Bi emakume idazle: Mary Shelley eta Bizenta Mogel

“Madarikatua, nire sortzaile madarikatua! Zergatik bizi nintzen? Zergatik ez nuen orduantxe iraungi zuk apeta hutsez nigan ezarria zenuen bizi-txinparta?”

Nor da hitz urratu horien esalea? Nor ari da Zeruaren kontra deiadarka, Jaungoiko jaunari agirika? Munstro bat da, dudarik gabe, munstro batek bakarrik madarika baitezake bere kreatzailea. Munstro nazkagarri batek.

Munstro hori Frankensteinen munstroa da.

Eta horrekin dena esanda dago, ezta? Bon, nik komentario pare bat gehitu nahi nioke izaki mitologiko horren gainean pilatu den informazio masa ikaragarriari. Asko esan da, baina ez nik, esan zuen behin beste euskaldun batek, eta horri natxakio. Ea zer iruditzen zaizuen.

Lehenengo eta behin, Frankensteinen jatorrian eleberri bat dagoela, ez pelikula bat edo legenda urbano bat. Eta ildo bereko bigarren bat: duela zenbait hilabete aurkeztu zen euskarazko itzulpena Literatura Unibertsala bilduma erreferentzialean, hona:

Shelley, Mary, Frankenstein edo Prometeo modernoa, Donostia: Erein ; Iruñea: Igela, 2013, 289 or. (itzultzailea, Iñigo Errasti Aranbarri) [jatorrizko argitalpena, 1818]

Frankenstein
Frankenstein

Eta zerbait esan nahian errazenetik hasita, aspaldi irakurri dudan eleberririk interesgarrienetakoa da, bikain itzulia gainera. Hura irakurtzea benetako gozaldi bat izan da, eta hilabeteak daramatzat ingurukoei gomendatzen. Azkenean hementxe lerro batzuk paratzea ere otu zait, gure komunitate intelektual euskaldunean ere interesgarri izango delakoan. Izan ere, ez ote gara gu, euskal intelektualtxo xumeok, nolabaiteko munstroak, gau eta egun Zeruari aldarrika?

Baina errazenetik segi dezagun. Euskal bertsioaren bikaintasuna, noski, itzultzaileari zor zaio lehenik eta behin, baina baita ere jatorrizko testuari, dudarik gabe. Testu bikaina baita, erretorikoa batzuetan, hunkigarria sarri, narratiboa ororen buru. Narrazio abil bat, horra Lady Shelleyren emaitzaren definizio labur eta zehatz bat.

Mary Shelley
Mary Shelley

Lady Shelley esan dut? Bai, egilea emakumezkoa da, ingelesa, eta bere familia XIX. mende hasierako klase ertainetako partaide tipikoa bada ere, aitaren ospeak idazle eta filosofo gisa erraz jartzen zuen harremanetan aristokrata aurrerakoien zirkuluekin. Eleberria bera, haren lehen lana, hogeita bat urte besterik ez zituenean argitaratu zuen, anonimoki, 1818an. Ideia bat egiteko, urte horretan jaio zen Karl Marx (1818-1883) aristokrata orok desatseginez gogoratzen duen filosofo bihurria. Baina urte horretan, 1818.eneko Jainkoaren urte dontsuan, aristokratak oraindik zerbait ziren Europan, Frantziako Iraultza behin betiko (hala uste zuten beraiek) zapaldu berritan Tronuaren eta Aldarearen arteko Itun Santua gogor eta indartsu zebilelarik. Lady Shelley, esan dugu bai… baina agian ez dugu ondo esan, bere aita giroz eta bizieraz aristokratekin nahasten bazen ere, ez zelako nobleziako kidea, eta bere senarra benetako aristokrata bat izan arren bere aitarekin izan zuen desadostasunengatik titulurik eskuratu gabe hil zelako. Beraz, ez dagokio Lady tratamendua, non eta ordutik aurrera gertatzen hasi zen demokratizazio gero eta zabalagoak ez balu ahalbidetuko antzina odolgarbi gutxi batzuentzat gordetako titulua gaur egun ia edonori paratu ahal izatea arazorik gabe (“Especially in both Britain and Ireland, ‘lady’ is often, but not always, simply a courteous synonym for ‘woman’, Wikipedia, Lady (word)). Baina ez zaituztet gogaitu nahi haren aitaz, senarraz eta semeaz hitz eginez, Historiako emakume askorekin gertatzen den bezala. Mary Shelley (1797-1851) pertsona oso interesgarria da, zinez, eta utikan ahaidegoak, irakurriko duzue haren bizitzari buruz han eta hemen interesatuta egonez gero.

Ekin diezaiogun komunitate intelektual euskaldunari interesgarrien irudituko zaion kontuari: emakume idazle bat da, eta horrek bereziki interesgarri bihurtzen du euskal literaturaren baranoan lobby guztiz indartsua osatzen duten idazle, kritikari eta irakurle feministen artean. Berriz ere paralelismo erraz bati deituz, gogora dezagun euskal literaturako lehen emakume idazlea, Bizenta Mogel (1782-1854) entzutetsua. Bada, bera eta Mary Shelley (1797-1851) bete-betean garaikideak dira eta urte gutxiko aldearekin argitaratu zuten beren lehen lana (Ipui onak, 1804 ; Frankenstein, 1818). Egia da bien artean hamalau urteko aldea dagoela baina, deigarriro, oso gazte hasi ziren argitaratzen biak, 21-22 urte zutenean. Beren ingurune intelektualean aipa daitezkeen beste paralelismo bitxi batzuk alde batera utzirik (adibidez, bataren aita William Godwin filosofoaren eta bestearen osaba Juan Antonio Mogel apaizaren artean traza daitezkeenak), jo dezagun mamira: gizarte historia orokorrari dagokionez ezinago desberdinak dira. Alegia, Bizenta neskatxa eredugarri bat da, emakumearen progreso soziala ordenazko bidetik eraman nahi zuen sektore intelektual batek begi onez ikusiko zuena, horretaz konturatzeko aski da irakurtzea Bizentak berak Don Biktor Munibe eta Aranguren jaun txit aristokratari (Peñaflorida kondearen iloba!) liburuaren hasieran idatzi zion gomendiozko sarrera. Maryren bizitza, aldiz, eskandalu hutsa izan zen bere gaztaroan, emakumezko bati guztiz barkaezina zaion tabu bat apurtu baitzuen, hots, gizon ezkondu batekin ihes egitea (Percy Shelley ingeles poeta ezaguna), bide batez haren emazte legitimoa suizidiora bultzatuz (horrela ikusiko zuen afera jende askok) eta, gainera, suizidio horren ondoren harekin ezkonduz hilabete bat pasatu baino lehenago. Percy Shelley (1792-1822) aristokrata bat da baita ere, Erromantizismoko poeta ezagunenetakoa, politikoki posizio oso erradikaletan situatzen zelarik eta bizitza pertsonalari dagokionez eskandaluz eskandalu ibili zena beti. Beraz, giro aristokrataren inguruan mugitzen gara beti, baina posizio politikoak oso desberdinak dira, baita gure bi emakume idazleek aristokrata progre horiekin (Shelley, Peñaflorida) izan zuten harremana.

Bizenta Mogel
Bizenta Mogel

Alegia, Bizentaren eta Maryren asmoak eta portaera guztiz desberdinak izan ziren, antagonikoak esatea ere ziur aski ez litzateke exajerazioa. Emakumearen garapen sozialaren bi bide desberdin irudika ditzakete apika: ordenuzko bide kontserbadorea bata eta askapenezko bide erradikala bestea. Sakontzea mereziko lukeen gaia, dudarik gabe.

Baina Mary Shelley eta bere lehen obrari buruz ezer irakurtzen hasita (adibidez, hemen) normalki ez duzu kontsiderazio sozial edo politikorik aurkitzen, aldiz, zientzia-fikzioaren eleberriei buruzko aipamenak eta elektrizitateari buruzkoak arruntak eta berehalakoak dira. Izan ere, denok ikusi dugu Frankensteinen pelikularen bat gutxienez gure bizitzan zehar, eta aitortu behar dugu kontu zentralenetakoa munstroaren pizkundearen momentua izaten dela: Frankenstein doktorea bere laborategian dago, mota guztietako makina bitxiez inguratuta, eta elektrizitatezko txinpartak eta era askotako tximista, oinaztarri, izpi, errainu eta leinururen konbinazioak dantzan gure begien aurrean, munstroaren gorputz erraldoiari bizia barnesartu guran. Arazo tekniko bat baita ororen buru, ezta? Harrigarriro, ordea, eleberrian ez dago inolako aipamen teknologikorik, pizkundearen afera ere esaldi labur batez garbitzen delarik, honela:

“Azaroko gau ilun batean ikusi nituen, azkenik, nire lan-nekeak bururaturik. Ia-ia agoniaren parekoa zen herstura batekin, bizia emateko tresnak bildu nituen nire inguruan, hartara bizi-txinparta bat pizteko nire oinetan zetzan gauza bizigabe hartan [munstroaren gorputza]. Goizeko ordu bata zen dagoeneko; euriaren errepika goibela entzuten zen leihoetan, eta nire kandela ahitzeko zorian zegoen. Halako batean, haren gar erdi iraungiaren argi motelean, zabaltzen ikusi nituen nire sorkariaren begi hits horixkak; arnasa handi bat hartu zuen, eta konbultsio batek jota inarrosi zitzaion soin-atalak.” (73. or.)

Alegia, ez gau-ekaitz izugarririk, ez tximistarik, ez laboratoriorik, ez ezer: Halako batean […] zabaltzen ikusi nituen nire sorkariaren begi hits horixkak, eta kitto. Teknika modernoaren arazoak ez zaizkio interesatzen gure autoreari. Guri bai, baina hari ez. Zientzia fikzioa? Horrelako ezeren arrastorik ere ez dut aurkitu nik. Zer da, bada, Mary Shelleyren gogoa mugiarazten zuen kezka? Irakur dezagun azpiko aipu hau:

“Aitor dut ez ninduela erakartzen ez hizkuntzen egiturek, ez gobernuen kodeek, ezta han-hemengo estatuen politikek ere. Zeru-lurretako sekretuak ikasi nahi nituen nik, eta, esku artean zernahi gai nuelarik ere — dela gauzen azaleko substantzia, dela naturaren barrengo espiritua eta gizakien arima misteriotsua –, nire ikerketak beti zuzentzen ziren metafisikara edo, hitzaren adierarik gorenean, munduaren sekretu fisikoetara.” (48. or.)

Mary Shelley eta Bizenta Mogel, bi mundu antagoniko, esan dugu gorago, baina ez harremanik gabeak. Maryri ere arazo filosofikoak dira interesatzen zaizkionak, eta ez kontu teknikoak. Metafisika. Hori baita “sekretu fisikoak” ikertzeko bide naturala “adierarik gorenean”, gure Maryren ustez. Teknika? Ez da agertu ere egiten haren kezken artean. Bizentaren kasuan berdin, latinezko testu moralki eragingarriak euskaratzea da munduari zorion apur bat ekartzeko bide naturala. Humanismoaren bide zaharberria, beste hitz batez esanda. Karl Marxen kezkak eta analisiak oraindik oso urrun daude.

Aldiz, ongiaren eta gaizkiaren problema zentrala da Maryrentzat. Zer gertatuko litzateke gizaki batek Jainkoaren lekua hartuko balu? Sortuko lukeen gizaki berria (munstroa) ona izango litzateke? Gizakiak onak gara berez, jaiotzez eta naturaz, ala Jainkoak salbatzen gaitu geure gaiztakeria naturaletik? Gizakiok Jainko izatera jolastu gaitezke? Irakur dezagun azken aipu bat:

“Gaiztakeria aldaezinen egilea nintzen, eta izuturik bizi nintzen, beldurrez beti nik sorturiko munstroa hark ez ote zuen beste makurkeriaren bat egingo. Bihozkada ilun batek esaten zidan oraindik ez zegoela dena bukaturik eta hura krimen handiren bat egitekoa zela, zeinaren izugarrikeriak ezabatu egingo baitzuen aurretiko guztien oroitzapena.” (118. or.)

Munstro kontrolaezina, krimenik beltzenak egiteko prest, horra Frankensteinen esperimentuaren ondorioa. Gorago esan dut benetako eleberri zoragarri baten aurrean gaude, kontakizun bizi eta eder baten aitzinean. Baina sakoneko mezua beti filosofikoa da, inoiz ez teknologikoa edo abenturazale hutsa. Alegoria baten aurrean gaude. Zeren alegoria?

Erantzuna ez da bat-batekoa. Termino orokorrenetan esanda, erantzuna liburuaren izenburuan dago, bere bigarren izenburuan zehatz-mehatz esanda: Frankenstein edo Prometeo modernoa. Prometeoren mitoaren gaineko hausnarketa bat da, beraz, gizona Jainkoen kontra errebelatzen da eta beren gaitasun esklusiboetako bat lapurtzen die, sua mito klasikoan, kasu honetan biziaren txinparta. Eta zer gertatzen da gero? Munstro bat sortzen duela, gaiztakeriak egingo dituen munstro bat, munstro kontrolaezin bat.

Gizakiaren arrazoimenak, beraz, munstroak sortzen ditu. Kultura espainolean oso gai ezaguna da, Francisco de Goya pintorearen 1799ko grabatu batean oinarritzen dena eta hausnarketa errepikariak sortu dituena. Espainian behintzat esaera proberbiala da, topikoki aipatzen da, baina gaia, berez, europarra da eta Frantziako Iraultzarekin dago zuzenean lotuta. Izan ere, Goyak bere grabatuan, funtsean, Frantziako Iraultzaren gaineko hausnarketa bat egiten du: arrazoimen abstraktuaren aldarrikatzaile diren filosofo ilustratuek Iraultza politikoa sortu dute (edo eragin, babestu, lagundu…), eta Iraultza hori munstro kontrolaezin bat bihurtu da, era guztietako desmasiak eta hilketak eragin dituena, bereziki aristokraten artean. Gillotina, gerra, presondegia, ondasunen bahiketak eta erreketak, eta abar. Eta hala ere filosofo ilustratuek eta aristokrata progreek (Mary Shelleyren girokoek, kasu) hura babesten jarraitzen dute. Horretan pentsatzen ote zuen Mary Shelleyk bere nobela idaztean, hots, Napoleonen gainbeheraren ondoren erreakzio aristokratikoa bere erpinean zegoenean, 1815-1820 bitartean? Zeren bere munstroak Iraultzaren alegoria izatearen itxura osoa du, zinez. Detailetarako, irakurri eleberria.

Ipuinak
Ipuinak

Bizenta Mogelek ez du halako burukominik. Berak fabulak euskaratzen ditu, narrazio labur eta eredugarriak mezu filosofiko garbi bat dutenak: bizitza modu egoki batean zuzentzea, arrazoimena zuhurtziaz erabiltzea, bide kristau eta humanista klasikoaren ildotik. Bizentaren asmoa da bere irakurleak ilustratzea, baina ordenaren barruan kontserbatuz beti. Kultura eta progresoa bai, baina ordena baten barruan. Gillotinarik ez. Munstrorik ez.

Dirudienez, bere senarraren heriotza goiztiarraren ondotik (1822) Mary Shelley guztiz aldatu zen eta, ordutik aurrera, asmo bakarra izan zuen: errespetagarritasuna berreskuratzea. Lehen gaztetako zorakeriak eta eskandaluak baztertuz, bizirik gelditu zitzaion seme bakarraren interesak aldeztea izan zuen aurrerantzean ipar, eta azkenean, hainbat aldiz saiatu ondoren, lortu zuen bere aitaginarreba aristokratak bera eta bere semea (haren biloba) onartzea eta hari bere tituluak eta ondasunak transmititzea. Eta horrela munstroa garaitu zuen eta bere semea, aita eta aitona bezala, aristokrata aberats eta errespetagarri bat bihurtu zen.

Gure Mary eta gure Bizenta, finean, ez ziren hain desberdinak, ezta? Edo, beharbada, gizartearen bilakaerak ez zuen gehiagorako ematen.

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.”

KZJaia2

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude