Eredu nazionalak

Erakunde eta instituzio gutxi daude EHko maila nazionalean. Daudenak, hala ere, aparteko erreferentziadun dira eta eragin handia daukate: Ikastolak, AEK, Berria, UEU, …. Gutxi, baina garrantzi handikoak.

Ekonomia mailan, EH osoari, maila estrategikoan, makroekonomian eta, batez ere, finantza arloan begiratzen dioten erakundeen hutsunea nabarmenegia da. Arrazoi eta kausen artean, garrantzitsuenetarikoa arlo horretan nagusia den ortodoxia neoliberala da, dudarik gabe.

Zer egin oinarrizko gabezia horren aurrean? Liburuak eta artikuluak plazaratzea? Hitzaldiak ematea? Debateak eta eztabaidak sortzea? Segur aski hori guztiori beharrezkoa da, baina ez nahikoa.

Oraindik (noiz arte?) nominalismoa da nagusi gure EHn: sozialismoa (hainbat adjektiborekin batera, noski), beste gizarte mota bat, beste eredu ekonomiko berri bat, beste X berri bat behar omen dugu, baina beti zehaztu gabe X hori nolakoa den, nola lor daitekeen.

Umezurtz gaude. Ezkerra edo dena delako hura erabat galduta dago hitzen zorabioan. Beste batzuek XII. edo XVI. mendeko paradisua aurkezten dute, edo ez dakit zein mendetako ‘estatua’ etengabe aipatzen dute, aspaldiko Leviathan munstro horiek irtenbideak bailiren. Ez, galdurik daude eta, to say the least, aspergarriak dira.

Zer egin? Gutxi gara, munduan ia deus ez. Baina gure historiatik datozkigun ezaugarri bereziei eta geureak direnei eutsi behar diegu: euskal genetika[1], euskara bera[2], besteekiko elkartasuna, …

Makroekonomia eta finantza arloa aztertzeko badaude, mundu zabalean zehar, teoria batzuk, ohiko hitzontzikeria ortodoxotik eta sasi ezkerkeria itogarritik kanpo. Modern Money Theory (MMT) delakoa da horietako bat, hots, Diru Teoria Modernoa (DTM). Autore batzuek markatu dute ildoa, alegia, DTM martxan jarri zutenak: AEBetan hasi zena Europara, Australiara eta Hego Ameriketara hedatuz doa. Liburuak, artikuluak, web orriak, konferentziak, hitzaldiak, bideoak eta jendaurreko eztabaidak gero eta maizago gertatzen dira, gero eta urrunago iristen dira. Bejondeigula!

Alta, zer egin daiteke EHn? Politikan agian inoiz baino argiago dugu bidea: dauden egoera desberdinetatik (Baskongadetatik, Nafarroatik eta Iparraldetik) hasi eta zazpiak bat lortzea, eta autodeterminazio eskubidea praktikan jarriz, independentzia politikorantz abiatzea.

Baina ekonomian eta gaur egun nagusi den finantza arloan, zer egin?

Eskozia ote da eredu ekonomikoa eta finantzarioa? Islandia agian? Zer egin hic et nunc, hemen eta orain?

Nola lor dezakegu subiranotasun monetarioa eta finantzarioa? Zein da bidea? Zer nolako praktika jarri behar dugu martxan?

Iruzkinak (3)

  • Joseba, maila ekonomikoan, Gaindegia erakundearen lana azpimarratuko nuke. Bestetik, Genetikaren gaia plazaratzearena, ez da oso erakargarria, nire ustez (ez zait iruditzen genetikak herri bezala garatzeko aukerarik emango digunik… Arrazakeria sustatzeko bidea dela esango nuke). Azaldu dituzun gainontzeko argudio guztiak oso aproposak, benetan.

  • Bi gai desberdin:

    a)     
    Genetika:

    Daukagun apurra
    gordetzea, berari eustea, bekatu ote?

    Hola balitz,
    bekatari hutsa nintzateke, harrotasunez gainera.

    Ez, Unai.
    Genetikak ez dauka zer ikusirik arrazakeriarekin.

    Gainera benetako
    giza ekologiaren funtsa, zorionez, pluraltasuna, aniztasuna da.

    Atzerritarrek
    badakite zerbait arlo horretaz. Zergatik guk ez aipatzea haiek ikertu eta
    deskubritu dutena?  Zer dela eta ez aipatzea haien lanak?

    Pluraltasun
    horretan giza talde bat Paleolitikotik (¡) gaur arte (¡!) zertxobait 
    gordetzeko gai izan bada, nor gara gu, gu euskaldunok, gu XXI. mendeko
    euskaldunok altxor preziatu hori mesprezatzeko? Daukagun altxor apur eta oso
    baliotsu horretaz lotsatzeko?

    Ni neu ez naiz gai,
    alderantziz baizik. Altxor horretaz oso harro nago.

    b)     
    Gaindegia?

    Beraiei
    birritan esan diet. Egiten dutena estatistika hutsa da, hau da dagoenaren fotoa
    ateratzea eta publikatzea. Hori ez da zientzia ekonomikoa.

    Kontua da, edo
    izan beharko litzateke, dagoena esplikatzea. Zer dela eta gertatu da? Nondik
    eta nola iritsi da gaur egungo egoera horretara? Eta horrekin batera, egungo
    egoeran zertxobait gaizki baldin badago, zer egin daiteke etorkizunean egoera
    hobetzeko?

    Horretaz nik EH
    osoan ez dut inon ezer ikusten.  Ene ustez jendeak, oraindik ere,
    eztabaidari beldur dio… beldur diogu, hobeto esanda.

    Etsenplurik
    nabarmena, Eskoziarena. EHn jende askotxo liluratu du Eskoziak. (Jende gutxi,
    alta, liluratu du Islandiak.  Esplikaziorik? Ez dut ezer topatu!)

    Gainera Eskoziako
    politikarien artean, independentziaren alde daudenek ekonomiaz eta finantza
    arloaz esan dutena (ikus blog honetako zenbait adierazpen) lotsagarria da oso.
    Benetan aipatzen dituzten neurriak martxan jarriko balituzte, politikoki
    Eskozia independentea hondamendira eramango lukete. Abiadura handian gainera.

    Inon irakurri ote duzu Eskoziazko arazo horretaz ezer? Beldurra? Ez
    jakintasuna? Axolagabekeria? Batek daki!

  • Gogoeta interesgarria.Nazio mailako zenbait erakunde aipatu dituzu adibideetan. Ba nere uste apalean jarraitu beharreko eredua Udalbiltza da.Lehenengo, galde diezaiogun geure buruari zer egin ahalko genuken euskal herri independiente batean. Egin dezagun amets.Ondoren, lurrera itzuli eta aztertu ea dagoeneko amets hori eraikitzen hasi gaitezken, independentziari itxaron gabe. Oztopoak aurkituko ditugu, baina agian badago oztopo horiek ekiditeko modurik. Edo nahiz eta hesia ezin ekidin, hesi barruan lan asko egon daiteke egiteke.Zertarako balio lezake honek? Lehenik eta behin, independentzia ‘de facto’ batetarantz hurbiltzeko. Bestetik, eta ez da garrantzi gutxiagokoa, agerian geldituko lirateke independitzia ezak jartzen dizkigun muga guztiak. Esparru desberdinetan. Eta honek arrazoiak eta argumentuak emango lizkioke herritarrei independentzia babesteko momentuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude