Krisia eta kudeaketa publikoa Euskal Herrian

UEUko Ekonomia Sailak proposatuta, EKAI CENTER-eko ikerlariek UEUren udazkeneko eskaintzan ikastaro interesgarri bat antolatu dute: Krisia eta kudeaketa publikoa Euskal Herrian. Ikastaroa on line izango da. Hala ere, aurrez-aurreko saio bi izango ditu, ikastaroaren hasiera-egunean, urriaren 28an, 17:30etatik 19:30etara lehenengoa, eta ikastaro amaieran bigarrena.

EKAIGaraiaZein izan da ikastaroaren jatorria? Krisi ekonomiko-finantzarioa. Honek gogor eragin dio Europari. Testuinguru horretan, Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa hobetze aldera, eragile publikoen parte-hartzea ezinbestekoa da: politika publiko egokiak gauzatu behar dira, oinarri teoriko sendoekin. Horretarako, krisiaren inguruko ezagutza sakona izatea beharrezkoa da.

EKAI CENTER-ekoek eskeinitako ikastaroaren helburua Euskal Herriko egoera sozioekonomikoari buruzko ezagutza transmititzea da, formakuntza hori politika publikoentzat iparrorratza izan dadin, hausnarketarako, eztabaidarako eta kritikarako oinarri teoriko sendoak eskainiz. Aipatutako helburuak bat egiten du UEUko Ekonomia Sailaren helburu orokorrarekin: ekonomiarekin lotutako ezagutza kritikoa gizarteratzea, modu aske eta arinean, beti ere Euskal Herriko ikuspegia bermatuz. Azken finean, gure herriko egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko ideiak plazaratzea dugu xede eta ikastaro honek zuzenean bat egiten du egiteko horrekin.

Edukiari dagokionez, lehenik eta behin Euskal Herriaren kokapena aztertuko dugu (industria sektorea, zerbitzu sektorea, moneta-politika…). Ondoren, Espainiaren eta Europaren egoera izango da aztergai, krisiaren inguruabarrak ikertzeaz gain, etorkizunerako erronkak ere aipatuz (finantza-sektorea, politika-ekonomikoa, eredu produktiboa…).

images
Adrian Zelaiaren lana, industri politikaren inguruan.

Metodologikoki, ikastaroak alde praktikoa eta teorikoa uztartuko ditu, aurrez aurreko saioak eta on line irakaskuntza konbinatuz. Hasierako aurrez aurreko saioan oinarrizko gaiak landuko dira, eta azken aurrez aurreko saioan, azken praktiken emaitzak eta zalantzak landuko dira. Ikasgela Birtualaren bidez edukien informazioa zabalduko da eta ariketa praktikoak landuko dira. Zalantzak, argibideak eta ezagutza elkarrekin eraikiko dira Ikasgela Birtualeko foro eta beste zenbait baliabideren bitartez.

liburuaren azala
EKAI CENTER-eko ikertzaileen lana, toki garapen ekonomikoaren ingurukoa. Lana bera OTARREAN ikusgai duzue.

Ikastaroaren jasotzaileak, bereziki, politika ekonomiko publikoekin zerikusia duten pertsonak izan daitezke (ordezkari politikoak, administrazio publikoetako langileak, sindikatuetako eta bestelako eragile sozialetako kideak). Sektore pribatuan, erabakiak hartzeko testuinguru ekonomikoan kokatzeko beharra duten profesionalei ere interesgarria suertatu ahal zaie ikastaroa: ingurune sozial, profesional eta politikoaren inguruko eztabaida eta hausnarketetan modu aktiboan parte hartzeko aukera emango baitie ikastaroak. Oro har, gaiaren inguruan interesa duen edozeini dago zuzenduta.

Politikaekonomikoaz
Adrian Zelaiaren lana, politika ekonomikoen inguruko azalpen orokorra eta zabala emanez.

EKAI CENTER politika sozio-ekonomikoetaz arduratzen den Fundazioa da. Adrian Zelaiak, bertako presidente exekutiboa eta Arrasateko Talde Kooperatiboaren presidente ohia, hainbat lan argitaratu ditu politika-ekonomikoen inguruan. EKAI CENTER-en working paper edo lan-zirriborroak unibertsitatea.net atariko Otarrea dokumentuen biltegian ikusgai duzue. Adrian UEUko Ekonomia Saileko kidea da eta maiatzean aukera izan zuen UEUren bitartez bere hausnarketen berri emateko Durangon emandako saioan: “Toki garapena krisi garaian: planteamendu bat Durangaldearentzat”.

Ekai.Center.Liburua

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Unibertsitatearen aldeko ekimenen artean, UEUren graduondoko eta on line eskaintzaren lerroak babestuko ditu eta horren ondorioz, gipuzkoarrek dirulaguntza interesgarriak izango dituzte UEUko ikastaroetan: matrikularen %35eko dirulaguntza. Izen ematea, UEUko webgunean bertan.

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude