Erregina katolikoa, Espainiaren batasunaren sinboloa

Normalean ez naiz oso berandu arte geratzen telebistari begira, baina duela hilabete pare bat-edo horrelaxe egin nuen Isabel telesailarekin. Aurrez episodiorik ikusi gabea nintzen, sarritan haren gaineko propagandazko iragarkiekin trikitx eginda banengoen ere, baina oraingoan ikustea deliberatu nuen. Izan ere, apur bat lehenago bukatu nuen ondoko lerroetan iruzkindu nahi nukeen liburua, hauxe:

Tarsicio de Azcona, Isabel la Católica: vida y reinado, Madrid: La esfera de los libros, 2014, 637 or.

isabel
1. irudia: “Isabel” telesailaren irudia.

Episodioak berehala maitemindu ninduen eta biziki deitoratu nuen aurrekoak ikusi ez izana, ezta ondokoak ikusteko betarik ez hartzea ere (bon, besteren bat-edo, nik ikusitakoan erregina hil baitzen, baina badirudi laster jarraipena izango duela haren iloba nagusiaren menturekin). Tamalez, telesail historikoekiko zaletasuna eta dago oso hedatua gure etxean eta neuk oso goiz jaiki behar izaten dut normalki.

Eta zer esan telesail horri buruz? Bat, ebidentzia hutsa dena: Elisabet Gaztelakoa (1451-1504) dudarik gabe Espainiaren batasunaren sinboloa da, gaur egun, espainiar guztiz gehienentzat, bereziki (baina ez bakarrik) eskuinekoentzat, eta hori dela-eta ez da arraroa PPren gobernuaren garaian haren gaineko telesail bat produzitzea eta gogor lan egitea bere figura popularizatzeko. Zeren Espainiaren batasuna, PPrentzat, ez dago herriaren borondateari lotua, monarkiari baizik. Eta bi, monarkia, PPren inguruko jendearentzat, Espainiaren batasunaren berme nagusia izateaz gain, gobernatzeko estilo baten (bon, estiloren ordez jarri egitura, nahiago baduzue), egitura baten, genioen, zurkaitz sendoena da, beste hitz batzuekin esanda, Espainian herritar xeheen asmoak, beharrak, proposamenak… beti oso bigarren mailan tratatuko dira, nazioaren gidaritza elite (oligarkia) mehar bati baitagokio, estatuaren administrazioa bere interes partikularren kudeaketarekin identifikatzen duena. Berdin da herritar horiek madrildarrak, andaluzak, katalanak edo euskaldunak diren, beren arazoek eta eskabideek ez dute lehentasunik. Eta gehi dezagun hirugarren puntua: Elisabet Erregina Katolikoaren kasuan Elizaren pisu sinbolokoa erabakigarria da, eta hori bereziki garrantzitsua da erregimenaren sektore batzuentzat.

Baina dena-delako sinboloa izateaz gain, Elisabet erregina pertsonaia historiko zirraragarria ere bada, eta, beraz, utz dezagun telebista eta itzul gaitezen arestian aipatu dugun liburura. Udako oporretan erosi nuen, bereziki egilearen izenak eraginda, aurreko urtean eman baitzion Nafarroako Gobernuak Vianako Printzea Saria. Frai Tartsizio Azkonakoa, nafarra, historialaria, erlijioso kaputxinoa… lehendik ere banuen haren aditzea, jakina, baina ez neukan haren libururik irakurrita. Hortaz gain, Patxi Zabaletak eginiko adierazpen batzuk gogoan gordeak nituen, alegia, eragin erabakigarria izan zuela Elisabet erregina santa katoliko gisa ez kanonizatzeko orduan. Faktore asko liburu hau oharkabean pasatzen uzteko.

Bukaeratik hasita, egileak berak liburuaren azken orriak dedikatzen dizkio Erregina Katolikoaren beatifikoazio prozesua-ri (593-596 or.) eta Zabaletaren hitzak ziur aski erabat erratuak ez badira ere (ondo informatuta egon ohi da gure Patxi) agian ez zen horrenbesterako izan: Azkonak berak dio prozesua abiatu zutenek (1958an) “publicaron dos monografías sobre problemas vidriosos de la historia de Isabel, el matrimonio y el derecho sucesorio, de los que tanto hemos discrepado en este estudio” (594.or.), baina baita ere “conocemos que no dejaba de preocupar en diversos medios y naciones dicha causa de beatificación, a la que se prestaba por algunos gran apoyo, y por otros, honda animadversión” (595. or.), eta bereziki munduko zenbait judu taldek (ziur) eta musulmanek (omen) gogor protestatu zutela, finean prozesua blokeatuz (1972). Bere papera, beraz, ez zen erabakigarria izan inolako zentzutan. Egilearen testigantza da, baina fidagarria izatearen itxura osoa du.

Izan ere, Tartsizio Azkonakoa historialari fin eta zaildua da, erabat fidagarria ematen dituen datuetan, oso kontuan hartzekoa beti zuhurtzia handiz jalgitzen dituen iritzietan. Hitz batean, autoritate bat da, hitzaren zentzurik zehatzenean. Aski da liburu honen beronen orrialde gutxi batzuk irakurtzea, edozein kapitulutan, horretaz jabetzeko. Tamalez, gure iruzkinean gai gutxi batzuk baino ez ditugu tratatuko, laburtasunaren mesedetan, baina espero izatekoa da interesatuek zuzenean joko dutela iturrira, gure ohar xumeez haraindi edozein puntu argitu nahi izanez gero. Goazen bada.

Kontzeptu zentral bat dago liburu honetan, Azkonak behin eta berriro aipatua: jaun nobleen iraultza. Alegia, labur eta gordin, Elisabet erreginak gerra zibil baten bitartez eskuratu zuen tronua, horretarako eskubide zilegirik ez bazuen ere, eta jaun nobleen koalizio batek eragindako iraultza bat izan zen bere oinarria. Noble matxinatuak, gerra zibila, iraultza, legitimotasuna… horiek dira liburuaren lehen lau kapitulutan etengabe errepikatzen diren kontzeptuak. Eta tesia argia da, eta, ondorioz, ez dirudi oso laudagarria Eliza Katolikoaren aldareetara igo nahi den erregina batengan. Horra auzia, historialari espainol ugari (gaur egun ere!) enplegatu dituena: Elisabeten erregetza ez bazen legitimoa (hau da, oinordeko legitimoa zen bere iloba Joana Beltranesari gerra zibil baten bitartez lapurtua), nola bihurtu Erregina Katolikoa sinbolo nazional eztabaidaezin, hain eztabaidaezin non Elizak santatzat aldarrikatu beharko zukeen. Berriz ere diogu, horra auzia, auzi latza.

2. irudia: "Isabel La Católica" liburuaren azala.
2. irudia: “Isabel La Católica” liburuaren azala.

Horren aurrean Azkonak historialari huts baten gisan jokatzeko delibero irmoa erakusten du, hitz klasikoak erabiliz, auzia aztertuz sine ira et studio, hau da, haserrerik eta alderdikeriarik gabe, edo berberak esaten duen gisan: “Declaro, sin ambages, que escribo a la luz del lema clásico: Amicus Plato, sed magis amica veritas: Amo a Platón; pero más amo la verdad” (16. or.). Esan nahi ote du horrek Elisabeten kontrako alegatu gogor batekin aurkituko garela? Inondik inora. Azkonak ez du ezkutatzen bere pertsonaiak sortarazten dion sinpatia eta miresmen sakona, baina arazo bakoitzaren aurrean (eta asko dira!) behin eta berriro saiatzen da iritzi orekatu bat ematen, garaiko testigantza zehatzak alegatzen, gertakari deserosoak ez ezkutatzen. Eta hala ere, erretratua oso aldekoa ateratzen zaio, aldekoegia nire uste apalean, baina zintzotasun intelektualez bideratua, argiak eta ilunak aipatuz. Ez da hagiografia bat, ez antzeko ezer.

Puntu bakar baten gainean pausatuko gara: legitimotasunaren auzia. Puntu bereziki delikatua da, kasu honetan auziaren muina honetan datzalako: Elisabeten anaia, Henrike IV.a erregea, inpotentea omen zen eta, ondorioz, haren alaba bakar eta oinordekoa, Joana, ez zen bere alaba, On Beltran de la Cueva (1435-1492) erregearen konfiantzako lagun minarena baizik; hortik bere etsaiek ezarritako goitizen lotsagarria: Joana Beltranesa. Hain zuzen ere argudio hori erabiliko dute jaun noble matxinatuek gerra zibila piztu eta Elisabet erregetzan ezartzeko. Bada, Azkonak argitasun osoz ukatzen ditu bai erregearen ustezko inpotentzia zein, ondorioz, alabaren sasikotasuna. Jakina, argi azaltzen du erabat ezinezkoa dela ziurtasun absolutua izatea, baina azterketa xehe batek ondorio horretara eramaten gaitu, zalantza gabe. Eta azterketa xehea diogunean, benetan xehea esan nahi dugu; Azkonak dokumentu eta gertakari harrigarriak jartzen baitizkigu mahai gainean, adibidez, hau da Joanaren jaiotzaren inguruan idazten duenaren zati bat:

“Por otra parte, el cronista de la villa de Madrid, León Pinelo, hace constar estos detalles:

La reina parió en Madrid a la princesa Juana al principio de 1462. Asistieron al parto de un lado: Enrique conde de Alba de Liste, el rey, el marqués de Villena, el comendador Gonzalo de Saavedra y el secretario Alvar Gómez; del otro lado, el arzobispo de Toledo, el comendador Juan Fernández Galindo y el licenciado Cadena. Delante de ellos parió la reina.” [enfasia gurea] (73. or.)

Bai, ondo irakurri dugu, erregina zortzi gizonezkoen aurrean erditu zen, denak lekuko ilustre gisa deituak, inork umearen zilegitasunaz zalantzarik ez izateko. Guretzat hain harrigarria den gertakaria, ordea, erabat arrunta omen zen orduan, Azkonak berehala argitzen digun gisan, eta ez bakarrik erditzea, ezkontza bera kontsumatzean ere lekuko ilustreak izatea arrunta omen zen. Irakur dezagun:

“El relato del cronista madrileño se ajusta a la costumbre del tiempo, sobre todo en lo que se refiere al alumbramiento. Dicha presencia era requerida tanto para la consumación del matrimonio, como para los partos de la Reina. (73. or.)

Beraz, mota horretako lekukotzak ez dira ulertu behar errege Henrike IV.aren ustezko inpotentziak eragindako mesfidantza giroan, baizik eta garaiko testuinguru orokorrean. Adibidez, Azkonaren arabera, Elisabeten beraren ezkontzaren kontsumazioak Fernando Aragoikoarekin, zenbait handikiren lekukotza izan zuen. Harrigarria baina egia. Irakur dezagun:

“Por la noche de dicho día 19 de octubre [1469] fue consumado el matrimonio entre ambos contrayentes, sin duda ante la presencia de las personas mas calificadas de cada parte. Este dato entraba en aquel tiempo en el ceremonial de la boda de los príncipes y nobles, como lo confirman las actas notariales, que describen estos actos con pelos y señales.” [enfasia gurea] (120. or.)

Haiek denborak, haiek ohiturak! Dudarik gabe, ezkontzaren instituzioa orduan eta orain oso modu desberdinean ulertzen zuten protagonistek. Maitasuna, gaur egun hitz horri ematen diogun adieran (hau da, maitasun erromantikoa) ez zen ezkontzarekin zerikusirik zuen sentimendua. Baina gatozen gurera, hau da, Azkonak beti iturri zehatzak aipatzen ditu, beti, eta argi bereizten du datu zehatza, zentzuzko suposizioa den datua, eta iritzia. Azken adibide bat jar dezagun: nork ez du entzun erregina Elisabetek botoa egin zuela atorra ez aldatzeko Granada konkistatu arte (hau da, horrekin esan nahi izaten da hamar bat urte pasatu zuela atorra aldatu gabe)? Bada, legenda faltsua besterik ez da, Azkonak froga dokumental zehatzak erabiliz frogatzen duen bezala:

“Incluso cabría en este momento la anécdota, que se repite con frecuencia y es formalmente falsa, de no mudarse de camisa hasta que no hubiese conquistado Granada. Como respuesta, hay que tener en consideración la Cuentas de Gonzalo de Baeza, y las partidas de “varas de holanda”, compradas entre 1482 -1492 para camisas de la Reina y la hechura de las mismas, lo mismo que sayos de noche para ella y toda su familia.” (24. or.)

Beraz, ez iritzi edo suposiziorik, froga dokumentalak baizik, ororen buru, baita erreginaren barruko arropenak ere! Eta froga dokumentalik aurkitzen ez duenean, argi eta garbi esaten du, itzulinguruka ibili gabe. Baina aski esan dugu gure egileaz. Azken hitz bat jaun nobleen iraultzaz. Nire uste apalean oso gai garrantzitsua da Espainiaren historia ulertu nahi bada, eta orobat arreta bereziz irakurri beharrekoa da azken kapituluan Azkonak dedikatzen dion atal laburregia (“Una cuestión abierta: la revolución en tiempo de Enrique IV”, 579-580 or.). Iraultza politiko hutsa izan zen ala baita ere iraultza soziala? Zer lotura izan zuen hamarkada batzuen ondoren piztu zen Komuneroen mugimenduarekin? Zer ondorio du horrek guztiak Espainiaren Historiarentzat? Gai klasikoak dira Espainiako Historiografian, baina zabalik dirauten gaiak.

Adibidez, garai zehatz horretan, ia-ia aldi berean, oso antzeko gerra zibil bat egon zen Ingalaterran nobleziaren bi fakzioen artean, tronua eskuratzeko: Bi Arrosen Gerra (1455-1487). Gauza askotan oso antzeko prozesuak dira, Ingalaterran gerra askoz ere gehiago luzatu zen arren. Zeren han ere nobleen arteko disputak tronuarekiko ondorengotza legitimoaren arazoekin nahastekatu ziren. Baina azken emaitza oso desberdina izan zen, klasikoki puntu horretan ikusten delako Ingalaterrako noblezia lurjabearen beherakadaren hasiera eta hirietako burgesia berriaren lehen gorakada, monarkia konstituzional batera bideratuko zena denboraz. Aldiz, Espainian, noblezia lurjabearen indarra inoiz ez zen moteldu, aldian-aldian errege indartsuago batzuk jargoian eseri ziren arren. Adibidez, gure Elisabet eta bere senarra Fernando.

Buka dezagun. Azkonak ez du bakarrik Historiako liburu bikain bat idatzi. Hortaz gain, protagonista bera, erregina Elisabet, epaitu nahi izan du termino moraletan. Hau berez ez da oso arrunta eta are debekatua ere bada historialari profesional askoren iritziz, baina nire ustez ez du ezer txarrik datu guztiak zintzotasun intelektualez aipatzen badira. Gure kasuan, gainera, Elisabet Erregina Katolikoa santutzeko asmoak (Erromako eliza batean edo Moncloako jauregian, berdin dio) arazoari jite berezi bat ematen diote. Eta Azkonak arazoari zuzenean ekiten dio:

“Vislumbramos, por ejemplo, que Isabel, manipulada con certeza por la revolución, queda liberada de diversas tachas que se ciernen sobre ella, ya que afectó a la formación de su conciencia, y con ella al tema vidrioso de su legitimidad al trono.” (580. or.)

Beraz, nobleen fakzio batek manipulatu zuela onartzeak erreginaren kontzientzia hobenik gabe utziko luke, nonbait. Historialari batentzat ez da oso puntu interesgarria, bai aldiz moralista batentzat, zeren erreginaren kontzientzia ere argitu behar den puntua baita. Gure egilearentzat erantzuna argi dago: erreginak bere kontzientziaren arabera jokatu zuen beti, bere kausaren zuzentasunaz konbentziturik, eta hori Guisandoko hitzarmena (1468) izeneko akordioan oinarritzen da, han itundu baitzuen bere anaia erregearekin berau izango zela hurrengo erregina, eta ez Joana Beltranesa. Ondorioz, erreginak zintzoki jokatu zuen beti, bere kontzientziaren arabera: “Más aún, la rectitud de su conciencia moral, su legitimidad dinástica y su historia descansan sobre la capitulación de Guisando” (111.or.).

Guri, egia esanda, oso bigarren mailako arazoa iruditzen zaigu erabakitzea ea Elisabetek kontzientzia zintzoaren arabera jokatu ote zuen edo kalkulu politiko hutsez, hala nola ez digun askorik axola bere senarra Fernandok Nafarroa konkistatu zuen azpikeria baliatuz ala bere kontzientziaren argitan erabat konbentzituta zegoelako Nafarroako erregeak heretikoak zirela eta Aitasantuak baimen legitimoa ematen ziola beren erresumaz jabetzeko. Pertsonaia historikoen kontzientzia arakatzea ez da gure lehentasunen artean agertzen. Baina gai izan nahi genuke besteen ikusmoldeak arretaz entzun eta errespetuz aditzeko. Tolerantzia eta zintzotasuna baitira edozein elkarrizketaren oinarri, eta kasu honetan ere horrela izatea nahi genuke. Eskerrik asko, beraz, aita Tartsizio Azkonakoa, liburu eder honengatik.

 

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude