AEBetako Federal Reserve delakoa azken buruko mailegu-emaile gisa jarri zuten martxan. Hauxe da diruari eta bankugintzari buruzko testu-liburuetan azaltzen dena, ikasle gazteak inpresionatzearren. Izan ere, ortodoxiak gazte inozoak behar ditu.
Hurrengo ikasgaian, hauxe diote: atzerapen ekonomikoak eta krisiak enpresak eta burtsa-merkatuek sorrarazten dituztenez, azken buruko mailegu-emaile global bat beharrezkoa dela. Horrelako mailegu-emaileak NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) eta Mundu-Bankua dira, noski.
Hurrengoan, soilik ikasle aurreratuei esaten zaie: gordailu asegurua martxan jarri behar da. Horrek «galerak sozializatzen ditu» herrialdeko aurreztaileentzat, haien aurrezkiak bermatuz. Modu horretan gaur egun erabat saindua eta bedeinkatua dena azaldu da: aurreztu egin behar da (mezua nonahi entzuten da).
Hona hemen ondorio zuzena: aurrezkiak sorraraztea, hau da, ekonomiaren helburu garrantzitsu bati eustea. Izan ere, gure sistema ekonomikoa aurrezkien bidez egituratuta dago; kasurako, erretiroa finantzatu eta aseguratu dute Gizarte Segurantzak eta pentsio-funts pribatuek. Esan bezala, helburua lortu da: ikasleak pozik (irakasleak pozago eta are pozago aurrezki horiekin espekulatuko dutenak).
Ikasle super-aurreratuei ondokoa irentsarazi zaie: aurrezkiek (hots, banku gordailuak, burtsa- eta bonu-merkatuak) teknologian eta enpresetan inbertsio ukigarri zuzena finantzatzen dute.
Noski, aipatutakoa ez da egun gertatzen. Inondik inora. Testu-liburuetatik at benetan azaltzen dena hauxe da, inbertsio zuzena barrutik (enpresa handiek batez ere) sortutako irabaziek finantzatzen dutela, ez banku-maileguek. Izan ere, gaur banku-sistemak eta burtsa-merkatuek inbertsio zuzenetik erabat bereizita daude.
Maileguak luzatzen dira. Beraz, finantza sistemak ekonomian ordaintzeko gai ez dituen eskaerak metatzen ditu. (Hori interes konposatuko matematikari dagokio, baina ez da normalean irakatsi[1].)
Interes-zama, eta hortaz, aurrezkien hazkundea batez ere matematikari dagokion fenomeno hutsa da, zeina ekonomiari gainjartzen baitzaio. Matematika oso zehatza da eta, emaitzari buruz, ez dago batere dudarik: ekonomia itota hil egiten da bere zor orokorra gero eta handiago bilakatzen den heinean; izatez, ekonomiaren errenta gero eta gehiago zuzendu behar zaio zor-zerbitzuari (interes eta amortizazioari).
Interes eta amortizazio horiek, hartzaileek ondasun eta zerbitzutan gastatu izan balituzte, orduan gutxienez ekonomiaren eskari funtzioak haziko ziratekeen. Baina zor-zerbitzuko hartzaileek beren dibidenduak eta interesak berrinbertitzen dituzte mailegu eta inbertsio berrietan, zeren pentsio-funtsetan eta erretiro-planetan aurrezten duen jendearentzat, baldintza hori legez jarrita eta behartuta baitago. Fondo horiek aurreztuak izan behar dira, beraien dibidendu eta interesekin batera, eta ez zaizkio aurreztaileari askatuko, bera enplegu-merkatutik kanpo seguru egon arte.
Jendeak nolabaiteko zor-poluzioa jasaten du, jakin barik noski. Zorraren bolumena gero eta handiago bihurtzen da, ekonomiak ordaintzeko gaitasunez haratago, eta ondorioz, kontsumo-mailak murriztuz. (Baldin eta zor-arazoa badago, orduan aurrezkien arazoa dago. Aurrezkiak txanpon beraren beste aldekoak dira, pertsona baten aurrezkiak beste baten zorrak baitira.)
Beste alde batetik, argi gera bedi, egun ez dago inolako loturarik aurrezkien eta inbertsioen (produktiboaren) artean. Aurrezkiek eta inbertsioek kontabilitatezko identitatea daukate, zeina soilik ex post facto ezagut baitaiteke, ez a priori. Izan ere, gaurko munduan aurreztea eta kreditu-sormena inbertsio produktibotik deslotuta daude[2].
Egungo helburua ez da inbertsio produktiboen bidez mozkinak egitea, aktibo-prezio irabaziak lortzea baizik. Nola? Existitzen diren aktiboekin jolasten, manipulatzen, espekulatzen. Hauxe da gaur egungo finantza kapitalismoaren ezaugarririk nabarmenena. (Finantzaren funtzio berri hau analisi ekonomikoaren erdigunean jarri behar da).
Egia esan, ekonomiaren zati handi bat (aktiboen gehiengo handia: ondasun higiezinak eta finantza sektoreak, deribatuak barne) aktibo-prezio irabazietan oinarritzen da. Horiek ez dute ukitzen ekonomia erreala, baina egon badaude.
Bien bitartean, «zientziak» aurrera jarraitzen du. Ikasle hiper-dotatuei esango zaie mailegatzea efikaza dela, baldin eta merkatuak eta ondasun higiezinak zergapetzetik libre badaude[3].
Monetaristek irakasten duten moduan, maileguak atzerrian har daitezke. Horrela, AEBetako Altxor Publikoko bonu-standaren menpe, nazioarteko finantzan, kreditua mugatu gabeko kopuruetan sor daiteke. (Gizabanako batzuek irabaz dezaketena interes txikiko abantailetan, galdua da ekonomian oro har ordainketa-balantzako defizitean. Izan ere, azaltzen diren nazioarteko transfer-arazoak hor daude barneko aurrekontuaren gainetik. Baina analisi monetaristek ez dute bereizten barneko eta nazioarteko dirua.)
Jakina denez, arazo askotarako irtenbide monetarista diru-eskaintza murriztea da eta interes-tasak altxatzea. Honela suposatzen da atzerritar maileguak etorriko direla ordainketa-balantza egonkortzearren. Baina horrelako mailegu-hartzeak eta aktibo salmentek ondoko ondorioak dakartzate: barruan, interes garaiek inbertso zuzen berria alboratzen dute. Finantza mailegatzea eta espekulazioa, biak, lukratiboago bilakatzen dira. Hori argi geratzen da baldin eta aurrezkien bideratze produktiboa eta ez-produktiboa bereizten badira. Baina monetaristek ez dute onartzen horrelako bereizketa, gobernuaren aktibismoa delakoan.
Azken ikasgaia: monetaristek soilik inflazio arazoari begiratzen diote, eta arazo hori aurrekontu defizitari lotzen diote, ez ordainketa-balantzari[4], zeina monetaristen aholkuei jarraituz handituz baitoa kanpo-zorraren zerbitzua dela-eta, eta kapital ihesa dela medio.
Baldintza monetarista hauetan, AEBak kontrolatzen ari dira Europar Batasuneko finantza-politika ez botere militarren bidez, monetaristen politikaren bitartez baizik. Izan ere, horren bidez, AEBekiko atzerritar ekonomiak dolarizatu egin dira.
Politikoki hitz eginez, EB independente bihurtzearren, euroa erreserba-moneta gisa jaulki beharko litzateke eta horrek dolarraren truke-tasaren jaitsieran izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuz.
Gai izango ote dira EBko agintariak, europar banku zentraleko zuzendaria eta EBko estatu desberdinetako banku zentraleko zuzendariak horrelako neurriak hartzeko? Alegia, ondorioak ondorio, gai izango ote dira euroa benetako erreserba-moneta gisa jaulkitzen (AEBetako inolako bonuren truke aldatu gabe)? Are gehiago, erreserba horiek erabiliko ote dira benetako inbertsio ukigarri zuzenetan (eta ez finantza espekulazioan)? Ahaztuko ote dituzte agintari ekonomikoek akademian irentsitako iruzurrak?
Zein da Europar Batasuneko «azken buruko mailegu-emailea», Europar Banku Zentrala ala AEBetako Erreserba Federala ala, agian, NDF? Zein da EBn agintzen duena, bertako Altxor Publikoa ala AEBetakoa? Azken finean, erabiliko dira aurrezkiak espekulaziorako ala inbertsio zuzen eta ukigarri berrietarako?
EBko diru politika zuzena EBko politika fiskal sendo eta egokian datzala erakutsi digute ekonomialari batzuek (Hudson tartean[5]). Ikasiko ote dugu ala azken inozoak izaten segituko dugu?
[1] Ikus, dena den, http://home.ubalt.edu/ntsbarsh/Business-stat/otherapplets/CompoundCal.htm, eta Hudson-en “The Mathematical Economics of Compound Interest: A Four-Thousand Year Overview,” Journal of
Economic Studies 27 (2000):344-363. Halaber, ikus http://www.michael-hudson.com/ —> Articles —> Mathematics of Compound Interest Part 1 Part 2.
[2] S-ren eta I-ren arteko identitate keynestarrak ez du funtzionatzen gehiagorik. S: savings, aurrezkiak; I: investments, inbertsioak.
[3] Gora liberalismoa, merkatua librea eta askatasun ekonomikoa! Hudson ekonomialariak, aldiz, esango digu politika monetario bideragarri baten oinarria politika fiskal egokia dela.
[4] Ikus Hudson-en (1992) Trade, development and Foreign debt, 2 bol.
[5] Hudson-ek dioskunez, politika fiskalak du lehentasuna, ez politika monetarioak. EBn, jakina denez, politika monetarioa izan da, eta oraindik da, nagusi. Ikus http://www.counterpunch.org/shaefer04232003.html: “Europak eta Asiak beren BZekiko hasiera faltsua baztertu behar dute eta beren Altxor Publikoetaz fidatu.”