Liburu atipiko bat: Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa

Oso gutxitan ikusten da euskaraz mota honetako
libururik; egia esan, gaztelaniaz ere ez daukat antzerako ezer
gogoan, nahiz eta suposatzen dudan izango dela, hala gaztelaniaz nola
frantsesez edo ingelesez. Baina, gure artean, ez dut gogoan bat ere
ez.

Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa /
Kepa Altonagaren edizioa; Bixtiak, Asiskok.- Iruñea: Pamiela, 2011,
198 or.

Hasteko, egilea, Arnaut
Abadia (1843-1916), ezezagun totala izan da gure artean, dozena erdi
aditu kenduta. Eta euskal literaturaren historian leku nabarmen bat
bete beharko lukeelakoan nago, Larresoroko Seminario ospetsuko
zuzendari izan baitzen 26 urtez (1880-1906), alegia, euskal
kulturaren historia xumean egon den idazle-talde indartsuenetako
bateko kidea
:
Larresoroko eskola.

Bistan denez,
Larresoroko eskola horrek
Axularren eta enparauen
Sarako eskolaren
oihartzun nabarmena dakarkigu, baina hura ez bezala oraindik ez du
lortu merezi duen tokirik gure artean. Alegia, Adema biak (Zaldubi
eta Blas), Manex Hiriart-Urruti, Jean Barbier, Jean Elizalde
Zerbitzari, Jules
Moulier
Oxobi,
Janpierre Arbelbide… talde ezin interesgarriagoa osatzen dute.
Erlijioa zen bere kezka guztien muina, esan gabe doa, guzti-guztiak
apaizak baitziren, baina euskarari dagokionez benetako hizkuntza
moderno eta malgu bat sortu zuten, geroago Piarres Lafittek
kodifikatuko zuena eta mende oso batez
Iparraldeko euskara
batu
gisa funtzionatu izan duena
de facto. Hizkuntza
hori ez zuten baliatu bakarrik katiximarako, sermoietarako eta
antzekoetarako, baizik eta kazetaritzaren ateak zabaldu zizkioten,
horrek berez dakarren erabateko modernizazioarekin, bai gaietan, bai
idaztankeran, eta baita ere literaturarenak, bereziki talde horretako
kide
berezitzat jo
dezakegun Jean Etxepareren eskutik.

Azken urteotan Ibon
Sarasola
izan da, agian, talde horrekiko interesa berpiztu duena,
bereziki
Euskara batuaren ajeak (1997)
hotsandiko saiakeraren bidez, talde horretako idazleen praxiaren
oihartzun nabarmenak glosatuz eta goretsiz: haien idazkeraren
txukuntasuna (garbizaletasunarekin nahastu behar ez litzatekeena,
omen) eta euskarazko hitz patrimonialak berreskuratzeko eta abileziaz
(hots, gehiegikeriarik gabe) erabiltzeko deliberoa, mailegu
berrietara (erderakadetara) jo gabe. Ez dut gogoan Sarasolak
espresuki aipatzen zuenik Larresoroko eskola, baina durundia ondo
aditu zitekeelakoan nago.

Kepa Altonaga liburu
honetan koxka bat estutzera dator, gaia zuzen-zuzenean prosa
zientifikora (agian zehatzagoa litzateke dibulgazio zientifikoa
esatea) eramanez, bi gauza berri, gutxienez, frogatzen dizkigularik:
bata, euskaraz inoiz uste izan duguna baino askoz ere gehiago idatzi
izan dela gai zientifikoez (uler bedi, dibulgazio herrikoia egiteko
bada ere) eta bigarrena, Sarasolak aldeztu izan duen eredu
txukunzaleak aurrekari
garbi bat behintzat duela Abadia baitan, eta, ondorioz, hari
irakurriz hobetu hazta dezakegula eredu horren dohainak eta mugak.

Ez dugu oraindik esan
liburua bera Arnaut Abadiaren artikulu bilduma batek osatzen duela,
guztiak
Eskualduna astekari
mitikoan argitaratuak 1892-1908 bitartean “Laborarier” sailaren
barruan
, hots baserritarrei berariaz dedikatutako sailean, horretan
idazten baitzuen Abadiak astero artikulu bat. Altonagak liburu
honetarako hautatu eta ezin txukunago editatu dizkigunak ezaugarri
komun bat dute
, guzti-guztiek animaliei buruzkoak izatea: satorra,
eulia, harra, enara, okila, belatxa, sugea, hontza… Artikulu
bakoitzarekin Asisko Urmenetak marrazki iradokikor bat paratu digu.
Hots, biologoak eta marrazkilariak bat egin dute duela ehun urteko
baserritar elebakarrei zuzendutako dibulgazio zientifiko-praktikozko
artikulu bilduma bat egiteko
.

Altonaga, jakina denez,
biologoa da ororen buru, hori bakarrik ez bada ere, eta Biologiazko
gaiak prosa txukun eta aldi berean eraginkor eta zehatz batean
idazteko kezkak ematen digu liburu honen giltza. Baina Urmenetaren
agertzeak garbi azaleratzen du, halaber, liburu hau ez dela ez
ariketa filologiko hutsa, ezta ariketa zientifikoa ere, aitzitik,
publiko zabalari begira egindakoa baizik, alegia, euskaraz ondo
idatzi nahi duen orori begira. Izan ere, irakurtzekoak dira Abadiak
animaliez eta haien bizimoduez egiten dituen deskribapenak: zuzenak,
zehatzak, aberatsak, euskara ezinago txukun eta ezinago
jator
batean idatziak. Horrela ikusiko
dugu, adibidez,
ikertu hitza
duela ehun urte erabilia geuk gaur egun ematen diogun zentzuan,
naturaltasun osoz. Eta abar luzea. Baina ez da lexikoa alderdirik
goragarriena nire ustez, sintaxia baizik, hots, hitzak josteko
trebezia sinestezina, Larresoroko superiorra euskal literaturaren
benetako erreferentzia garrantzitsua bihurtzen dutenak. Nik neuk
behintzat ez nekien, oraingoz, gai hauetaz
horrela idatz
zitekeenik euskaraz.

Nire ondorio
pertsonala, beraz, garbia da
: Larresoroko eskolaren balioespen berri
baten beharrean gaude
, nire uste apalean, eta Kepa Altonagaren liburu
honek dudarik urrats sendo bat egiten du bide horretan. Halaber,
Sarasolak duela hamabost urte mahai gainean jarritako
bigarren
batasun
haren oihartzuna
azkarregi moteldu delakoan nago
, gaia sakon eztabaidatu gabe. Eta
horretan ere balioespen berri baten beharrean gaudelakoan nago.

Izan ere, garrantzitsua
izan daiteke hausnartzea eredu
txukunzalearen dohainez
eta mugez. Gauza biez. Kepa Altonagaren liburuak aukera paregabe bat
eskaintzen digu horretarako. Hortik euskal komunitate zientifikoaren
blog honetara ekartzeko arrazoia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude