Zientziaren sozializazioa

Uxune Martinez

“Kulturaren gurdiari, zientziaren gurpila falta zaio” Santiago Ramón y Cajal

FECYTek 2012an argitaratutako Zientziaren Pertzepzioari Buruzko VI Inkestaren arabera, zientziaren inguruan interesik adierazten ez duen gizartearen zatia, ez da gai zientziari buruzko berriak ulertzeko. Logikoa dirudi zerbait ulertzeko gai ez bagara, interesik ez izatea horretan.

Historian zehar, zientzia kulturaren esparru ikusezina izan da. Ikusezina ez genuelako ikusten eta ez zuelako burua agertzen. Ikusezina izateaz gain, irudi eskasa ere izan du zientziak eta topikoz josia egon da. Lurtarrontzat mundu ezezagun baten garatzen zen “jakinduria” izan da nolabait, egunerokotasunetik at, laborategietan amantal zuriz jantzitako zientzialariek gauzatzen zutena eta egindakoa azaltzeko orduan, hizkuntza aldrebesa erabiltzen zuten hauek, ulertezina. Zientzia gai konplexu eta ulertezinen esparrua izan da askoren iritziz.

hausnartzen

XVIII. mendean, Ilustrazioaren garaian, ezagutza gizarteratzea beharrezkoa dela antzeman zuten adituek. Gizartearen oinarrizko kulturan ezagutza zientifikoa beharrezkoa zen ideia hedatzen hasi zen garai hartan, ezagutza zientifikoak bizitza eta gizartearen ezaugarriak ulertzeko baliagarriak zirelako edozeinentzat. Xede horrekin, entziklopedia handi bi argitaratu ziren: L´Encyclopédie eta Encyclopaedia Britannica. Entziklopedia hauek arrakasta izugarria izan zuten euren garaian. Gizarteak begi onez hartu zituen, eskura jartzen baitzuten ezagutza. Horrela, Britainiar Entziklopedia argitaratu eta hogeita hamar urte beranduago, hirugarren edizioa argitaratu zen 1801ean, 21 liburukiz osatua zegoen. Gainera, XIX. mendean prentsaren garapenak bilakaera baikorra izan zuen, 1850. urtetik aurrera egunkarien hazkundea nabarmena izan zen eta zientziak kanal berria lortu zuen bere hedapenean, kazetaritza. Honen bidez, ailegatu ezinik zegoen biztanleengana hurbil zitekeen. Zientzia-dibulgazioak lagun berriak aurkitu zituen bidean, prentsa idatzia eta kazetaritza.

Bidelagunak izan arren, gizartean bizirik zirauen zientziari buruzko pertzepzio-arrakala. Zientzia-dibulgazioa gustura onartzen zuen biztanlego jantziak edo ilustratuak, irekiak zeuden zientziarekiko. Baina gehiengoak jarrera itxia zuen, ez zuen honen berririk eta gai konplexu eta ulertezinekin lotzen zuen. Egia da entziklopediek eta egunkariek arrakala leundu zutela neurri baten, baina ez zuten lortu zientziaren proiekzioa orokortzea gizartean. Hau, Bigarren Mundu Gerraren ostean heldu zen.

Munduan bi modelo ekonomiko eta sozial gailendu ziren Bigarren Mundu Gerraren ostean. Batek, Estatu Batuak izan zuen buru eta besteak, Sobietar Batasuna. Eredu bien artean soka-tira politiko eta ideologiko nabarmena gertatu zen, tentsio handiko sasoia izan zen. Horren baitan, Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak lasterketa bat abiatu zuten, lasterketa ekonomiko-teknologikoa. Teknologian, nabarmena izan zen, espazioaren konkistan abiatu zuten lehiaketa. 1957. urtean sobietarrek lehen satelite artifiziala garatu zutenSputnik  eta 1969an, estatu batuarrak ilargira ailegatu ziren Apolo 11 misioa gauzatuz. Norgehiagoka honek jakin-mina piztu zuen gizartean: zer ziren tramankulu haiek, espazio-ontzi, kohete eta bestelakoak? Zertarako behar ziren? Kazetariek gertatzen ari zenaren berri ematen hasi ziren. Teknologia horren ezaugarriak plazaratzen hasi ziren, munduari gertatzen ari zena azaltzeko asmoz. Kazetaritza zientifiko-teknologikoaren abiapuntutzat jotzen da garai hura.

Honen baitan, Estatu Batuetan 1957. urtean gizarteak zientziari buruz zuen pertzepzioaren gaineko lehen inkesta egin zuen National Association of Sciencie Writers-ek. Inkesta honen bidez ezagutu zen estatu batuarrek zientziarekiko jarrera baikorra zutela nahiz eta jakintza-maila eskasa izan. 57 urte beranduago, gizarteak zientziaren irudi baikorra izaten jarraitzen du baina zein da zientziari buruzko ezagutza-maila? 

2012ko hasieran BBVA Fundazioak kaleratu zuen “Estudio internacional de la Cultura Científica” lana. Bertan datu kezkagarriak azaltzen ziren. Inkestaren arabera “espainiarren erdia ez zen gai edozein sasoi eta nazionalitateko hiru zientzialarien izenak aipatzeko. %45,9a ez zen zientzialari bakar baten izena esateko gai izan. Zientzialari espainolen kasuan, parte-hartzaileen %5ak aipatu zuen Santiago Ramón y Cajal eta soilik %2,5ak Severo Ochoa”. Interesa badago baina ezagutza-maila ez da interes horren parekoa antza. Nonbait, zientziaren sozializazioa ez da egoki gauzatu. behatzen-sozializazioa

Sozializazioa prozesu bat da. Prozesu horren bidez kultura irakasten zaio gizarteko kideei. Sozializazioaren bitartez ezaupide espezifikoen jabe egiten gara eta gizartean parte-hartzeko behar ditugun ezagutzak jaso eta gaitasunak garatzen ditugu. Hainbat elementu soziokultural barneratzen ditugu, gure iritzi kritikoa eraikitzen dugu eta horren arabera parte-hartzen dugu modu baten edo beste baten. Sozializazioa denboran zehar iraunkorra da eta hainbat eragileren bidez gauzatzen da: besteak beste, familia, eskola, komunikabideak eta gizartea bera. Baina prozesu horretan ez badugu jasotzen zientzia ezaupiderik, sozializazio prozesua hankamotz gelditzen bada, nola osatuko dugu iritzi kritiko eraginkor bat gizartean parte-hartzeko?

Zientziari buruzko pertzepzioaren lehen inkesta egin zenetik hona, 1957. urtetik hona, goi-mailako ikasketak dituen biztanleria kenduta, gainontzekoak zientziaren ikuspegi difusoa du. Zientzia eta teknologia gure bizi-kalitatearen hobekuntzarekin lotzen dugu orokorrean. Baina ez gara oraindik ezagutza horren jabe egin. Garrantzitsua dela iruditzen zaigun arren ez dugu ezagutza-maila egokia eta ezagutzen ez duguna ez dugu preziatzen. Zientziaren ezagutza-maila egokiak gizartean parte-hartzeko baliabideak ematen dizkigu: erabakiak hartzeko irizpideak ematen dizkigu, iritziak osatzen laguntzen digu, ingurunean kokatzeko baliagarria da. Goian aipatutako datuen arabera, agian XIX. mendeko egoerak dirau: goi-mailako ikasketek dituztenak jarrera irekia dute zientziarekiko. Ulertezina dela uste duenak, jarrera itxia du zientziarekiko, ez zaio interesatzen. Bi muturren artean, seguru nago, egon badaudela beste errealitate batzuk. Hala ere, aitortu behar dut gaur egun, nire ustez, bizirik dirauela oraindik Santiago Ramón y Cajalek esan zuena: “Kulturaren gurdiari, zientziaren gurpila falta zaio“. Hankamotz.

Bibliografia:

Aleixandre Benavent, Rafael; González Alcaide, Gregorio; Valderrama Zurián, Rafael: “La investigación sobre la divulgación de la ciencia en España: situación actual y retos para el futuro“. ARBOR Ciencia, Pensamiento y Cultura, 738. zbk, 2009

Baiget, Tomás; Torres-Salinas, Daniel: “Informe APEI sobre Publicación en revistas científicas”. Asociación Profesional de Especialistas en Información, 2013

Mariño Alfonso, Xurxo: “Comunicar la ciencia, menuda historia“. CICNetwork Ciencia y Tecnología, 11. zbk, 2012

Morales, P. koord.: “El científico ante los medios de comunicación”. Cuadernos de la Fundación Dr. Antonio Esteve, 28. zbk. 2013

Pérez Iglesias, Juan Ignacio: “La función social de la cultura científica“. CICNetwork Ciencia y Tecnología, 9. zbk, 2011

 

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

Iruzkinak (7)

    • inguma

      Eskerrik asko Ana! Benetan Elhuyarren Laborategian hainbat ikerketa interesgarri daudela. Horietako bi nire ikerketa-lanerako funtsezkoak dira, oinarri gisa hartu baitut. Guztien emaitzak oso interesgarriak dira eta hainbat abiapuntu ematen dizkigute zientzia eta teknologia gaiak jorratzeko orduan. Nire ustez, emaitzak agertzen dituztenak kontuan hartu beharko lituzkete arduradun politikoak ere, hainbat ildo jorratzeko orduan. Ea ba!

  • Gorka Lekaroz says:

    Oso interesgarria! Primeran azaldu duzu zergatik behar ditugun #KZJaia bezalako ekimenak. Nola lortu ekimen hauek oihartzun zabala izatea eta gizartea ‘bustitzea’? Horra hor hurrengo erronka!

    • Dokumentalista

      Eskerrik asko Gorka! Benetan be, hurrengo erronka zein izango den oso ondo islatu duzu eta erronka hori ez da nolanahikoa gero! Gizartea “bustitzeko” edo “bustiarazteko” nire ustez badaude bideak eta zereginak: egiten dena komunikatu (azaleratu), ikusgarritasuna areagotu (dibulgatu), lankidetza sustatu (taldeko lanaren eraginkortasuna baliatu) eta arduradun politikoek diruz laguntzen dituzten “zientzia eta teknologia pertzepzioari buruzko inkestak” diruz laguntzeaz gain, kontuan hartu beharko lituzkete. Hasi beharko lirateke bertan azaltzen diren indarguneak eta hutsuneak lantzen. Erronkari aurre egiteko gai garela uste dut ala ez? 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude