Euskal Hiria-Lurralde Gidalerroen onespen prozedura abian jarri du Jaurlaritzak

Martxoaren 22an Euskadiko Agintaritzaren Aldizkarian, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren Agindua argitaratu zen, horren bitartez, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aldaketaren hasierako onespena ematen zaio.

Argitarapen honen aurreko egunean, Sailburuak agerraldia egin zuen Legegebiltzarreko Ingurumen eta Lurralde Plangintza Batzordean, Euskal Hiria.Net izenburua daramaten Gidalerroak aurkezteko, hain zuzen.

Agerraldia horretan, Aginduaren zioen adierazpenean ere agertzen diren hurrengo baieztapenak azpimarratu zituen:

– Azken hamarkadan zehar, bilakaera handia egon da, “hiri eraldatze handia” dei diezaikegun aroa bizi izan da.

– Aurreko LAA-ak 1997 urtean abian jarri zirenetik “gure lurraldearen osagaiak eta oinarrizko egitura, funtsean, ez dira aldatu.

– Hiriburuen sisteman oinarritutako lurralde eredua oraindik erreferentzia baliagarria da eta gainera adostasun orokorra dago ereduaren erabilgarritasunaren eta eraginkortasunaren arloan.


Egun eta foro berean, Dot-Desazkundea lan taldeko ordezkariek Euskal Hiria deritzon egitasmo honen aurrean, gizarte mugimenduko hainbat eragilek sinatzen hasi diren Manifestuaren berri eman zuten. Alde honetatik egiten den diagnostikoa ez da hain baikorra. Alde batetik, datu estadistikoetan oinarrituta lurraldearen kolapsoa ematen ari dela eman zuten aditzera, eta lurralde orekatu batetik baino Euskal Urbetik hurbilago gaudela salatuz. Hiriburuen sistema horrek, lurraldearen polarizazio nabarmena ekarri du, eta periferia berriak eragiten dabil etengabe, gune metropolitanoetatik aldendutako eskualde eta herrien kalterako.

Euskal Hiria.Net ereduaren aurrean “Lurralde Kohesiorako Artezpideak: lurralde eredu birbanatzaile, funtzioanitz, solidario eta eusgarria”-ren aldeko proposamena aurkeztu zieten Legebiltzarreko batzordekideei.

hemen agerraldiaren bideoa

Orain Ekainaren 30arteko jendaurreko erakusketa epea ireki da, baina jaurlaritzak ez du aurkeztu nola gorpuztuko dan hiritarren partehartzea. Eragile sozialei tokatu zaie, beste behin, sakonera estrategikoa duen plangintza honen hausnarketa gizarteratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude