Marxengana itzuli beharko da? Alboratu behar da? Gaindituta dago?
Itzultzekotan, argi dago ez gaudela exegesi baten aurrean, testu sakraturik ez baitago inon. Hortaz, hau ez da exegesi bat. Ezin izan daiteke. Marxen jarreraren aurka izango litzateke beraren testuak biblia gisa aztertu nahi izatea. Nolabait Marxez haratago joan behar da, baina Marxek zeukan ekonomiarekiko kritikaren grina berriz ere berpiztu behar dugu. Horixe da hemengo (eta nonbaiteko) marxistei aurpegiratu behar zaiena, testuen exegeta bilakatzea, Marxen testuak biblia gisa irakurri nahi izatea, marxismoa teologia berri bihurtzea, eta teologia mota guztiak, jakina denez, denbora galtzea besterik ez dira.
Marxen iritziz, ekonomia politikoaren helburua (Kapital, I. bol.) gizarte modernoaren lege ekonomikoen oinarriak asmatzea zen. Horretarako gogor, sendo eta fermuki aritu zen, plusbalioa langileriaren ustiaketaren muinean jarri zuelarik. Baina Marxek ezagutu zituen aroak, baldintzak eta kapitalismoa bera erabat aldatu dira. Hortaz, berak ezin aurreikusi lan-indarra haren alokairutik ez ezik haren aurrezkitik ere esplotatua izango zela. Gertaera hau erabat berria da, kapital finantzarioaren fenomenoarekin sortua.
Kontua da XIX. mendeko kapital finantzarioaren analisirik sofistikatuena Marxi dagokiola (Plusbalioaren Teoriak, III. partea). Izan ere, kapital finantzarioaren garapena analizatu zuen, garapen hori mugagabekoa zela ikusiz, interes-tasa konposatuaren arabera. Baina hori guztia analizatu ondoren, analisi hori bertan behera utzi zuen, kapital finantzarioa kapital industrialaren menpe egongo zela aldarrikatuz. Beste edozein ekonomialari baino askoz gehiago kezkatu zuen Marx garapen horrek, baina azkenean uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna zeukala.
Egun marxistak, oro har, ez daude kezkatuta finantza-munduarekin. Eta finantza-kapitalaz ez arduratzea fikziozko ekonomia analizatu nahi izatea da. Modu honetan, ekonomia-zientzia fikziozko zientzia bilakatu da, errealitatearekin inolako parekotasunik ez daukan denbora-pasa. Teoriek, marxismo ortodoxoak barne, errealitatea bortxatzen dute. (Ez dezagun esan halako hark aldarrikatu zuena: «Teoria ez badator bat munduarekin, askoz okerrago munduarentzat»).
Gaur bizi dugun sisteman finantza-ekonomia da, eta berau da ikertu behar dena; egoera berri horri aurre egin behar zaio. Sistema monetario eta finantzario autonomoa da produkzio-medio materialetatik, eta hain sendoa da ezen produkzio-medio horiek suntsitzen baititu. Finantza industrializatu barik, industria finantzializatu egin da. (Marxista bati gogorregi iruditzen bazaio egoera berri hori, okerrago berarentzat, zeren errealitatea oso egoskorra baita). Okerrago oraindik, norberak finantza-erakunde handietarako lan egin behar du ordainketa-balantzaren defizitak eta funtsen fluxuak ulertu ahal izateko. Izan ere, nazioarteko merkatu finantzarioen funtzionamendua ez-intuitiboa da oso, Hudson ekonomialariak erakutsi digun bezala.
Hona Kuban, 2000. urtean, bertako Alderdi Komunistari Michael Hudsonek emandako hitzaldiaren zenbait aipamen adierazgarri[1].
Marx, orain dela mende bat, globalizazioaren alde azaldu zen, pentsatuz globalizazioarekin batera Asia, Ekialde Hurbil, Hego Amerika eta Ekialde Urruneko erakunde atzeratu eta zaharrak hautsiko zirela, lan-indarrari, langileriari lerro ekonomiko modernotan antolatzeko aukera emanez.
Baina hori ez da gaur gertatzen dena. Egungo globalizazioa desberdina da oso, ez baitira errepikatzen garatu gabeko herrialdeetan erdigunean dauden harreman ekonomikoak. Fenomeno berriak azaldu dira. Egungo nazioarteko korporazio handiek -eta hauen atzean dauden akziodunek eta bankariek- errenta eta interesa bilatzen dituzte. Enpresa global horiek ez dute inolako mozkinik jasotzen beren jatorriko herrialdeetan, zenbait gune berezitan baizik: zerga-paradisuko zenbait irlatan, itsasoz haratagoko banku-guneetan. Horrek ondokoa esan nahi du, alegia, herrialde konkretu batek bilatzen baldin badu inbertsiogile atzerritar batekin nolabaiteko mozkin gaineko akordioa lortzea, baliteke ezaren erdia jasotzea. (Korporazio global haiek beren mozkinak finantzagileei interes modura ordaintzen dizkiete. Halaber, haien mozkinak segurtasun kargen eta beste karga ez-produktiboen gaineko gastuak direla aurkeztu nahi dute).
Arazorik handiena finantzarioa da. Munduko industria sektore finantzarioaren menpe dago. (Marxek uste zuenaren aurkakoa, hain zuzen ere). Korporazio multinazional handiek ez dute bilatzen plusbalioaren fenomenoaren bidez garapen gabeko herrialdeetako langileria ustiatzea. Batez ere lurra, baliabide naturalak (meategien gaineko eta monopolioen gaineko eskubideak) eta kanpo-zorren bitartez gobernu desberdinek antolatutako baliabide publikoak (tren- eta hegazkin-sistemak, telefono- eta komunikazio-monopolioak, telebista publikoak, petrolio-, gas- eta energia elektrikoko monopolioak) bilatzen dituzte, berauek prezio baxuan erosteko, gero lan-indarraren gizarte segurantzako aurrezkiak pribatizatu nahi dituzte, korporazio horietan partaidetza izateko, prezioak altxatzearren.
Hitz batez, inbertsiogile globalek ez dute nahi garaturik gabeko herrialdeak garatzea eta plusbalioaren mekanismoaren bidez kapital berria sortzea, jadanik eraturiko kapitala eskuratzea baizik. Horretarako, pribatizazioa eta globalizazioa batera doaz, zeren langileria murriztu behar baita. Enpresa erraldoiek langileak botatzen dituzte, langileria murrizten, gizarte segurantza pribatizatzen eta burtsa-merkatuen espekulazioa bultzatzen, ez dute nahi Marxek azaldutako langileriaren esplotazio zuzena.
Munduko ekonomia eta beraren sistema finantzarioak planifikatuta daude, ez gobernu desberdinen bitartez, finantza-ingeniaritzaren bidez baizik. Alokairuak murrizten dituzten bitartean, langileak bultzatzen dituzte beren pentsio-funtsak eta gizarte segurantzako aurrezkiak burtsa-merkatuan jartzera, burbuila finantzarioa puztuz. Prozesu global hori NDF Nazioarteko Diru Funtsa delakoak eta Munduko Bankuak babesten dute, gobernu desberdinei esanez beren arlo publikoak saldu behar dituztela.
Baina, ekonomialari amerikarrak aipatzen duenez, statu quo finantzarioa ezegonkorra da. Hortaz, sistema finantzarioa nolabait erregulatu beharra dago. Horren guztiaren aurrean, Hudson ekonomialariak kontra-estrategia bat proposatu du. Hitz batean, eta aipu luzea laburtzearren, interesen, aseguruen eta karga parasito ez-produktiboen ordainketa baino lehenagoko errenta-zerga bat martxan jartzea, hala maila nazionalean nola nazioarteko mailan. Halaber, inbertsio produktiboa bultzatuko duen merkatu-sozialismoaren antzeko bat, zeinak Munduko Bankuari eta NDF delakoari aurre egin behar baitie.
Nahikotxo lan teorikoa (Super imperialism: the economic strategy of American empire; Global fracture: the new international economic order eta Trade, development and foreign debt) alferkeriatan eta ezertarako balio ez duen sasi-teorietan segitzeko. Lot gatzaizkion eginkizun berriari. Marxez haratago joanez, baina Marxek zeukan kritikarako grinarekin, kapital finantzarioa dugu aztergai. Finantza kapitalismoa da nagusi gure egunotan.
[1] Ikus http://michael-hudson.com/2000/01/speech-to-the-communist-party-of-cuba/.
Unai del Burgo says:
Hona hemen hasiberri baten ideiak eta zalantzak:- Adostasuna: Joseba, zurekin erabat ados nago. Marxez eta beste hainbat teoriaz haratago joan behar gara. Kritika/autokritika binomioa erabiliz, ikuspegi berriak landu behar ditugu. Hori argi dago. Beste zientzia batzuek izugarri garatu dira (medikuntza, ingenieritza…). Gizarte-zientziek bide berdina jarraitu behar dute. – Harridura: deslokalizazioaren fenomenoa azaltzeko, ezkerreko hainbat eragilek plusbalioaren mekanismoa aipatzen dute (soldata bajuak, gizarte segurantzarik gabeko estatuak…). Hala ere, Hudson jaunak eta zuk zeuk aipatutako mekanismo berria aurrekoa baino beldurgarriagoa da (ondasun eta zerbitzu publiko/estatalen pribatizazioa eta pribatizazioaren bitartez sortutako fondoen espekulazioa). – Ideia: Nire ustez, plusbalioaren mekanismoa ez da alboratua izan, deslokalizazioaren beste faktore bat bilakatu da. Orain, badirudi, bi faktore gainjarri direla: plusbalioaren mekanismoa eta pribatizazioak sustatutako fondoen espekulazioa. Industri kapitalismoa eta finantza kapitalismoa. Ados nago kapitalismo mota berria aztertu behar dela. Hala ere, kapitalismo industriala berbideratzeko edo guztiz aldatzeko bide berriak (edo zaharrak) ere (bir)asmatu behar dira. Makro eta mikroekonomia elkarrekin abiatu behar dira. – Proposamena: Horren harira, aipatu duzuen merkatu-sozialismoaren kontzeptua (ber)eskuratu beharko genuke, bai makroekonomian, bai mikroekonomian (mikro atalari dagokionez: aipagarria da 60 eta 70. hamarkadetan Yugoslavian aplikatutako enpresa eredu partehartzailea edo azken urteotan Kuban inplementatutako kooperatibismo usufruktuarioa).- Zalantza: Hudson-en errenta-zergak zerikusirik ba al du TOBI TASA famatuarekin? (zerga hori inplementatuz gero, kapital-fondoen nazioarteko transakzioak zergapetuko lituzke).Edonola ere, txalotzekoa da bide berriak jorratzen dituztenen lan eskerga. Eutsi gogor!
joseba felix tobar-arbulu says:
Ongi Unai,
Mila esker zure komentarioengatik.
Ezin dugu den-dena artikulu soil batean esatea. Pixkanaka joango gara, ahal den moduan eta neurrian.
Oraingo honetan, eta tesi moduan, hona zenbait erantzun labur:
a) Hudsonek dionak ez dauka batere zer ikusirik Tobin-en zerga-tasarekin. Tobin labur samarra geratu da. Arituko gara Hudson-en proposamenekin aurrerago.
b) Marx-en plusbalioaren teoria kapitalismo industriala ulertzeko balio zen. Kapitalismo mota hori desagertu egin da hein handi batean. Orain Finantza Kapitalismoan bizi gara. Aro berriak erreminta berriak behar ditu.
c) Hurrengo batean ustiapen berriaz arituko naiz, Hudsonen ildotik. Munduko herrialde desberdinetako banku zentralak eta AEBetako Altxor Publikoa izango dira aztergai.
Jon Mendiolea says:
Marx hasiberrientzat Josebaren artikulua
interesgarria oso izan arren ez nator hartan Marxen lanari emandako
iritziarekin. Hona hemen ezadostasun puntu nagusiak:
1.
Exegesia Marxen lanak testu sakratutzat hartzea bada erabat ados nago
Josebarekin. Harluxet hiztegiak, baina, exegesia honela definitzen du:
Testu baten interpretazio edo azalpen filologiko, historiko edo doktrinala. • exegesi bibliko. ERL. Biblia ikertzen, azaltzen eta interpretatzen duen teologiaren
adarra.
Definizio nagusiak,
beraz, testuak sakratutzat jotzearekin ez dauka zerikusirik. Hala ere,
edozelako erlijio kutsurik saihesteko, exegesi barik, interpretazioa esan ahal
dugu eta kito. Izan ere, Marxen testuak (eta beste edozein pentsalariarenak)
ondo interpretatu behar ditugu ez errealitatearen azterketa alboratzeko, baizik
eta testu haiek errealitate hura ulertzeko tresnatzat hartzeko edo, kasu,
baztertzeko. Puntu honetan baten batek, eskubide osoz, galde lezake: eta nork
erabakiko du zein den interpretazio zuzena? Erantzuna da testuek berek, hauen
interpretaziorako erabili diren irizpideak zentzuzkoak eta zorrotzak izanez
gero. Baina zeintzuk dira irizpide horiek? Bi dira: edozein testuren
interpretazio batek, alde batetik, logikoki koherentea izan behar du eta,
bestetik, ez du ezeztatuko testu honetako inolako pasarterik. Eta testuan
bertan elkarri ezeztatzen duten pasarterik balira? Beno, kasu honetan
interpretazio zuzena interpretazio posiblerik ez dagoela esatea litzateke;
testuaren baitan kontraesan gaindiezinak daudelako. Hauxe da, hain zuzen ere,
Marxen Kapitalerako ekonomista askok (Samuelsonek eta Steedmanek, besteak
beste) proposatu duten interpretazioa, eraldaketa arazo delakoagatik batez ere.
Hala ere, Time Single System delako
interpretazioak (Alan Freeman eta Andrew Kliman dira interpretazio honen egile
esanguratsuenak eta emankorrenak, euren web pertsonalak, hurrenez hurren,
honako hauek direlarik: http://w3.gre.ac.uk/~fa03/research/index.html
eta http://akliman.squarespace.com) ez dituen halako akats logikorik. Badago,
beraz, Marxen lan handiaren, gutxienez interpretazio posible bat. Horrexegatik,
lan hori ezin da, besterik gabe, baztertu.
2. Josebaren ustez,
Marxen teoria zaharkituta geratu da berak ezin aurreikusi lan-indarra haren
alokairutik ez ezik haren aurrezkitik ere esplotatua izango zela eta.
Kritika horrek, baina, ez dauka zerikusirik Marxen esplotazio forma
kapitalistari buruzko teoriarekin.
Izan ere, teoria hartan,
esplotazio kapitalista (esplotazio forma guztiak bezala) klaseen arteko
harreman soziala da. Langile klaseen kideek burututako lanaldia bi zatitan
banatzen da: euren kontsumo-gaiak erreproduzitzea helburu duena eta klase
jabeek eskuratuko duen mozkina sortzen duena. Eta kapitalismoan alokairukoen
lanak diru masa forma hartzen duenez, merkatal ekoizpenaren balio erantsi netoa
dena, mozkin kapitalista edo plusbalioa da masa honi langileek beren kontsumoan
gastatutako dirua kenduz geratzen dena. Prozesu honetan alokairua ezinbesteko
bitartekotza da. Hauxe baita langileek beren kontsumoa gaiak (euren
lan-indarraren etengabeko erreprodukziorako gaiak, kapitalaren beharren
arabera, baino ez direnak) eskuratzeko bidea. Eta, horrexegatik, da ere
alokairukoak kapitalaren zerbitzupean jartzeko ezinbesteko tresna, beste
produkzio-moduen tresna zen hertsadura ez ekonomikoa (fisiko edota ideologikoa)
ordezkatu duena. Bestalde, ez dugu
ahaztu behar langileen beharrezko kontsumoa ez da bakarrik une jakin batean
lanean ari direnena, hauei ere gehitu behar zaie:
-Langabezian daudenak,
kapitalak behar beharrekoak duen erreserba armada industriala osatuz.
-Atsedenaldian daudenak.
-Lan indarra erreproduzitzeko
ez ordaindutako etxeko lanetan, emakumezkoak batik bat, aritzen direnak.
-Haurrak eta gazteak,
etorkizunezko lan-indarraren iturria.
-Lanetik erretiratutako
guztiak, behin betikoak zein behin behinekoa .
Zeren eta talde hauen
guztien kontsumoa beharrezkoa baita alokairuko langileen klasearen
erreprodukziorako.
Arestiko azalpenak argi
erakusten du ez dagoela funtsezko ezberdintasuna, Marxen teorian, langileen
esplotazioan handitzen bada alokairuen murrizketaren ondorioz, lanaldia
luzatzeagatik, kontsumo-gaien prezioen igo direlako edo kapital finantzarioaren
euren aurrezkiak jabetzeagatik. Azken hauek iraganean ordaindutako alokairuak
baino ez dira eta halako lapurretaren ondorioa izango da klase kapitalistak
plusbalio masa handiagoa, etorkizunean, eskuratzea, honen zatirik handiena edo
bere osotasuna klase haren zatiki jakin baten (kapitalista finantzarioak, kasu)
poltsikoetara badoa ere. Laburbilduz, kontu hauek guztiek plusbalioaren
banaketan dute eragina eta ez dute, inola ere, alokairuko langileek
produzitutako plusbalioa dela kapital guztien irabaziaren iturria.
3.
Marxen ekarpen teorikoa arbuiatzeko beste arrazoi bat honako hau dateke: [Marxek]
uste zuen kapital finantzarioak bigarren mailako rola, menpeko eginkizuna
zeukala. Berriz ere, Marxen testuek beste gauza bat diote. Kapitalaren
bolumen III-aren 27. kapituluaren arabera (http://www.marx.org/archive/marx/works/1894-c3/ch27.htm)
kapitalismoaren garapenaren ondorio saihestezina da:
….aristokrazia finantzarioa berria, parasito mota berri bat, sustatzaile
eta espekulatzaile hartzen duena; enpresen sustapenak, akzioen eskaintzak eta
burtsa-espekulazioak osatutako azpijoko eta iruzur sistema oso bat.
Honek
ez du esan nahi finantza kapitalistaren garapen garaikide guztiak aurreikusi
zituela. Ezinezkoa zen hori. Bakar bakarrik hauxe diot: bere sistema teorikoan
ez dagoela ezer finantzen menderatzearen kontra. Menderatze honen esangura,
behintzat, kapitalista finantzarioek plusbalio gehiena eskuratzea eta ekoizpen
kapitalista euren interesen arabera manipulatzeko gaitasuna bada.
4. Dena
den, seguruenik, Josebaren ezadostasuna puntu honetan sakonagoa da. Badirudi
ukatzen duela kapitalaren irabaziaren
sorburua plusbalioa izatea. Ederto, zein da sorburu hura baina?
Galdera
hau Marx hasiberrientzat artikuluak berak planteatu egiten du. Izan ere,
hartan honako hau esaten zaigu: finantzek sortu bide duten kapitalismo berri
hau, harrapakin-sistema hutsa, parasitismo hutsa da. Negozio hau, baina, kostu
handikoa eta arriskutsua da ere bai. Gastu militar izugarriak, besteak beste,
eskatzen baititu eta ekartzen dituen abenturek ondorio ezatseginak ekarri
ditzaketelako.
Esaterako,
Vietnamgo gerrak krisi politiko sakona sortu zuen Estatu Batuetan eta Irakekoak
antzekoa ekar lezake. Eta okerragoak ere gertatu dira: Tsarren inperioko
kapitalista eta lurjabeek dena galdu zuten, 1914-1918-ko sarraski
inperialistaren ondorioz.
Hudsonek
salatutako Estatu Batuen super inperialismo hark antzeko arriskuak eta
kostuak baditu. Lehenik eta behin, beste herriek dolarraren iruzurrari uko
egitearen arriskua. Kostuak ere egon badaude. Alde batetik, finantzetan
hegemonikoa izatea (eta hau da dolarraren nagusitasunerako funtsezko baldintza
bat) ez da dohainik ateratzen. Arlo honetako lehia irabazteak, beste edozein
arlotan bezala, inbertsio handiak eskatzen baititu. Bestetik, super
inperialismo delakoaren beste baldintza bat da AEB-ren nagusitasun militarra.
Irabazien zati handi bat, beraz, gastu militarretan inbertitu behar
dira. Ez de super inperialismoa Hudsonek uste duen hain debaldeko bazkaria (the proverbial free lunch)
Hala
ere, finantzariek badakite, jakin, kontuak egiten eta arriskuak neurtzen.
Ondorioz, irabaziak lortzeko modu honek, haren kostu izugarrien gorabehera,
errentagarria izan behar du. Produkzioa baino errentagarriagoa hain zuzen ere.
Argi eta garbi, egoera hau azaltzeak irabazi kapitalistari buruzko teoria
eskatzen du.
Eta
behar den teorian Marxena delakoan nago.
Unai says:
Hausnarketa filosofikoetan sartu gabe (Marx-en doktrina ez baitut inoiz ere modu sakonean ikertu/aztertu/menperatu), Josebaren jarrera kritikoa zelan ulertzen dudan aipatuko dizut, Jon.Nik ulertu dudanaren arabera, marxistek bereziki lana eta kapitalaren arteko gatazka aztertu dute: kapitalak bere ordainsaria maximizatzen du lanaren ordainsaria minimizatuz (plusbalioaren teoria). Esplotazio hori, bereziki, enpresan ematen da, hau da, jarduera produktiboan (esplotazio industriala).Hala ere, egungo ekonomia neoliberal globalizatuan finantza merkatuen desarauketa gauzatu da eta horren bitartez, eremu produktiboan inbertitu beharko liratekeen fondoak jarduera espekulatzaile finantziarioetan inbertitzen dira. Fikziozko ekonomia bat sortzen ari da ekonomia produktiboaren aldean. Horri lotuta, AEBen esplotazio finantziarioa ere aipatzen du Josebak (banku zentralen arteko esplotazioa).Nire ustez, Josebak bi ekonomia horiek aztertu ditu eta finantza ekonomian gertatzen den esplotazioa, kuantitatiboki esplotazio produktiboa baino handiagoa dela jabetu da. Horregatik kritikatzen ditu lana eta kapitalaren arteko gatazkan soilik oinarritzen direnen tesiak.Zentzu horretan, nik erdiko jarreraren alde egingo nuke: enpresaren ekonomia (kapitalismo industriala, hor plusbalioaren teoria agertzen da) eta finantza ekonomia (kapitalismo finantziarioa) biak aztertu behar dira. Bataren azterketak ez luke bestearen azterketa oztopatu behar.
joseba felix tobar-arbulu says:
Jon eta Unai,
Oso ongi eztabaida piztea.
Uste dut nahiko argi dagoela Hudson-ek dioena, alegia gaur egungo esplotazio nagusia, ustiakuntza ikaragarria, gobernuen artean gertatzen da, Banku Zentralen bidez, eta AEBek daukaten aparteko abantaila dela bide.
Gaur egungo kapitala, batez ere, ekonomia erabat birtualean aritzen da, ia bi bilioi dolar egunero mugiarazten dituena, eta horrek ez du ukitzen ekonomia produktiboa, alegia horrek ez du esplotatzen inolako langilerik.
Ez, Marxek berak ez zuen aurreikusi hori. Irakur, mesedez, Hudson-en lanak, web orri honetan behin eta berriz aipatuak. Bestela, berriz ere, exegesi arloan mugituko ginateke.
Ez adiorik.
joseba says:
Jon eta Unai,
Kontua latzagoa da.
Dirua dagoen lekuetatik, hots gure lehen mundu honetatik, langileak gehiago daude ustiatuta beren aurrezkietatik produkzioan beren alokairuetatik baino.
Hori ere Marxek ez zuen aurreikusi, ezta sumatu ere. Eta gaurko Marxen exegetek?
Soilik plusbalioa dogmatzat hartzen dutenek, hau da exegesian murgiltzen dutenek, pentsa lezakete kontzeptu horrek gaur egungo kapitalismoaren (ez XIX. mendekoa!!!) funtzionamendua esplikatzen duenik.
Oinarrizko bibliografia. (Ikus Hudson-en web orria: http://www.michael-hudson.com .) 1) Super Imperialism (2. edizioa, 2002) delakoaren sarrera eta azken bi kapituluak eta Global Fracture (2005) delakoaren sarrera. 2) Harpers delakoaren aldizkarian (2006ko apirilekoa): “Road to Serfdom. An illustrated guide to the coming real state collapse”. 3) Harpers delakoaren aldizkarian (2005ko apirilekoa): “The $4.7 trillion pyramid. Why Social Security won’t be enough to save Wall Street.”4) 2004ko artikulua Post Keynesian Conference delakoan: “Saving, Asset-Price Inflation and Debt-Induced Deflation”.
joseba says:
Kaixo,
Marx eta aurrezkiak: ikus http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2006-07-27&orria=004&kont=008
(Hurrengo astean jarriko dut artikulu hori web orrian)
Jon says:
Unai:
Testuak irakurtzea eta hauek ahalik eta modu objektiboen interpretatzea ez da “hausnarketa filosofikoetan” sartzea. Edozein eztabaida teorirako eskaera minimoa baizik.