“Izkutuko” soldatapekoen metamorfosia

Enpresa ekonomian bada soldatapeko lana
ukatzen duen kontzeptu orokor bat: autogestioa
(autoeraketa enpresatik haratagoko eredu partehartzailea izango
litzateke).

Enpresa autogestionatuetan soldatapeko
lanak metamorfosi berezia izan du: pertsona soldatapekoa izatetik
(enpresaren hornitzaile) lan komunitatearen partehartzaile aktiboa
izatera igaro da. Beren inplikazioa maximizatu dute: inplikazio
juridikoa (erakundearen partaide dira), inplikazio finantzarioa
(erakundean beren aurrezkien portzentai bat inbertitzen dute) eta
inplikazio ekonomikoa (kudeaketan eta irabazietan parte hartzen
dute).

Aldaketa honek soldatapeko lanaren
metamorfosia sortarazi du: are gehiago, soldatapeko lana ukatzeko eta
gainditzeko bide bat. Bide zaharra, bai, baina oraindik gizarteak ez
duena bereganatu. Kooperatibak eta langileek “berreskuratutako”
enpresak, metamorfosiaren adibideak dira.

Enpresa autogestionatua. Zeri
deitzen diogu “enpresa”?
helburu merkantilista duen
unitate ekonomikoari, hau da, dirua irabazteko jaio den organu
ekonomikoari. Definizio hori erro errotik ustelduta dago. Enpresa
kontzeptuaren irakurketa (neo)liberala. Pobrea, oso pobrea. Ekonomiaz
aritzen garenean, balore eta helburu (neo)liberaletaz aritu ohi gara.
Gehiegizko sinplifikazioa gai konplexu hori jorratu nahi badugu.
Ekonomia baliabideen kudeaketa da. Kudeatzaileak jakingo du zein
baloreen arabera kudeatzen duen bere jarduera. Enpresa helburu bat
lortzeko antolaketa eredua da. Kudeatzaileak jakingo du zein helburu
lortu nahi duen eta nola lortu nahi duen. Balore kontua da.

Orain ordezkatu dezagun “enpresa”
hitza “erakunde” adierarekin.
Erakunde
publikoak enpresak dira. Are gehiago, herri
mugimenduak enpresak dira. Inork baino hobeto kudeatzen dituzte beren
baliabideak. Eta horrela izan behar du, beren helburuak lortu nahi
badituzte behintzat.

Irabazi
asmorik gabeko erakundeak enpresak dira.
Helburu sozialak
dituzte eta berauek lortzeko antolaketa organikoa. Antolaketa
enpresariala. Baina zer nolako baloreak erabiltzen dituzte beren
helburuak lortzeko? Zelan kokatzen dira soldatapekoak eginkizun
honetan? zein balore aplikatzen zaie soldatapeko horiei? Juridikoki
eta formalki, enpresa merkantilista batean aplikatzen zaien irizpide
berdinak. Hala ere, pertsona hauek (irabazi asmorik gabeko erakundeen
soldatapekoak) beren inplikazioa maximizatzeko joera dute. Lana,
sentimenduak, biziraupena, kreatibitatea, maitasuna, lan orduak,
erakundearen helburuak… kontzeptu guzti horiek batu egin ohi dira
irabazi asmorik gabeko langilearen baitan. Militantzia baino
inplikazio integrala deituko nioke prozesu honi. Eta
horregatik, beren lana eraldatzaile bihurtzeko gaitasuna dute.
Soldatapeko lanaren metamorfosiaren hastapena da.
Pertsona hauek ez dira mertzenarioak, ez dira erakundearen
hornitzaile hutsak. Autogestioaren hastapen fasean daude.

Zergatik aplikatu balore
merkantilistak helburu sozialak dituzten erakundeetan?

Soldatapeko lana eredu merkantilista horren adiera bat da. Nire uste
apalean, irabazi asmorik gabeko erakundeen erronka
nagusietariko bat, soldatapeko lanaren asimilazioa
da eta
ondoren, soldatapeko lan horren eraldaketa bultzatzea. Lan
kontratutik “inpikazio-kontratura”. Horrek, beren helburu
sozialak lortze bidean, abantail ekonomiko ugari dakartza irabazi
asmorik gabeko erakundeentzat.

Ideologia (neo)liberalak soldatapeko
lana inposatzen digu. Lan kontratuaren bitartez sinatzen den katea.
Enpresa-ekonomia ortodoxoaren adierazle. Lanaren metamorfosiak
“izkutuko soldatapekoak” kate horietatik askatuko
lituzke. Guztion onerako. Soldatapeko izaeratik
inplikazio integralerako bidea. Irabazi asmorik gabeko erakundeetan,
bide erdia egina dute. Bidearen azken zatia ibili behar.

Iruzkinak (2)

  • Aupa Unai,

    Hala ere, badira kasuak irabazi asmorik gabeko elkarte nahiz helburu sozial batekin estuki loturik dauden enpresetan (Euskalgintza, esaterako), bertko soldatapekoen inplikazio, maitasun eta “bolondres” lan aprobetxatuz inkoszienteki edo koszienteki, bertako kudeatzaile nahi arduradunek lan-baldintza kaskarretan  mantentzen dituzte.

    Askotan ezintasun estrukturala jartzen da aitzakitzat, baina ahal duguna baino gutiago egiten dela uste dut kasu askotan. Eta hor ikusten dut egin beharreko beste bide erdia, irabazi asmorik gabeko erakundeetan dauden soldatapekoen lan-baldintzak hobetzera joan beharraz.

  • Arrazoi osoa duzu Josu!Enpresa kapitalistetan, bertako arduradunek kapitalaren ordainsaria maximizatzen dituzte. Etekin monetarioak bilatzen dituzte. Eta horretarako soldatapeko langileak esplotatu ditzakete (soldata bajuak, lanaldi amaigabeak…). Enpresa sozialetan, hau da, irabazi asmorik gabeko erakundeetan, ez dira etekin monetarioak bilatzen, etekin sozialak bilatzen dira. Eta helburu sozial horien maximizatzeak, askotan, soldatapeko langileen lan baldintzak okertzen ditu. Baina arazoa ez da hor bukatzen: soldatapeko langileen inplikazio mailak ere bestelako esplotazio bat sortu dezake… auto-esplotazioa. Eta langileon partehartze maila handitu ahala, norberarenganako esplotazioa ere handitu daiteke.Nire ustez, muga lan zuzenbideak jarri beharko luke (hitzarmen kolektiboak eta langileen estatutua erabiliz), bai elkarte eta fundazioetan, baita irabazi asmorik gabeko kooperatibetan ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude