen output berdintsuak produzitzen dituzte. Beraz, ekonomia errealaren planifikazio egokia ez badugu gauzatzen, lehiatik kanpo geldituko gara. Porrota eta miseria. “Zerbait asmatu behar dugu lan-banaketaren testuinguru berrian ondo kokatzeko”. Ikerkuntzan eta Teknologia Berrietan inbertitu. Tokiko-garapena bultzatu.

Horrez gain, filosofia aldaketa bultzatu behar dugu, hezkuntzaren eta komunikazioaren bitartez, norberaren kontraesanak gaindituz eta gehiengoaren iraultza bultzatuz (abanguardiak alde batera utziz, 10.000 pertsonen auto-antolaketa bultzatuz).

Nafarroa Garaia nora doan galdetuta, Henrike zalantzakor ageri zen. Bere ohiko aldarte alaia alde batera utzita: egungo egoera, XX. mendeko Depresio handiarekin parekatzen badugu, porrot ekologiko eta sozialera goaz. Eta kolapso hori bortitza izango da. Krisiak Nafarroa Garaiko herritarren %20a kolpatu du. Etorkizunean, kolpe hori gogorragoa izango da. Egia da gutxiago kontsumitzen dugula orain eta hori ekologikoki positiboa dela. Baina egia da ere kontsumo-murrizketa hori ez dela demokratikoa izan. Barcina lasai dago, lasaiegi, badakielako zapalkuntza ekonomiko bortitzagoak badatozela eta horiekin herritarrak apalduko dituela. Beldurraren politika: krisiak gizartearen heren bat zanpatuko du. Gaizki goaz, eta ez dago norabidea aldatzeko borondaterik.

Argi dago egoera honetatik ateratzeko, ahalegin intelektual potentea egin beharko dugula. UEUk ahalegin horretan ekarpenik egin badezake, bikain.

LanabesEskerrik asko Henrike Galarzari azken bi aste hauetan UEUko Ekonomia Sailaren izenean egindako lanagatik. Eskerrik asko Eusko Kultur Fundazioari hitzaldi honen antolakuntzan emandako babesagatik. Eta azkenik, eskerrik asko Trikimailu komunikazio proiektuko lagunei hitzaldiaren zabalkundean laguntzeagatik.

Laster, blog honen bitartez, hitzaldi honen materialak zabalduko ditugu, aurreko saioekin egin dugun modu berean. Beraz, hadi egon!

 

Iruzkinak (5)

  • Henrikek Aurrezki Kutxen pribatizazioari buruz ere hitzegin zuen. Bere ustez, pribatizazio hori aspaldian planifikatu zen, Espainiako transizio garaian. Plangintza honen arabera, udalei eskumen gehiago emango zitzaien hirigintza sektorean esate baterako. Kutxaren zuzendaritzan politikari ustelak sartuz, Aurrezki Kutxaren porrota bultzatu da. Era horretan, banku pribatuek Nafarroako Aurrezki Kutxaren bezeriaren aurrezkiak bereganatu dituzte: herritarren aurrezkiak. Orain, aurrezki “popular” horiek inguruneko proiektuetara bideratu beharrean, helburu erabat espekulatzaileen arabera inbertituko dira. Irtenbide moduan, Henrikek tokiko finantza erakundeen sorrera proposatu zuen, esate baterako, kreditu kooperatibak.

  • Hitzaldian aipatutako beste ideia bat: azken urteetan “karitatea” goraipatu da, hau da, karitatezko ekintzak egiten dituzten hainbat erakunde goraipatu dira. Henrikeren ustez, hori onartezina da: jarrera horrek XIX. mendera garamatza. Karitateak pobrezia onartzen duelako. Egungo gizarte garatuetan (ezagutzaren gizartean), pobrezia-karitatea onartezinak dira.

  • Unai del Burgo

    Nafarroa Garaiko ekonomi errealaren egitura aztertzerakoan, zerbitzuen ekoizpena %59koa da. Industria %29a eta nekazaritza %3a. Egitura hori ez al da desorekatua? Ekonomia endogenoa, buruaskea edo autogestionarioa bultzatzea baldin bada norabidea, estrategia bat ez litzateke ba izango benetako produkzioa bultzatzea (nekazaritza eta industria) irizpide ekologiko baten arabera (ama lurra irizpide bezala harturik)? horrek esan nahi du zerbitzuen sektorea pixkat murriztuko litzatekeela beste sektoreekin alderatuta (beti ere hezkuntza-ikerkuntza, osasungintza eta zerbitzu sozialak bermatuz).

  • Zerbitzuen inguruan, aipatu genuen ildoan, nahaste galanta dagoela oroitarazi behar da. Izan ere, lehen lanpostu industrialak ziren asko, orain zerbitzuetako jarduerak gisa hartu dituzte (ingeniaritzenak, garraioenak, izakinen kudeaketa, aholkularitza fiskala edo juridikoenak…). Zerbitzuak Industria baino ekologikoki txarragorik diren ikusteko dago bertzelaz … Orduan zaila litzateke etorkizuneko egitura produktiboa termino horietan azaltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude