Helsinkiko Unibertsitatetik datorren Mans Hulden ikerlari finlandiarra gurekin egongo da maiatza bitartean. Mans-ek automatekin eta transduktoreekin lan egiten duen Foma tresna garatu du. Foma konpiladore, programazio-lengoaia eta C liburutegi batekin osatuta dago. Formatu berezi batean erregela multzo bat idatziz gero, erregela horiek egoera finituetako transduktore eta autometara itzultzen ditu. Oso-oso inplementazio eraginkorrak lortzen ditu eta software librea da.
Xuxen zuzentzailea Foma tresnarekin lantzen ari gara. Gaur egun Xuxenen erregelak eta lexikoak XFST programarekin inplementatuta daude, baina XFST ez da software librea. Xuxen zuzentzailea Fomarekin birdefinituko bagenu, banaketa libreko programetan ere bere osotasunean integratu genezake. Hortik doa gure motibazioa Foma aztertzeko. Baina egoera finitutako beste edozein aplikazio mota guztietarako ere interesgarria da.
Mans-ek urtarrilean Fomari buruzko ikastaro bat emango du eta, noski, gonbidatuta zaude bertara joateko:
Egunak: urtarrilaren 11, 12, eta 13a
Ordutegia: 9:30-12:30
Lekua: Informatika Fakultatea
Bitartean, pasa den maiatzean LREC2010 kongresurako Mans-ek eta Iñaki Alegriak prestatu zuten tutorialaren materiala ikus dezakezu.