Ikasi eta ekin!

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan antolatzen du UPV/EHUko GEZKI Institutuak. Berarekin batera unibertsitate bereko beste organo batzuk ari dira parte hartzen, besteak beste, Hegoa Institutua, Lan-Harremanen Unibertsitate Eskola, Ekonomia Aplikatua I Saila eta Enpresa Zuzenbidea Saila.

cooperativa-argentina
Bitxikeria: Argentinako kooperatiba baten argazkia. Iturria: http://www.mutualismo.org/2009/07/contra-la-crisis-autogestion/.

Ikasgai-zerrenda oso zabala izaten ari da. Lehenbizi, oinarri teorikoak ondo finkatu eta gaur egungo esparru juridikoa aztertzera dedikatu gara. Segidan, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia solidarioaren kontzeptuaren azpian biltzen diren erakunde mota guztien errepasoa egin dugu. Sektore publiko eta pribatuaren aurrean Gizarte ekonomiaren kokapen zabala bezain konplexua ipini dugu mahai gainean. Gainera, ausartu gara Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Tokiko Giza Garapenarekin eta Ekonomia Feministaren alderatzen. Eta derrigorrezko ikasgaiak amaitzeko, kudeaketarako beharrezkoak diren tresnak, hala nola ekonomia eta finantzako azterketa, plan estrategikoa, Marketin plana eta fiskalitatea errepasatu ditugu. Intentsitate handiko dinamika izaten ari da.

Ikastolak, Euskal Herriko kooperatibismoaren eragile garrantzitsuenetarikoak.
Ikastolen mugimendua, Euskal Herriko kooperatibismoaren eragile garrantzitsuenetariko bat.

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren esparrua kokatzea ez da lan erraza. Kontzeptu honen azpian errealitate oso zabala eta anitza agertzen zaigu. Dena dela, legeak mugarri batzuk ipintzen dizkio. Estatuko 2001eko martxoaren 29ko Gizarte Ekonomiaren legea-ren laugarren artikuluak aurkezten digu zeintzuk diren Gizarte Ekonomiako erakunde guztiek errespetatu behar dituzten lau oinarri orientatzaileak eta komunak: (1) pertsonaren lehentasuna kapitalaren gainetik, (2) kudeaketa demokratikoa, (3) barne solidaritatearen eta gizartearekiko solidaritatearen sustapena eta, azkenik, (4) botere publikoarekiko independentzia.

Lege bereko 5. artikuluak Gizarte Ekonomiako entitateak zerrendatzen ditu. Izendapen zuzena erabiliz lege honek 10 entitate desberdin biltzen ditu: kooperatibak, mutualitateak, fundazioak, elkarteak, sozietate laboralak, gizarteratze enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzaleen kofradiak, eraldaketarako nekazaritza sozietateak eta entitate singularrak (legearen azterketa kontzeptuala: Etxezarreta eta Morandeira, 2012).

Hala nola, ikasturte honetan dagoeneko aukera izan dugu horietako entitate batzuk ezagutzeko. Ikasturtearen hasieran Gureak Enplegu Zentro Berezia bisitatu genuen Donostian. Bertako arduradunek Gureak Taldearen ikuspegi orokor bat eman ziguten, jatorria, helburuak eta antolaketa erakutsiz. Pertsona desgaituei lana ematea da GUREAKen betebehar nagusia.  Euren ustez desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonak lan munduan txertatzea funtsezkoa da horien gizarteratzea lortzeko. Aldi berean, bertan, autoen aurreko argien kableatu elektrikoa muntatzeko planta zuzenean ikusteko parada ere izan genuen.

Ondoren, Bilbo aldeko Peñascal Kooperatibara joan ginen. Kooperatiba honen helburua euren ikasleak profesionalki prestatzea da lan merkatuan ondo kokatzeko eta, era berean, pertsona arduratsuak eta solidarioak izateko. Eta hori dena, enpresa parte-hartzaile eta autogestionatu baten bitartez.

Bilboko Peñascal auzoa, 1980. hamarkadaren hasieran.
Bilboko Peñascal auzoa, 1980. hamarkadaren hasieran.

Emaús Fundazio-ko kideak ere etorri zitzaizkigun Masterrera euren esperientzia kontatzera. Gizarte Fundazio honen helburua arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean prozesu eraldatzaile indibidualak eta kolektiboak bultzatzea da. Horretarako, besteak beste, bazterketa arriskuan dauden pertsonak lan munduan eta jendartean txertatzeko programak antolatu eta ekonomia solidarioko enpresak martxan ipintzen dituzte.

Arrasateko Kooperatiben bilakaera aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera ere hartu dugu kurtsoan zehar. Fagor Etxetresnen kasua behin baino gehiagotan atera da klasean, debate aberatsak bezain sutsuak sortaraziz. Bereziki hausnartu dugu Arrasateko Kooperatiba mugimenduak gaitasun handia daukala demokrazia parte hartzailea eta autogestioa enpresa barruan azken muturreraino eramateko. Baino zoritxarrez, praktikak, berriz, azken urte hauetan erakutsi digu ahalmen hau oso urrun dagoela errealitatetik. Kasu askotan teknoestrukturak menderatu egin duelako aginte ahalmen guztia.

Mondragon Korporazioak Txinako Kunshan industrigunean duen egoitza.
Mondragon Korporazioak Txinako Kunshan industriagunean duen egoitza.

Tarte berezia eskaini diogu Arrasateko kooperatiben nazioartekotze prozesuari. Bertatik atera dugun ondorioa da nazioartekotze prozesu hau Kooperatibismoak eskatzen zuen prozesutik desbideratu egin dela kooperatiba handien kasu gehienetan. Beste Enpresa multinazional arruntak bezala funtzionatu dute. Adibidez, Fagor Etxetresna Elektrikoen kasuan transferentzia prezioak erabili dira kontabilitate estrategiak betearazteko. Lortutako mozkinak ere ez dira banatu kanpoko fabriketako langileen artean eta filialen gutxieneko ordezkaritza ez da bermatu Kontseilu Errektorean eta Kontseilu Sozialean.

Atera dugun ondorio nagusia Arrasateko taldeko kooperatibek multinazional arruntetik desberdindu nahi badute nazioartekotze prozesu zeharo desberdin bat burutu beharko dutela izan da. Horretarako planteatu da ezinbestekoa dela, besteak beste, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) onartutako arauak betetzea, irabaziak herrialdean bertan inbertitzea, kanpoan sortutako enpresak herrialde berari egokitutako teknologiarekin antolatzea eta bertako herri mugimenduarekin lotutako beste garapen eredu baten bultzatzaile izatea.

nekazaritza_kooperatibak
Nekazaritza kooperatibak.

Zalantzarik ez dago Gizarte ekonomiako erakundeek, gure gizarteko beste erakundeek bezala, urteak pasa hala joera dutela gainbehera prozesuan sartzeko. Bazkideak protagonismoa galtzen joaten dira eta boterea poliki poliki kontzentratzen joaten da esku gutxi batzuetan. Bestalde elkartasun baloreak ahultzen doaz eta ohiko enpresa kapitalisten ohiturak sartzen hasten dira ekonomia sozialeko enpresara zirrikitu guztietatik. Joera hau gaur egun handitu eta azkartu egin da oro har munduan agintzen duen ekonomia neoliberalaren baloreak eta funtzionatzeko moldeak jaun eta jabe bihurtu direlako mendebaldeko gizartean. Aipagarria da indibidualismoak hartu duen garrantzia bizitzako arlo guztietan. Era berean, kontsumo gizarteak markatzen du gure eguneroko agenda eta kapitalaren logika pertsonaren gainetik ipintzen saiatzen da. Gizarte Ekonomia, zenbait kasutan, ezin izan da errealitate honetatik kanpo gelditu. Gainbehera prozesu hau garatzen denean kooperatiba barruko parte hartze dinamikak asko murrizten dira.

Kooperatiba batzuk daramaten etengabe hazteko ildoak ez du laguntzen kooperatiben oinarrizko printzipioak garatzeko eta partaidetza sustatzeko. Argi dado kooperatiba baten dimentsioa aldagai garrantzitsua dela bere autogestio maila eta barne demokraziaren kalitatea neurtzeko garaian. Eroskiren kasua adibide esanguratsua da. 14.500 bazkide kooperatibista eta 33.000 inguru langile kontratatu dituen kooperatiba batek zailtasun handiak edukiko ditu kooperatiben printzipio nagusiak azken muturreraino eramateko.

Ezagunena den Arrasateko esperientzia kooperatiboarekin batera Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren beste errealitate bizi eta eraldatzailea ezagutzeko parada eduki dugu ikastaro honetan. Euskal Herrian, azken urte hauetan, bestelako ekonomia eredu bat bultzatzen duten ekimen produktiboak sustatzen ari dira, merkatua eta errentagarritasun pribatuaren printzipioak gainditu nahian. Esperientzia berri hauek REASen inguruan antolatzen ari dira. REAS (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) pertsonen eta inguruaren zerbitzura jarritako ekonomia sustatzen duten zenbait enpresa eta erakunde sozial biltzen dituen sarea da eta bere asmoa gizartearen eraldaketa bilatzen duten proposamen kolektiboak sendotzea da. Sare honek hasi besterik ez badu egin ere bere barnean potentzialtasun handia dauka erakunde autogestionatuak antolatzeko eta garatzeko eta, era berean, jendarte osoaren eraldaketa sozial eta ekonomikoaren motor garrantzitsu bat bihurtzeko.

www.koopera.org
www.koopera.org

Ikusten duzuenez, errealitate oso zabala eta anitza dugu gure aurrean, bakoitzaren indar gune eta ahuleziekin. Baino helburu argi batekin: Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa tresna egokia bihurtzea gaur egungo gizarte kapitalistari bestelako eredu bat eraikitzen joateko. Dudarik gabe, bidea ez da zuzena izango. Oztopoak eta kontraesanak nonahi agertuko dira. Dudarik gabe, balio berrien garapenak eta Lehia dialektikoak markatuko du eraldaketaren agenda.

Master honetan izena eman dugun ikasle gehienok sinetsita gaude gaur egungo ohiko enpresa kapitalistatik at badagoela beste eredu gizatiarrago eta eraginkorrago bat sare produktiboa antolatzeko. Demostratu dezagun praktikarekin!

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerSarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”.

Oharra: Eusebio Lasa Altuna, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea da. Horrez gain, GEZKI Institutuko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterrean ikasle eta ikertzailea. UEUko ekonomia saileko kidea da.

Eusebio Lasa, beste hainbat gauzen artean, irakaslea, ikaslea eta ikertzailea.
Eusebio Lasa: irakaslea, ikaslea, ikertzailea eta UEUkidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude