“Bizitza korapilatsu honetan oasi bezala ikusten ditugu, batez ere emakumeok, gehien maite ditugunak“. Deborah Tannen
Asko maite dudan lagun min bati, gizonezkoa, hori berori esan nion behin: “oasi bat zara niretzat”. Berarekin hitz egitea atsegina izateaz gain, entzuten eta ulertzen ninduen. Beraz, gure elkarrizketek, desertuko oasi baten papera zuten. Horren aurrean, haren erantzuna azkarra izan zen, “ni ez naiz inoren oasi” eta bere azalpena di-da eman zidan. Hara!
Laburbilduz, nik esandako hura ez zuen interpretatu niretzako zuen esanahi berdinarekin eta harritu ninduen, batez ere, azalpenak aditzera eman baitzidan molestatu egin ziola “oasi” batekin parekatzea. Ez genuen elkar ulertu.
Topiko asko daude andrazkoen eta gizonezkoen arteko komunikazioa dela eta. Gizonezkoak zirtolariagoak omen dira, ez omen dakite entzuten, madarikazioak esaten dituzte erraz. Aldiz, emakumezkoak sentimenduei buruz hitz egiten omen dugu beti, “bai” esaten dugunean ez ei da “bai” baizik eta entzuten dihardugun seinalea da… Topikoak. Baina topikoek ere badute atzean azalpena.
Gure arteko gaizki-ulertuari bueltak ematen ari nintzela, lagun batek Deborah Tannen hizkuntzalari estatubatuarrak 1990. urtean argitaratu zuen Zuk ez nauzu ulertzen liburua gomendatu zidan.
Deborah Tannen hizkuntzalaria, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko komunikazio arazoak eta gaizki-ulertuak ikertzen aritu da. Egunerokotasunean, ezinbestean, beste sexuko lankide, senitarteko eta lagunekin komunikatzen gara. Tannen-ek komunikazio-harreman horiek aztertu ditu eta honako emaitzak plazaratzen ditu:
- Emakumeak eta gizonak ez gara berdinak, bistakoa da, baina hizkuntzari dagokionez ere ez.
- Emakumeen eta gizonen diskurtsoan, genero desberdintasunak nabariak dira.
- Diskurtsoen arteko talkak kulturan oinarritzen dira. Absurdoa badirudi ere, familia berean heziak dauden neba-arrebek hitz egiteko eta entzuteko modu diferenteak garatzen dituzte. Neskatoak eta mutikoak “kultura” desberdinetan heziak daudelako, ingurune bera konpartitzen duten arren. Beraz, emakume eta gizonezkoen arteko komunikazioa, komunikazio transkulturala da.
- Elkarrizketa-estilo askotarikoak daude. Ez dago elkarrizketa-estilo monolitikoa, bakarra. Baina elkarrizketa-estilo askotarikoak ez dira emakume eta gizonezkoen arteko arazoen iturri nagusia.
- Elkarrizketa-estiloen oinarria umetan hizkuntza erabiltzen ikasi genuen moduan datza.
- Elkarrizketa-estiloak baliozkoak dira, baina kontuan izan behar dugu diferenteak direla. Elkar ulertzearen gakoa horretan datza, estilo diferenteak ditugula onartzen eta haien xehetasunak ezagutzen nahiz eta ez konpartitu.
- Elkarrizketa-estiloen ezberdintasunak ez ulertzeak ondorio okerrak ekartzen ditu. Horrenbestez, besteen izaera etiketatzen dugu honakoekin: “berekoia zara”, “ilogikoa zara” edota “ez duzu entzuten”, “gutxiesten nauzu”… “ez nauzu ulertzen”.
- Akatsik handiena hitz egiteko, entzuteko edota harreman bat mantentzeko modu bakarra dagoela sinestea da.
Elkarrizketa-estiloak direla eta, besteak beste, bi azpimarratzen ditu Deborah Tannen-ek: afektiboa eta informatiboa. Lehenak, esperientziak partekatzeko eta bata eta besteen arteko berdintasunak adierazteko balio du. “Intimitatea” du oinarrian, gertutasuna, loturak sortzea du helburu. Bigarrenak, istorioak kontatzen ditu, ez ditu bizipenak komunikatzen, gertakizunak baizik. “Independentzia” du oinarrian. Estatusa da honetan gakoa, harremanetan toki bat lortzeko ahaleginak baitira, norberaren bidea urratuz. Lehena, batez ere emakumezkoak erabiltzen ei dugu, eta bigarrena, gizonezkoak. Baina Tannen-ek azaltzen du elkarrizketa-estilo hauek ez direla bat emakumeen jabegoa eta bestea gizonena. Ez. Emakumeok eredu informatiboa ere erabiltzen dugu eta gizonezkook baita afektiboa ere.
Agian, topikoak irudituko zaizkizue aipatzen dituen bi horiek, baina egileak gomendatzen duen moduan: estiloak epaitu beharrean ulertzeko ahaleginak egin behar ditugu, komunikazio lerro berriak zabaltzen lagunduko baitigute.
Beraz, elkar ikusten dugunean, Zuk ez nauzu ulertzen liburuaren ale bat oparituko diot nire lagun minari, uler dezan zer eman nahi diodan aditzera “oasi bat zara niretzat” esaten dudanean. Eta haren erantzuna dena dela, ez epaitzen saiatuko naiz.
Deborah Tannen Georgetown Unibertsitateko irakaslea da eta komunikazioa eta generoa aztertu ditu hainbat lanetan. Haren ikerketa lerroa hiru ardatzetan oinarritzen da: soziolinguistikan, diskurtsoaren azterketan eta pertsona arteko komunikazioan.
Bibliografia:
Tannen, Deborah: Tú no me entiendes. ¿Por qué es tan difícil el diálogo hombre-mujer?. Javier Vergara, Editor, S.A., Buenos Aires, 1990
“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
Joxe Aranzabal says:
Oso ondo laburbildu duzu liburua, Uxune. Orain urte batzuk irakurri nuen ingelesez (ez osorik, ordea), eta orduan harrituta geratu nintzen bere baieztapenekin eta ematen zituen adibideekin, oso argiak ziren-eta. Oro har, ni ere ados nago bere teoriarekin. Segi ondo.