Mendeku-gosearen gainean eraikitako pentsamendua. Joxe Azurmendiren azken liburua (V. atala)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi
Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Orain arte oso poliki egin dugu aurrera liburua iruzkintzen (dena berria zen!) baina une egokia da pedalari sakatzeko. Laugarren atalean gaude eta Azurmendik Renanen pentsamendua esplikatzeko garrantzi berezia duen gertakariaren inguruan arituko zaigu: Frantzia eta Prusia arteko gerra 1870ean, hots, Frantziaren erabateko porrota eta Alemania batu potentearen sorrera, badakizue, Inperio Aleman berria, beste hitzez II. Reich-a, I. Mundu Gerraren sarraskiarekin amaituko dena. Bi data horien arteko Frantzia (1870-1914) ideia obsesibo baten nagusitzapean biziko da: errebantxa. Eta puntu honetan esanguratsua da Nola Erran frantses-euskara hiztegiari begiratu bat ematea (Euskalbar-en aurkituko duzue): frantsesezko revanche hitza euskaratzeko aukera hauek eskaintzen dizkigu: ordain, mendeku, errebantxa, kitara. Bada, Frantziak berrogeita lau urtez biziko duen giroa ondoen islatzeko dudarik gabe bigarrena hautatu beharko genuke: mendekua, Frantziak porrot umiliagarriaren mendekua hartu nahi izango du, kosta ahala kosta. Hau ulertzea ezinbestekoa da Renanen pentsamendua eta, areago, oro har nazionalismoaz geroztik egin den kontzeptualizazioa ulertu nahi badira: aldez edo moldez mendeku-gosearen gainean eraikitako pentsamendua da.

Jakina, ez dugu esan nahi frantses guztiak goizetik gauera ideia horrekin obsesionaturik bizi zirenik; hirietako artisau eta langile kaletarrek edo kanpañako baserritarrek, badakigu, mila eta bat kezka eta buruhauste izango zuten gogoan hori baino lehenago, ez dago horren gaineko azalpen luzeetan ibili beharrik; aldiz, elite politiko eta intelektualek badirudi besterik ez zutela buruan: nola eman ordaina Alemaniari, nola mendekatu ohore zapuztua. Bereziki Renanentzat gai gakoa da, bi arrazoirengatik: batetik, pentsalari alemanak izan dira aurreko hamarkadatan bere gidari intelektual nabarmenak, bai Filologia, Historia edo Antropologiaren arloetan zein Filosofian, zentzu orokorrean hartuta; hara, Renanek inoiz ez zuen ezkutatu Alemaniarekiko miresmena eta bere ametsik kuttunena izango zela bi nazioen arteko kolaborazio eta adiskidantza. Baina, eta hau da bigarren arrazoia, gerra etorri zen lehenengo eta erabateko porrota gero. Eta gero, gainera, bi estatuen arteko mugan zeuden bi eskualde historiko eder eta aberats, Alsazia eta Lorrena, Frantziari kendu eta Alemaniaren menpe geratu ziren sinatu zen bake-hitzarmenean. Ondorioz, umilazioa ez zen une zehatz bateko kontua izan, aitzitik, modu iraunkor batez perpetuatu zen, nazioaren saihetsean egindako zauri gaizto baten moduan, giroa kirastuz etengabe. Pentsa daiteke horrek aldaketa handi bat eragin zuela Renanen espirituan.

Ala ez? Betiko Renanek betiko moduan segitu zuen, eta kitto? Azurmendik orrialde asko dedikatzen dizkio arestian aipatu ditugun gai horiek guztiak azaltzeari. Egia esanda, atal honetan orain arte Azurmendiren arrazoibidea baino bestelako argibide orokorrei ekin diegu, bere azalpenak segitzeko ezinbestekoa delako Europaren historiaren oinarrizko ezagutza batzuk izatea, eta horiek aipatu nahi izan ditugu beste ezeren aurretik. Baina bada ordua gaiari bete-betean ekiteko. Dirudienez, zalantza egin daiteke Renanen baitan benetako pentsamendu-aldaketa bat egon zen (ikerle batzuk aldeztu omen duten bezala) edo azaleko aldaketa bat besterik ez den, arrazoi episodiko batzuk eraginda, sakoneko eraginik gabe. Azurmendik argi eta garbi bigarren aukeraren alde egiten du eta, dirudienez, hori da, baita ere, ikerle gehienen jarrera. Bi interpretazioen arteko aldea ez da makala: lehenaren arabera, posible da onartzea Renan pentsalari kontserbadore, are erreakzionario gisa (monarkiazalea eta legitimista), baina gaineratuz 1870eko gerraren ondoren nolabaiteko jira progresista bat entseatu zuela, posizio demokratikoetara hurbilduz; aldiz, bigarrenaren arabera Renan beti izan zen pentsalari kontserbadore bat eta, hortaz gain, oportunista lotsagabe xamarra ere, aldian-aldian iritzi publiko errepublikanoaren aurrean bere pentsamendua moldatzen baitzuen, ondo gelditzeko plantak eginez; baina une labur bateko trabestismo-operazio hutsak ziren, sakonean ezer aldatu gabe.

Bi interpretazio horien borroka-leku nagusia Parisko Sorbonan 1882ko martxoaren 11n eskaini zuen hitzaldi sonatua da, Qu´est-ce qu´une nation? izenburupekoa; bere testurik ezagunena dudarik gabe, hain ezaguna eta erreferentziala ezen euskarara ere itzuli den (Zer da nazioa?/ E. Renan; sarrera eta itzulpena Esteban Antxustegi Igartua, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2004). Testu hori da, kolokialdi esanda, bildotsaren ama Renani edo nazionalismoari buruz eztabaida guztietan. Iruzkintzen ari garen liburuan Azurmendik atal ugari dedikatuko dizkio haren analisi xehe-xeheari, eta baita ere aurrekari eta ondorioei. Orain okupatzen gaituen etapa honetan Azurmendik azpimarratzen du 1870eko hamarkadan Renanek segitzen duela aldezten monarkiaren berrezarkuntza eta aristokraziarekiko aliantza estua (errepublikanismoaren kontra, beraz), baina aldaketatxo batzuk entseatzen dituela, adibidez, arrazarekiko aipamenak, hain ozenak lehenago, orain lausotu egiten dira. Arrazoia begi bistakoa da: Alsazia eta Lorrena arrazaz alemanak dira (nolabait esanda), eta ez dirudi momentu ona iritzi publikoaren aurrean horrelako kontuei garrantzia emateko. Eta iritzi publikoa Renanek bereziki zaintzen zuen kontua da.

Dena den, hamarkadak aurrera egin ahala aldaketarako faktoreak pilatzen dira: adiskidantza franko-alemanean izan duen betiko esperantza gero eta gehiago zimeltzen da eta, aldi berean, errepublika sendotzen ari da Frantzian, balizko berrezarkuntza monarkiko baterako aukerak hastanduz. Ondorioa, gero eta gehiago burgesia urbano, laiko, kulturzale eta errepublikazalearen ordua dela, eta Renanek horretara moldatu behar duela famaren kriseiluaren argitan iraun nahi badu, baina, azpimarratzen du behin eta berriro Azurmendik, aldaketa guztiak azalekoak dira, sakonean beti bezala dirau: “Renanek inoiz ere ez baitu batere gogoko demokrazia” (215. or.). Iritzi horren alde, besteak beste gaian autoritate nabarmena den C. Digeoenen hainbat aipu egiten dira, adibidez, orrialde berean (215.a) jasotzen duen bat, bereziki kategorikoa. Ez dugu kopiatuko hemen.

Laburbilduz: Zer da nazioa? (1882) saiakera ospetsuan jasotzen dena neurri handi batean iritzi publikoaren aurrean egindako mozorrotze operazio bat da, Parisko orduko giroak eta iritzi publiko errepublikanoak eragindakoa. Zeren, besteak beste, Renan oportunista bat zen eta, gainera, frantses nazionalista dudagabe bat. Right or Wrong, my France, hori da atal bati (219-221 or.) Azurmendik ematen dion izenburu ironikoa. Eta hurrengo bi ataletan datoz bai “frontera naturalen” gaiaren analisia, zein nazionalitatearen printzipioarena. Kasu bietan Azurmendik garbi uzten du pentsalari frantsesek oro har, Renan barne, bi printzipio horiez egiten duten erabilera partidista eta desonesta: komeni zaienean eta komeni zaien neurrian inbokatzen dituzte, eta bestela ez. Oportunismo hutsa. Baina gaurkoz ere nahikoa luzatu gara. Hurrengoan helduko diogu eztabaidari.

 

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du”.

kzjaia3

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude