Euskarazko tesi bikain bat, Sarrionandiaz

Jakina denez, doktoregoa da unibertsitate batek eman dezakeen gradu akademiko gorena, horregatik edozein unibertsitateren garapenean zenbat doktorego-tesi irakurtzen diren, eta nolakoak, arreta bereziz aztertzen den kontu bat izaten da. Euskara bezalako hizkuntza minorizatu baten kasuan, gainera, tesiek zeregin enblematikoa izan ohi dute, hasiera batean behintzat: hizkuntza hori maila guztietan normala izateko gai dela erakusten duen frogantza nabarmentzat hartzen baita. Hori dela eta, adibidez, euskarazko tesiak bildu eta sarean eskaintzera garrantzi berezia eman zaio, Inguma eta Tesiker datubaseek erakusten duten bezala.

Espero izatekoa da euskararen normalizazioak aurrera egin ahala tesiak beti ere adierazle garrantzitsua izango badira ere (edozein unibertsitate anglofonotan bezala, adibidez), gaur egun oraindik duten zeregin enblematiko hori galtzen joango direla, besteak beste inoiz urte berean ehun bat tesi aurkeztea lortuko balitz, kopuru horretan sartuta zaila litzatekeelako enblemarik aurkeztea (hori da, adibidez, Katalunian gertatzen dena). Baina oraindik bide luzea dago horraino iristeko.

Horregatik, hain juxtu ere, garrantzia berezia du oraindik ondoren iruzkinduko dugun liburuak, oraindik ere izaera enblematikoa duelako, bi arrazoirengatik behintzat: Itzulpengintzaren esparruan egiten den euskarazko lehen tesia delako eta, gainera, Joseba Sarrionandia hartu duelako aztergaitzat, alegia, euskal idazle arrakastatsuenetako bat. Lehen ezaugarria gutxietsi gabe, bigarrenari emango diogu garrantzia hemen, zeren ez baita berdin espezialista multzo ttiki baten esparruko tesi bat egitea edo, kasu honetan bezala, publiko oso zabalari begira interesa duen ikerketa bat.

Itzulpengintzari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan / Aiora Jaka Irizar .– Bilbo : Euskaltzaindia, 2012 (Iker bilduma ; 28) 466 or.

Aiora Jaka doktorea

Lehengo eta behin esan dezagun tesi tipiko bat dela, baina bikain erredaktatua eta garatua. Alegia, hipotesi bat paratzen du eta hura sistematikoki aztertu, esparru jakin batean eta prozedura garden batzuekin, azkenean hipotesia tesi bihurtzen duelarik, hots, frogatutzat eman. Honela laburbilduko nuke nik tesia: Sarrionandiaren itzulpengintza ez da jarduera autonomo bat, baizik eta bere egitasmo literarioaren parte bat, eta hori dela eta lehen euskal itzultzaile postmoderno gisa defini dezakegu.

Tesi horrek inplikazio teoriko eta praktiko nabarmenak ditu:

  • Lehenengo eta behin, eztabaida teoriko bat suposatzen du (zer da modernitatea, zer postmodernitatea, nola definitzen dugu itzulpengintza bat modernotzat edo postmoderntzat, eta abar)
  • Bigarrenik, Sarrionandia bera baino lehen izan diren euskal itzultzaile guztien aurrean aldaketa nabarmen bat egitera datorrelako (lehen itzultzaile postmodernoa).
  • Eta, hirugarrenik, autorearen testuak xeheki analizatu behar direlako, hipotesia frogatu alde.

Hain juxtu ere liburua hiru atal horietan banatzen da, eta ondoren, ondorioak. Gainera dezagun euskal itzulpengintza literarioa dela hautatutako esparrua, eta ez dagoela hortik kanpora jotzeko asmorik.

Ez ditugu atalok hemen laburbilduko, ezta argudiorik sendoenak edo interesgarrienak hemen aztertuko ere. Azpimarra dezagun, soilik, Sarrionandiaren literatura apur bat ezagutzen duen edozein zaletuk ere (hots, lerro hauek sinatzen dituenak bezala) gauza interesgarri ugari aurkituko dituela hemen, bikain azalduak; adibidez, lehen atalean Itzulpengintzaren arazo klasikoei buruzko oinarrizko argibide sendoak (bitan banatuak, episteme modernoa eta postmodernoa); edo, bigarrenean, euskal itzulpengintzaren historia labur bat, Sarrionandiaren praxiak paratzen dituen arazo espezifikoak argitzera bideratua; edo, hirugarrenean, haren asmoen eta praxiaren (ez baita zehatz-mehatz gauza bera) analisi argi eta zehatza. Opari bat itzulpengintzaren arazoez ezer gutxi dakienarentzat, baina tesi batek aurresuposatzen duen zehaztasun eta sakontasun mailari muzin egin gabe, egileak ez baitu inoiz bistatik kentzen bere iparra: Sarrionandiaren lanak.

Tesi bikaina, beraz, baina ez da gure asmoa laudorio hutsetan galtzea. Zer kritikatua ere aurkitu diogu: gure uste apalean, postmodernitate/postmodernismoa zer den argitzera eta, areago, Sarrionandia postmodernoa ote den argitzera eta erabakitzera dedikatzen dion ahalegina gehiegizkoa da eta ez du ekarpen erabakigarririk. Bereziki, 3.3. atalak (“Sarrionandia: itzultzaile postmodernoa?”) ez du zeregin garbirik betetzen, non ez den ulertzen ariketa akademiko baten barruan, hots, gaia agortzeko asmoz eta mota guztietako objekzioei aurre egin nahian idazten den kapitulu ez bereziki interesgarria. Ez dezagun ahaztu tesi bat, finean, ariketa akademiko bat dela eta bere logika propioa duela, hots, doktoregaiaren ezagutza argi eta garbi frogatzea, zalantza eta hutsunerik gabe. Baina Sarrionandiaren praxia bikain analizatu eta sintetizatu ondoren (eta hori da benetan garrantzia duena!), eta hura marko teoriko argi batean kokatuta (lehen atalean aski argibide ematen zaigu) ez diot benetako erabilgarritasunik ikusten eztabaida nominalista batean endredatzeari. Aipatu dugun atala nabarmenena bada ere, oro har esango nuke gehiegitan aipatzen dela gaia, eta inplikazio handiegiak suposatzen zaizkiola berez bigarren mailakoa den arazo bati, garrantzitsua azterketa eta ondorioak baitira, eta ez gutxi-asko praktikoa izan daitekeen etiketa bat (“postmodernoa”).

Tesia Euskaltzaindiak argitaratu du bere Iker bilduman eta pentsatzen dut inor ez dela harrituko iruzkin hau bukatzeko tesi-zuzendariaren lana aipatzen badut, zaila, benetan zaila baita horrelako tesi ona egitea aldamenenean zuzendari on bat izan gabe. Beraz, zorionak Aiora Jaka doktore berriari eta zorionak Gidor Bilbao zuzendariari. Eta zorionak Sarriren irakurle guztiei, haren gaineko beste ikerketa bikain bat irakurtzeko aukera izateagatik.

 

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude