EKAI CENTER taldeak argitaratu berri duen liburu interesgarri bat aurkeztu nahi dizuegu: Tokiko Garapen Ekonomikoa. Oinarriak. Liburua modu askean deskarga daiteke unibertsitatea.net atariko OTARREA atalean (ekonomia). Hori eskertzekoa da oso, toki-garapenaren gaiak azkenaldian eskuratzen ari den garrantzia kontutan izanda.
Egungo krisialdiak agerian utzi du garapen endogenoaren beharra. Argi izan beharko genuke garapen mota hori ezin dugula inolaz ere baztertu gure politika publikoetan. Garapen endogenoan “herrialdean bertan dauden baliabideak erabiltzen dira, batez ere, garapen-politikan, martxan dauden enpresen garapena sustatuz eta enpresa berrien sorrera piztuz. Garapen endogenoaren abantailak nabariak dira. Batez ere, garapenaren egonkortasunaren aldetik, edo enpresak deslokalizatzeko orduan egon daitezkeen arriskuak murriztearen aldetik ere” (Zelaia, 2010: 83).
Garapen mota hori tokiko garapen ekonomikoaren bitartez gauzatzen da, nagusiki. Izan ere, berau sustatzeko politikak udal eta eskualde mailan aplikatzen dira. Erregio mailan ere. Hori da Ekai Center-eko ikertzaileen lan-ildoetako bat.
Maila zientifikoan ez da sakontasunez jorratu tokiko garapen ekonomikoaren gaia. Maila politikoan ere, gutxi landu da. Beraz, Ekai Center-en liburuak hutsune hori bete nahi du: lan horretan, tokiko garapenean oinarritutako politika publikoak aztertzen dira, bai tokiko eragile publikoei dagokienez, bai tokiko garapenean interesa duten eragile sozial eta pribatuei dagokienez ere.
Tokiko Garapen Ekonomikoa. Oinarriak liburua sei zatitan banatzen da:
- Sarrera: bertan, liburuaren jatorria eta helburuak zehazten dira.
- Oinarri kontzeptualak: tokiko garapen ekonomikoaren testuingurua ulertzeko kontzeptuak (erregio garapenarekiko loturak, lurraldetasuna, aurrerakuntza, baloreak…).
- Oinarri instituzionalak: toki garapenaren antolamendu juridikoa eta instituzionala.
- Eragileak: toki garapen ekonomikoan zer-esana duten eragileen deskribapena (publikoak nahiz pribatuak).
- Estrategia prozesua: tokiko garapen ekonomikoa prozesu estrategikoa da, hau da, plangintza baten barruan gauzatzen den ekintza. Plangintza horren gakoak azaltzen dira.
- Azpiegiturak: tokiko garapen ekonomikoa bermatzeko baliabideak.
Emaitza, hutsune zientifiko eta politiko zehatza bete nahi duen liburu teorikoa duzue eskuartean. Nolabait, errealitatea ulertzeko eta aldatzeko oinarri kontzeptualak ezartzen dituena.
Hala ere, Ekai Center-en lanak ikerkuntza zientifikoaren ikuspegi praktikoa dauka: erabilgarritasun soziala. Horren adibidea da datorren astean Ekai Center-eko Adrian Zelaiak Durangon emango duen hitzaldia, Durangalderako planteamendu zehatzak eskeiniz tokiko garapenaren inguruan. Hitzaldi hori UEUko Ekonomia Sailak antolatu du, Plateruenaren eta Berbaro Elkartearen laguntzarekin.
Ekai Center-ek tokiko garapenaren inguruan egindako lanak sarean aske daude: haien webgunean, eta euskarazko zenbait lan unibertsitatea.net-eko Otarrean bertan. Nabarmentzekoak, kulturak tokiko garapenean duen garrantziari buruz egindako zirriborroa eta udal-politiken inguruan Ekai Center-ek egindako lana.
Durangaldeari buruz Ekai Center-ek egindako hausnarketak (ikuspegi praktikoa) ere sarean daude. Hausnarketa horiek zuzenean entzuteko aukera izango duzue datorren asteazkenean, hilak 29, arratsaldeko 20:00etan Durangoko Plateruena Antzokian.
UEUko Ekonomia Saila says:
Adrian Zelaia (EKAI CENTER) Anboto aldizkarian: http://www.anboto.org/albistea/14598/teknologia-eta-prestakuntza-izan-behar-dira-gure-helburuak/.