AEBetan Estatuak zenbait hipoteka erakunderi, hainbat bankuri eta aseguru-etxeri emandako diru laguntza erraldoia dela eta, eztabaida mamitsu bezain interesgarri piztu da hainbat ekonomialari batzuen artean. Hiru aipatuko ditut lantxo honetan: (1) Geoffrey Gardiner britainiarra; bankaria da eta oso zorrotza kritikak egiten dituenean, oso ongi ezagutzen baitu partida-biko kontabilitatea eta bankuen zeregina. (2) Gunnar Tomasson, amerikarra, Nazioarteko Moneta-Fondoan ibilitakoa (1966tik 1989ra). (3) Michael Hudson ekonomialari amerikarra. Hirurak Mitchell Innes-en jarraitzaileak dira.
Innes-ek dioenez, truke-medio bat estatu baten diru bilakatzen da estatuari zor zaizkion zergak edo bestelako zamak ordaintzeko, estatuak truke-medio hori onartzen duenean. Halaber, hauxe esaten du: diru guztia, izaeraz, esleitzeko moduko zorra da.
Gardiner partida-biko kontabilitateari buruz aritu denean, hauxe dio: balioaren mugimendu bakoitzak bi eite ditu, eta biak idatzi behar dira kontuen multzo egoki batean. Balioaren emailearentzat, transakzioa kreditua da, zeren balioa emanez berak kreditu bat irabazi baitu, berari baliokidea dena zor zaio. Hartzailearentzat, transakzioa zorra da, zeren baliorako zorduna baita.
Hona Gardiner-en hitzak bankuei eta gobernuari dagokienez: “(a) (…) Citibank-ek ahalbidetu du kreditu (baten) sormena, baina noski ezin zuen hori egin baldin eta gobernua ez balitz borondatezko mailegu-hartzailea izan. (b) (…) gobernuak kreditu berriaren norabide hobetsia markatu beharko luke,… (c) (…) edozein gobernuk bankuen kredituaren sormena kontrola dezake mugarri kuantitatiboak jarriz…”
Are gehiago, Gardiner-en hitzetan: “(…) batzuek erosteko fikziozko aktiboak inbentatu zituzten. Egia, bankuek beren kreditu-sormena mugatu dezakete (…). Noski, pribatizazioak (…) inbertsio gehiagorako eskaria hornitu zuen.“
Eta gehiago, Gardiner-en hitzez, “…kreditu-sormenaren tango dantzatzeko bi behar dira (…) Baina bankuak luzatzen du kreditua, [ez gobernuak]”.
Alegia, Bankuak kreditua luzatzen du, zeina joan baitaiteke fikziozko aktibo batzuk erostera (Gardiner), zeren pribatizazioak inbertsio gehiagorako eskaria hornitu baitzuen (Gardiner). Hortaz, zer gerta daiteke baldin eta gobernuak nahikoa dela esaten badu: ez ditugu nahi horrelako kredituak zeintzuk fikziozko aktiboak, i.e., zabor hipotekak erostera joaten baitira, eta guk (gobernuak) nahi dugu bankuen pribatizazioa geldiaraztea, pribatizazioa soilik gai baita eskaria gehiago hornitzeko are zabor hipoteka gehiago erostearren?
Beste aldetik, hona hemen Gunnar Tomasson-en hitzak: “(i) Diruarekiko kreditu-metodoa: Diruarekiko kreditu-metodoak [esan nahi du] dirua agente baten IOU dela beste agente batekiko. (ii) Diruaren estatu-teoria: Dirua zergak ordaintzeko onartzen duena da. (iii) Baldin eta estatuak erabilera legalekotzat jotzen badu: ‘Erabilera legaleko eitea’ kreditu-antolaketa horretan estatuaren eskusartzea da.”
Eta Gardiner-ek, berriz: “(I) Ez dago ‘zor libreko’ dirua. Dirua ez da gauza bat, erlazio bat baizik, zordunaren eta hartzekodunaren artekoa. (II) Innes-en arabera, kredituaren balioa ez dagokio balioaren atzeko urrearen existentziari, zordunaren solbentziari baino.”
Bankuen eta gobernuaren arteko kredituaz, hona hemen Gardiner-en hitzak: “(1) Bankuak gobernuaren hartzekodunak dira. Gobernua da zorduna ez bankua. (2) Gastatzen duguna gobernu-zorra da, ez gobernu-kreditua, zeren diruaren era arrunt bat gobernu-zor negoziagarria baita. (3) Baina bankuak luzatzen du kreditua, ez alderantziz. (4) Dirua ez da produktu bat; erlazio bat da, zordunaren eta hartzekodunaren arteko erlazioa. Dirua zor negoziagarria da. Ez da kreditu negoziagarria.”
Hortaz, gobernua zorduna da (Gardiner). Kredituaren balioa zordunaren solbentziari dagokio (Gardiner eta Innes). Nork dauka solbentzia bankuak ala estatuak (i.e., gobernuak)? Solbentzia daukanak, hots, gobernuak (zeren estatuak erabilera legalekotzat jo baitezake: estatua da, eta soilik bera, zergak ordaintzeko ‘dirua’ onartu dezakeen bakarra) parte har dezake mailegatzearen kalitatea ez jaisteko (Gardiner).
Beraz, banku-mailegu mota batzuk debekatuta egon beharko lirateke eta beste batzuk ahalbidetuta eta bultzatuta. Gainera, AEBetan eta nonahi, zerga sistemak espekulazioa bultzatu du kapital inbertsio zuzenaren kalterako. Finantza-politika eta zerga-politika hobeto koordinatu behar dira. Izan ere, mailegatzeak ezin ditu aktibo-prezioko inflazioa edo deribatibak zein korporazioez jabetza bultzatzea. Gainera, finantza-erregulazioaren eta politika fiskalaren artean lotura egon da, zerga-sistemak espekulazioa ahalbidetuz.
Hona hemen, bukatzeko, Tomasson-ek dioena bankuaren eta gobernuaren diru sormenari buruz: “Ez dago inolako desberdintasunik gobernuak sorturiko diruaren eta bankuak sorturako diruaren artean. Biak erabil daitezke produkzio-prozesurako faktore inputak mobilizatzeko eta/edo output finalerako eta/edo aktiboetarako eskaria puzteko. Lehen kasuan, biak ‘desagertzen’ dira errenta jasotzaileek output finalerako dirua zuritzen dutenean. Bigarren kasuan,biak inflaziogileak dira output finalaren edo eta aktiboen mailan.”
Baina, nor da solbenteagoa bankua ala estatua (i.e., gobernua)? Nola liteke bankuek estatuari dirua eskatzea, kreditu txarrak oso denbora luzean zehar luzatzen egon direnean? Diruaren sormenari dagokionez, ez badago inongo ezberdintasunik gobernuak sorturiko diruaren eta bankuak sortutako diruaren artean, zer dela eta joaten dira bankuak (porrot egin eta gero) eskatuarengana (gobernuarengana) diru eske?
Gardiner-i (eta Tomasson-i) beste erantzun egoki batez jabetzeko, joan ondoko web orrira: http://www.michael-hudson.com/ —> links —-> the gang 8 discussion list. Eta bertan 13625. mezura.
Ene ustez, argi geratu behar dena hauxe da: (i) banku-maileguak gobernuak kontrolatu behar ditu, zeren (ii) gobernua (hots, estatua) baita mailegu horien azken bermatzailea, ‘solbentzia’ duelako.
joseba says:
Gehigarria:
Hona hemen aspaldian egindako lana:
https://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/dirua-eta-kreditua