Muina. Joxe Azurmendiren azken liburua (VI. atala, azkena)

Azurmendi, Joxe, Historia, arraza, nazioa : Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk, Donostia: Elkar, 2014.

Joxe Azurmendi
– Argazkia: Joxe Azurmendi bere azken liburuaren aurkezpenean.

Seigarren atala dugu gaurkoa, eta horrek esan nahi du sei atal behar izan dugula liburuaren muinera ailegatzeko, hots, Frantziaren porrotak 1870eko gerran eta, ondorioz, Alsazia eta Lorrena eskualde historikoen galerak eragiten duen polemika intelektual luzera. Polemika horretan hainbat intelektual ilustrek, alemanak eta frantsesak, esku hartzen dute. Gaia, beti, Alsazia eta Lorrena da, lehenago Frantzia barrukoak izandakoak (XVII. mende bukaeratik), baina hizkuntzaz eta kulturaz oso-osorik alemanak.

Gure seigarren iruzkina da, dena den, eta nekea sumatzen hasita gaude denok, bai zuen iruzkingile apala zein bere irakurle saiatuak. Hala esango nuke nik. Beraz, liburuaren muina osatzen duen polemika intelektual franko-alemana orokorki marraztu ondoren, iruzkin-serie hau bukatutzat joko dugu, irakurle guztiei gonbita eginez liburua osorik irakurtzeko. Izan ere, orain arte laburpen aski xehea egin badugu ere, hemendik aurrera Azurmendiren analisiaren xehetasunak jaso nahi izanez gero, asko luzatuko ginateke oso kontu zehatzetan. Zehaztasunez gainezka baitago liburua. Beraz, hari nagusia laburbilduko dugu hemen, eta horretan interesatuak jo dezala zuzenean testura.

Ekin diezaiogun, bada, polemika intelektual hori iruzkintzeari, baina alorrean barneratu aurretik komenigarria da apur bat hitz egitea bi eskualde horiei buruz. Ez ziren territorio guztiz uniformeak, beraien barruan ere aldeak eta berezitasunak badira, baina sinplifikatuz esan dezagun, adibidez, 1870 aldean bi eskualde horretako biztanle gehienek ez zirela gai hitz egiteko frantsesez, gutxi gorabehera garai bereko Ipar Euskal Herrian bezala, hor ere elite mehar bat alde batera utzita inork gutxik zekien frantsesez hitz egiten, ganoraz behintzat. Ideia bat egiteko, aldeak alde apur bat gaur egun ingelesarekin gure artean gertatzen dena gertatzen zen: asko dira zerbait dakitenak, baina gutxi taxuz moldatzeko gai direnak, eta beste askok eta askok, bereziki adin batetik gora, ez dakite ezer. Hala ere, Alsaziak eta Lorrenak 100-200 bat urte zeramaten Frantziako monarkia/errepublikaren barruan eta, esan dezagun, pozik zeuden horrela. Arestian esan dugun adibidearekin segituz, garai berean Ipar Euskal Herria Espainiak anexionatu izan balu, gerra garaile baten ondorioz, bertako biztanle guztiz gehienen oposizioa izango zuen, euskararen kontua gorabehera. Dena den, bada gure kasuarekiko desberdintasun handi bat: lurralde handiak dira, oso populatuak eta aberatsak. Adibide erraz bat emanda, Alsaziako hiriburua Estrasburgo da, gaur egun Europako Legebiltzarraren egoitza ofiziala dena. Europaren historiaren, kulturaren eta ekonomiaren bihotzean gaude, bete-betean. Bada, eskualde horiek kontrolatzeko borrokatzen ziren politikoak, militarrak eta, baita ere, intelektualak. Azurmendik azken horiei heltzen die.

Eta gure autoreak lehenengo eta behin polemikaren birpasa luzea egiten du, Renan aipatu gabe, beste batzuen hitzak eta jarrerak analizatuz. Kasu guztietan (edo ia-ia) ondorioztatzen du frantsesak, polemikaren beroan, alemanen tesiak manipulatu eta faltsifikatu dituztela lotsarik gabe. Areago, teoria ad hoc bat sortu dute, erabat antialemana, eta gero Frantziari (eta munduari) sinestarazi diote hori zela alemanek sostengatutakoa; gaineratzen du Azurmendik, umore puntu mikatz batez: “Alemaniak berak, aurrena inperialak eta gero naziak, asko erraztu baitu hari buruz edozein narraskeria sinesgarri agertaraztea” (287.or.). Adibidez, hizkuntza bateko kide guztiek nazio bakarra osatzen dutela eta nazio bakoitzak bere estatua behar duela sostengatzen duen teoria, italiarra da, ezer izatekotan, baina ez frantsesa eta ezta alemana ere. Baina aipu bat egingo dugu:

“Garbi esateko: autore alemanontzat nazioaren mugak hizkuntzarenak dira; baina nazioarekin Estatua ulertzen bada, Estatuaren mugak hizkuntzarenak direla edo izan behar dutela esaten duen autore aleman ganorakorik, nik ikusi dudala, ez dago bat bakarra; aitzitik, tesi “aleman” horren bozeramaile bezala beti aipatuak aurkitzen diren autoreak—Fichte, Mommsen, Treitschke, etc.–, haien testuak irakurtzen badira, guztiz kontrarioa espreski esaten dutela denek egiaztatzen da.” (301. or.)

Azurmendiren ondorioa erabatekoa da: ez dago teoria nazionalista alemanik (frantsesari oposatua) edo, egotekotan, ez dator bat hizkuntza = mugak = nazioa = estatua ekuazioarekin, baizik eta, batetik, nazioa eta estatua kontzienteki desberdintzeko asmoa dago eta, bestetik, nazionalitatearen printzipioaren erabilera oportunista, frantsesen kasuan bereziki (baina baita alemanen kasuan ere). Bakoitzak bere astoari arre. Eta hizkuntza = estatua ekuazioa, inorena izatekotan, italiarrena da garai honetan.

Eta Renan? Aurreko atalean garbi utzi genuen bezala, Azurmendik ez du pentsatzen Renanen pentsamenduan eboluzio bat dagoenik eta nazionalitatearen printzipioa (alegia, herriak erabaki behar duela, aldez edo moldez, beraz, herriaren borondatean oinarritzen den nazionalismoa) ontzat ematen zuenik inoiz ere ez. Analisi sofistikatu eta luzea burutzen du horretaz, liburuaren hainbat ataletan. Autore asko aipatzen ditu, testu asko. Berriz ere esango dugu, aurreko ataletan bezala, erudizio katarata baten azpian jartzen gaituela eta lanak ditugula denok bere analisiak xehe-xehe segitzeko. Zeren Azurmendik ez du tesi hori hutsean afirmatzen, ez; aitzitik, mila eta eta bat testu eta datu, Renanenak eta zuzen edo zeharka polemikan inplikaturiko autore ugarirenak aztertzen ditu eta elkarren ondoan kokatzen, ondorio ezin sendoago bat gorpuztuz. Beti-beti lehen eskuko informazioa, iturritik zuzenean hartua, jatorrizko hizkuntzan gainera. Lekutan gaude hemengo espezialista askoren afirmazio puztu bezain gratuitoetatik! Eta ez nabil debaldetan. Gogoratu dezadan, adibidez, orain dela urte batzuk (eta gaur egun ere, baina gutxiago), aski arrunta zela nazionalismoa jorratzen zuten liburuetan Volksgeist hitza (espezialista askoren fetitxe guztiz-aipatua) erdiko “s” gabe idaztea, ingelesarekiko mimetismoz, konturatu gabe alemanak “s” hori atxikitzen duela. Begira itzazue duela urte batzuetako liburuok, eta ikusiko duzue hortxe zebiltzala aditu bat baino gehiago Volkgeist [sic] gora eta Volkgeist [resic] behera, beti alemanezko hitz hori ozenki aitatuz, eta nazionalismo etnikoaren zazpi sekretuen jabe balira bezala teoriarik hutsalenak promulgatzen! Ez ote zuten horretaz jatorrizko testu bat bera ere irakurri? Hala ematen du, bada.

Eta ez, badakit ez dela dotorea, baina ez noa izenik ematera, iruzkin-serie hau bukatzeko zorian nago eta ez dut inorekin haserretu nahi. Nahiago dut itsuskeria txiki honen hobenarekin gelditu. Azpimarra dezadan, hori bai, Azurmendirekin beste dimentsio batean gabiltzala beti: doaneko argudio harroen ordez, testuak, aipuak, analisiak, erudizio ikaragarria. Hain ikaragarria ezen, sarritan, kosta egiten zaigu segitzea. Niri ere bai.

Azken puntu gisa gure iruzkinen balantzea eginez: liburuaren erdia eta apur bat gehiago iruzkindu dugu, besterik ez. Gelditzen dena, batez ere, polemika intelektual franko-alemanaren analisi xehea da, horretan leku bereziki garrantzitsua hartzen duelarik Renanen testurik ezagunenak, Zer da nazioa? (1882). Eta, horretaz gain, berriz ere ohar gehiago eta berriak Renani buruz, haren pentsamenduaren iturriak, haren arrazakeria ezkutaezina, haren nazionalismoa…. Eta Frantzia, nazionalismo frantsesaren kritika zehatza, hori ere arretaz iruzkindua eta oso garrantzitsua nazionalismoaren teoriaz interesatutako edonorentzat. Espainola ere jorratzen du, laburrago baina. Hori bai, guztia zegamarrak hain berea duen estilo dotore eta nahasezin horretan idatzia. Benetako pentsamendua, benetako euskaran idatzia, kontseziorik gabe, ez puristak, ez populistak.

Baina ni nekatu naiz eta beldur naiz zuek ere nekatu zaretela. Mesedez, jo ezazue zuzenean liburura, ez zarete damutuko. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude