Agirre lehendakaria: mitoa deseraikitzen ala errelatoa eraikitzen?

Historiako liburuak irakurtzea da nire pasioetako bat, aitor dut. Jende askori totxo helduezina iruditzen zaien horietako asko, niretzat denborapasa zoragarria izaten dira sarri, irakurri ahala gehiago irakurtzeko gosez uzten nautenak. Eta horietakoa da gaur eta hemen laburki iruzkindu nahi nukeena, 660 orrialdeko paperezko adreilu gotorra, lau egile katedratiko jaun txit argi dituena eta pertsonaia historiko goren bezain astun horietako bati buruz diharduena. Baina eman ditzadan datu zehatzak:

TC00239601
Irudia. “La política como pasión” liburua

Mees, Ludger, Granja, Jose Luis de la, Pablo, Santiago de eta Rodríguez Ranz, Jose Antonio, La política como pasión: el lehendakari José Antonio Aguirre (1904-1960), Madrid: Tecnos, 2014.

Liburu atipikoa da, baina ezinago interesagarri Euskal Herriko historia modernoa (irakur bedi, XX. mendekoa eta oraingoa) ulertu nahi duen edonorentzat. Bon, egia esan, ulertu nahi ez duten askok ere interes handiz hartu beharko lukete, gutxitan aurkezten baita gurean tamaina horretako anbiziorik duen libururik; sarrerako hitz batzuk kopiatuko ditugu:

“Consideramos, por tanto, que nuestra meta debía consistir en deconstruir el mito de Aguirre para poder presentar el político real, con sus pros y sus contras.” (14. or.)

Zaila da gauzak argiago azaltzea. Mitoa eta Historia, hori izango da ikergaia. Edo, agian, garai bateko Filosofiako eskuliburuetan esaten zen bezala, Mitotik Arrazoira. Baina ur asko pasatu da geroztik gure zubipeetatik eta garai bateko sukar desmitifikatzaileen aldean ez dakit gaur egungo sasoi postmodernondokoetan mota horretako planteamenduek tiradizorik izango ote duten oraindik. Baina ez dezagun gure iritziak lar aurreratu eta goazen banan-banan.

Honez gero, hiru paragraforen ondoren, irakurle bipila ziur aski apur bat intrigaturik egongo da: batetik “zoragarri” eta “ezinago interesgarri” bezalako adjektibo laudagarriak irakurri ditu, baina bestetik mesfidantza baten lurrina antzemango zuen airean. Zertan gaude, beraz, bata ala bestea?

Bada, biak. Ikerketa itzela da, dudarik gabe, eredugarria alderdi askotatik, baina horrek ez du esan nahi bainarik ez duenik. Eta, hortaz, ondoren nire iritzia azalduko dut laburki, inor nekatzeko arriskurik gabe.

Aipu bibliografiko korapilotsuegia ez egitearren ez dugu argitu lau egileen arteko batek, Meesek, hartzen duela bere gain liburuaren koordinazio orokorra, eta ondorioz zehazten zaigula liburua lau zatitan banatua dagoen arren, zati bakoitza lau egileetako batek idatzi duela; baina ondoren testu guztiak elkarren artean banatu eta eztabaidatu dituzte, testu bakarrera iritsi arte, eta hori dela eta, laurak aurkezten dira liburuaren egilekide, nork bere atala bere aldetik sinatu gabe. Gorago anbizioaz hitz egiten nuenean besteak beste horri erreferentzia egin nahi nion, alegia, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula lau katedratikoren lanak testu bakarrean eman nahi izatea, denok dakigunean orribeteko manifesturik ziztrinena ere kolektiboki sinatzeko goi-unibertsitarien artean egon ohi diren zailtasun (ia) salbaezinak (hemen eta beste kontinenteetan, jakina, lehen eta orain). Txapela kentzeko modukoa, dudarik gabe. Baina hain juxtu ere horretxek pizten du nire mesfidantza: ez ote gara egongo, bada, manifestu moduko baten aurrean? Zein da, hortaz, Agirreri buruzko interpretazio jakin bat hedatzeko asmo nabarmen horren sustraia?

Gauzak zuzenbidez pisatu nahi badugu, esan dezagun ororen buru Historiako liburu baten aurrean gaudela, lau profesional oso goi mailakoek idatzia komunzki diziplinari egozten zaizkion konbentzio arrunt guztien arabera. Areago, laurak espezialista handiak dira Euskal Herriko XX. mendeko Historian eta curriculum oparoak dituzte beren gaitasunez froga argiak eskaintzen dituztenak. Gauzak horrela, ez da zaila bakoitzaren eskua atal zehatz batean nabaritzea, baina beren asmoari amore emanez, ez naiz izango ni saiatuko dena inkoherentziak edo kontraesanak aurkitzen, nabarmena baita egonik ere (beti ere irrifarretxo bat edo beste azalerako zaigu zenbait paragrafo eta, batez ere, oinohar bitxi, irakurtzean), egonik ere, nioen, oso bigarren mailakoak direla. Lauron artean errelato sendo bat sortu eta idatzi dute, dudarik ez.

Eta zer esan errelato horri buruz? Ez, ez gara hasiko liburua laburtzen, honek aipu kritiko eta berriemaile labur bat izan nahi du, irakurketa zuzena sustatuko duena, eta ez besterik. Baina ezinbestekoa da iritzi bat ematea, eta horra. Lau egileetatik bat nabarmentzen da, besteak beste koordinatzaile gisa agertzen delako, baina baita ere bera delako, nire uste apalean, liburuari bere orientazio nagusia ematen diona, eta orientazio hori autore aleman baten eskutik damaigu: Max Weber (1864-1920) handia. Haren teoriak, bereziki lidergo politiko eta legitimazio karismatikoari buruzkoak, dira liburu honen marko teoriko orokorra; izan ere, ziur aski euskal historia ezagutzen ez duen irakurle batentzat Max Weberren teorien gaineko hausnarketa bat da liburu hau, funtsean, kasu historiko zehatz baten analisi xehearen bitartez. Alegia, Jose Antonio Agirre lider karismatikoaren adibide nabarmen bat litzateke, oso egokia Weberren teoriez hausnartzeko. Hortik, ziur aski, “mitoa deseraikitzeko” asmoa.

Hortik ziur aski? Bai, hala idatzi dut, baina idatzi ahala damutzen hasi naiz, erdizka. Izan ere, zergatik da beharrezkoa Agirreren mitoa eraistea? Eta, batez ere, zergatik da beharrezkoa errelato bakar bat idaztea? Zergatik ez lau errelato? Zertan datoz bat gure lau egileak, eta zein da ezinbesteko baldintza arrazoiratze-ariketa honetan partaide bihurtzeko? Erantzuna liburu osoan zehar dago barreiatua eta honela laburbil daiteke:

“Aguirre concluyó su misiva a Galíndez con una buena definición de la idea-fuerza que había guiado su vida política:

Yo no me hago demasiadas ilusiones para un inmediato próximo, pero siempre he sido partidario de la integración de fuerzas diversas [enfasia gurea], que se entable entre ellas el conocimiento y el diálogo, pues por ahí comenzamos nosotros realizando la experiencia vasca que ha resultado, dentro de los defectos que toda obra tiene, eficaz y utílísima [J.A. Agirre, 1952-10-17].” (582 or.)

Eta hau, beharbada, Agirreren asmoen iparra izan zen, hamarkadaz hamarkada, froga ugari ematen zaizkigu liburuan zehar. Baina zergatik errepikatzen zaigu horrenbeste? Zergatik behin eta berriro kondenatzen dira (uste dut hori dela hitz zehatza, kondenatu) Agirreren abagadune zehatz bateko asmo independentistak, edota Iruxorenak (oso antzekoak orokorrean), edota Monzonenak (ez erradikalagoak, bai iraunkorragoak)? Zergatik azpimarratzen da behin eta berriro Indalecio Prietorekiko konexio erabat ezinbestekoa (bai, hori ere da hitz egokia, ezinbestekoa)? Zergatik behin eta berriro autonomismoaren gorazarrea? Zergatik azpimarratzen da, barka hitza erabiltzea, baina uste dut hau ere beharrezkoa dela, zergatik errepikatzen da ad nauseam, posibilisimoa, moderazioa, elkarrizketa, integrazioa… Har dezagun lagin bat, bakarra, testuan zehar aurkitzen ditugun adibide ugarietatik:

“De ahí que en el lustro que se extiende desde su reaparición en América Latina hasta su retorno a Francia en la primavera de 1946 el presidente vasco irá abandonando su discurso aislacionista, radical, antirrepublicano y antiespañol para recuperar una política nacionalista mucho más pragmática, flexible, realista y pactista.” [enfasiak gureak] (473. or.)

Horrelakoa da liburuaren tonu orokorra, bi aukeren arteko kontrajartze argia. Adjektibo ugari erabiltzen da, beti ikuskera hori indartzera datozenak. Ondorioz, de facto, Agirreren politikagintza osoa ardatz argi baten inguruan jiraka ibiliko da beti, erran nahi baita, Indalecio Prieto (1883-1962) lider sozialista bilbotarrarekiko adostasuna lortzea. Hori erdiesten denean, dena ondo doa, bestela, dena txarto. Hori da liburu honen zinezko gakoa. Areago, bi indar politiko handiren arteko harreman gatazkatsuen azpitik, bi liderrak gai izan ziren, ia beti, adostasunaren bidea aurkitzeko. Jar dezagun azken adibide bat:

“Este enfrentamiento por el rechazo nacionalista a la JEL de Prieto [1943an] agravó el conflicto entre los socialistas y el lehendakari, quien, sin embargo, no dejó en ningún momento de cultivar su buena relación de amistad y confianza con el líder socialista. El estudio de las fuentes de la época revela un sorprendente contraste entre la virulencia del debate público, por una parte, y la cercanía personal entre estos dos hombres, lo que se plasmaba, por ejemplo en las frecuentes vistas que Prieto le hacía a Aguirre cuando estaba en Nueva York o las alegres y amenas sobremesas compartidas en el restaurante Jai Alai.” [data eta enfasia gureak] (464. or.)

Baina zergatik mailukatu hainbeste iltzea? Erantzuna erraza izan daiteke: interpretazio zuzena hori delako, eta kitto. Galde daiteke, ordea, baieztapen-multzo hori azterketa historiko hotz baten ondorio ote den ala, aitzitik, azterketaren beraren ezkutuko aurrebaldintza. Izan ere, gauza jakina eta nabarmena da Agirreren asmo guztien erabateko porrota: Franco bere ohean hil zen, bera baino hamabost urte geroago. Nire uste apalean, Agirrerena, ezer izatekotan, porrot epiko baten kontakizuna litzateke, Termopila zeharkatu batzuen tragedia, anabasi luze baino luzeago baten kronika minkorra, itsasora inoiz iritsi ez zena… Ez, euskal gudari zailduek (abertzaleak, sozialistak, errepublikanoak, komunistak, anarkistak…) inoiz ez zuten Thalassa! Thalassa! oihukatzeko aukerarik izan, eta amore eman gabe berrogei urteren ondoren etxeratu ziren azken apurren artean ere, zer esango dizuet, nik neuk inoiz ez dut antzeman harrotasunik. Galtzaileak izan baitziren, ororen buru.

Gure egileek berek ez dute arazorik hori aitortzeko, ikusi, adibidez, hemen:

“El problema era que, pese a la impresionante demostración de fuerza y unidad que había simbolizado el Congreso Mundial [1956an], Aguirre no había podido registrar ninguna victoria importante con esta política. Al contrario: al final de la década de 1950, la dictadura parecía más consolidada que nunca y la libertad vasca no se vislumbraba por ninguna parte.” [data gurea] (589. or.)

Ez ote da hori ikerketa historiko baterako abiapuntu egokiagoa, lider karismatikoa bere posibilismo eta moderazioan, beti sozialistekin bat eginik, zelebratzea baino? Sororik soro, kantatzen zuen Ruper Ordorikak, eta porrotik porrot itzul dezakegu geuk, hori baita, beste ezer baino gehiago, gure herriaren historia.

Baina malenkoniaren bekatuan jausi naiz, dudarik gabe. Barka egidazue, beraz, irakurle honez gero nekatuek, barka nazatela ere egile txit trebeek. Ikerketa ederra, zinez ederra, argitaratu dute. Irakurtzeko gonbita egiten dizuet, zalantzak zalantza, ardo berriak onduko baitu mahastietan aihen zaharrak. Eta abar.

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude