Joxe Azurmendiren azken liburuaren iruzkina (II. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi
Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Lehenengo atalean hiru kapitulu daude, nolabaiteko sarrera orokorra gero liburuan zehar xehe-xehe tratatuko denari. Hori dela eta, honez gero aipatzen dira ondoko kapituluetan polikiago aztertuko diren hainbat kontu, baina fokoa beste nonbaiten dago beti: lehen atalean Euskal Herrian Renanez idatzi dena aztertzen da; bigarrenean haren bizitzaren nolabaiteko laburpena egiten zaigu; eta hirugarrenean haren bretoitasunaz hausnartzen da.

I.- RENAN EUSKAL HERRIAN

Kapitulu honetan errepasatzen du nola aipatua izan den Renan gure artean, lehenengo euskaraz, gero gaztelaniaz.

Euskarazkoen artean Villasante (maitekiro aipatua) azpimarratuz “beharbada zerbait harrigarriagoa Unamuno eta Baroja berak Villasanteren ez oso urruti aurkitzea da Renani buruzko aburuetan Jesusi eta kristologiari dagokienez.” (16. or.). Kuriosoena Joxe Lasa Apalategi da, jeltzale klasiko bat, zeina 70etako bueltan dagoeneko oso goraki aintzatzen duen (harrigarria beharko luke hemengo antinazionalistentzat). Segidan Lopez Adan eta Ludger Mees aipatzen dira, diskretuki, eta Jon Suduperen txanda, zorrotz epaitzen delarik: ikuspegi topiko funtsgabea, nazionalismo frantses-aleman dikotomian funtsatua. Eta ondoren E.A. iruzkintzen du, oraindik zorrotzago: lehenengo Bitarte aldizkarian atera zuen artikulu bat eta gero EHUko argitaratutako Zer da nazioa (2004) itzulpena, bere eskuko sarrera luze batez hornitua. Zaila da kritika latzagorik egitea: behin eta berriro nabarmen uzten du E.A. Andres de Blas irakasle unibertsitari donostiarraren beste hitzaurre baten (¿Qué es la nación? 1987) kopia dudagabea dela, aitortu gabea eta batzuetan txarto eginda (“hemen ere originala aldrebes itzuli dizu eta” 29. or., edo E.A. patchworkean handik eta hemendik harturiko hainbat testu inkoherente bilbatzen da, hala zaila baituzu ideia garbi bat ateratzea” 81. oinoharra; baina gogorrena oinohar berean dago: “Dena dela, E.A. jauna ez da ideia hauen erruduna, horiek kopiatzearena baizik.” 81. oinoharra, 30. or.). Hortaz gain, jakina, nabarmen uzten du Renanez duen ezjakintasuna.

Ondoren, gaztelaniazko testuekin hasita, Andres de Blasen testu hori bera iruzkintzen du, labur, eta baita Javier Villanueva, Jose Ramon Rekalde eta I. Alvarez Dorronsoro. Ez gara ñabarduretan sartuko; hauek apur bat hobeto ezagutzen dute Renan eta ez diote txeke zuririk ematen, baina harrigarriro, argumentazioan baiesten dutena gehiago edo gutxiago (haren arrazakeria, antidemokrazia, etab.) ondoriotan ez da jasotzen, berriz ere nazionalismo onaren ispilutzat agertzen baita. Tartean, paragrafo bat Jon Juaristirentzat, hola laburbil daitekeena: “”Arraza linguistikoaren” kritika egiten dizu (zuzena), ageri-agerian utziz berak Renan irakurri ez duena (antza M. Olenderen lanaz aprobetxatzen da” (36. or.).

Bukaeran, bi ondorio:

batetik, nazionalismo frantses-alemanaren dikotomia ospetsu horigaian sartzeko kantinela obligatua da gaurko akademian (39. or.) eta horrek abertzaleengan ere du eragina: “hainbeste mailukatu digute buruan, azkenean denok etortzen gara, ulertzera ez, baina bai aitortzera dogma hori, eta denok jausten gara topikoan” (39. or.),

eta bestetik, topiko hori erabat faltsua eta funtsgabea da, zeren “ez dago nazioaren kontzeptu bat, bakarra, hurbilketa kontzeptual diferenteak baizik. Ez dago nazionalismoA [sic], nazionalismoak baizik; ez dago nazioaren eta nazionalismoaren teoria unibertsal batik, teoria partzialak baizik, diferenteak, eta denak ez derrigor eurozentrikoak.” (41. or.).

Azken hori pisu handiko ondorioa da nazionalismoaren kontzeptualizazioan.

RENAN PARISEN

Atal luzea, funtsean Renan bizitza eta lanen errepasoa. Oso arin eta atseginez irakurtzen da, Azurmendiren estilo zalu eta argia lagun. Nota bat behin eta berriro nabarmentzen du: Renanen oportunismo intelektuala eta bere gorazaletasun mugagabea, mota orotako hautsi-mautsi intelektual eta pertsonaletara daramatena, arazorik gabe. Katolikotasunetik laizismora, legitimismotik errepublika zaletasunera bonapartismotik pasatuz. Dena den, beti frantses burgesia laiko eta ordenuzkoaren ordezkari arketipikoa da. Gehien nabarmentzen duen liburua haren lehen liburu handia da, zinezko best-sellerra bere garaian, Vie de Jésus (1862) [Jesusen bizitza]. Ikaragarri ondo idatzia eta, batez ere, Frantzian gero eta indar eta garrantzi handiagoa duen burgesia laiko eta ordenuzko batek behar zuena. Ez da ikerketa baten ondorio, baizik eta aleman filologia eta teologiaren aurkikundeen laburbilduma eta aurkezpen ederra, hori bai, bere aportazio pertsonal ugariez hornitua. Arazoa da aportazio pertsonal horiek, funtsean, Renanek berak imajinatutakoak direla, ez ezelako ikerketaren ondorio: Renanek ez du ikertzen, asmatu egiten du” (52. or.) eta “Kritikoek, gisatasun literarioa goratu adina, seriotasun zientifikoa beheratu diote obra honi” (54. or.).

Ondorioz, ezin esan liburu hori (Jesusen bizitza) benetan katolizismoaren kritika balios bat denik, ezta hurrik eman ere. Funtsean nobela bat da eta bere balioa inon baino hobeto ikusten da konparatzen bada aldi berean Nietzsche Alemanian argitaratzen ari zen liburuekin: egundoko aldea dago!

Azpimarratzen diren beste kontu batzuk: zientzia erlijio bihurtzen du, arrazista da, antisemita deklaratua, kolonialista, Errepublikaren kontrakoa (funtsean legitimista bat izango da beti) baina karanbola bitxi baten ondorioz III. Errepublikaren heroi intelektuala bilakatua (erlijioaren kritika dela-eta). Orobat, Zer da nazioa konferentzia ospetsuan kontsezio bat egin nahi izan dio Errepublikari eta iritzi publikoari: “Parantesi bat baino ez da izango bere obran; kontzeptu oinarrizkoenak betiko esanahietara itzuliko dira. Konferentzia famatua nolabait damu aitortza publiko bat da eta aldi berean iritzi publiko errebantxistari arrazoi emate bihurritu bat […] Men egite bat ordena berriari: esker onezko erreberentzia Errepublikari. Renan abila da holako kamuflaje operazioetan; bakarrik, horkoan nabarmentxo gelditzen den kamuflajea dela. Larrua aldatzeak ez du barrua aldatzen.” (70.or.).

ARRAZA BRETOIAREN ESPIRITUAZ

Kapitulu honetan ez naiz luzatuko. Esplikatzen duena, funtsean, da Bretainia bere jaioterriari dion atxekimentua, oportunista eta, aldi berean, bere arrazakeriaren erakusle bihurtzen dena, Volksgeisten erabilera arrunta tarteko. Honela bukatzen da:

Guri interesatzen zaiguna: literatura, erlijioa, etc., baita sentimendu barrenkorrenak ere, Renanek arraza kategorietan ulertzen ditu. Lehengo obretatik haren heriotzeraino, momenturen batean gutxietsi bezala egin nahiko du, baina arrazaren kategoria zentrala da eta beti hala geratu da haren pentsamenduan.” (86. or.)

Ondorio orokor gisa: esango nuke hiru kapituluek ez dutela lotura argi bat beraien artean, pertsonaiari aurkezpen orokor bat egiteaz gain. Eta hemen, dagoeneko, bete-betean agertzen zaigu Azurmendiren saiakeren ezaugarri nagusietako bat: olatuka hurbiltzen zaio gaiari, alegia, pentsamendu, analisi eta erudizio-olatuen bidez. Badirudi aurrez trazaturiko plan bati segitzea baino nahiago izaten duela gogoa libre utzi eta haren hegaldatze kapritxosoari segitu. Edo, beste metafora bat erabiliz, guk mutikotan ikusten genuen indio eta bakeroen pelikuletan bezala, bere pentsamenduek eraso egiten digutela olatuka, hala nola erasotzen zuten indioek bakeroen (edo soldado urdinen) lerro mehea, olatuka lehenengo, zirkulu konzentriko etengabeak eginez ondoren. Neurri batean inpresio faltsua da: azpitik bada logika sendo bat argudiobidea gidatzen duena, baina erudizioa uholdeka datorkigunez gero, iparra galtzeko arriskua dugu sarri. Dena den, hondartzan bainatzen garenean bezala, bata bestearen ondoren datozkigun olatuok atsegina besterik ez dute sortzen, niri behintzat.

Argazkia: http://ow.ly/J7NQM 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude