Gales eta Euskal Herria hainbat arlotan dira antzekoak: neurri eta biztanle kopuru ia bera dute (biek 20.000 km2, eta 3 milioi biztanle inguru), bietan bertako hizkuntza gutxitua dago (galesera biztanleen %21ak daki, euskara %28k), eta bilakaera historikoan ere parekotasun handiak dituzte.
Antzekotasun horren haritik ikerketa konparatu bat egiten ari naiz. Egia esan Erresuma Batura etorri nintzenean uste nuen galeseraren historiari buruz euskararen historiari buruz bezain ikerketa gutxi egongo zirela eginda. Baina oker nengoen. Laster topatu nuen A Social History of the Welsh Language liburu bilduma. Geraint H. Jenkins Galesko unibertsitateko historialariak koordinaturiko proiektu bat da, Erdi Arotik gaur egunera arteko hizkuntzaren historia soziala aztertuz. Dozenaka ikertzailek parte hartu dute proiektuan eta emaitza 11 liburutako bilduma izan da 1997 eta 2001 artean argitaratua. Izatez 5 libururen bi bertsio egin dira, bata galeseraz eta bestea ingelesez, eta hamaikakoa osatzeko falta den liburua elebitan argitaraturiko datu estatistikoen tomo bat da, irudian ageri den hauxe:
Euskal Herrian, jakina, badira ikerketak euskararen historia sozialari buruz. Ez dago, ordea, Galesen bezalako proiektu zabal eta koordinaturik.
Euskararen iragana ikertu duten pertsona gehienak banaka aritu dira, eta arlo bat edo beste bat arakatu dute, ez historia osoa. Askotan, gainera, filologoak eta literatur kritikariak izan dira halako lanak burutu dituztenak, ez historialariak. Ez dut esan nahi hizkuntzan adituen ekarpenak eskasak direnik. Aitzitik beren lana beharrezkoa da eta ondo egiten dute. Arazoa da literatura eta filologia arloetatik kanpoko hizkuntza-gaiak, propioki historialariei dagozkienak, inork gutxik lantzen dituela.
Galesen bezala beharrezkoa litzateke gure artean ere, proiektu kolektibo bat, unibertsitate mailako ikerketa talde batek antolatua, zenbait urtetakoa, beharrezko aurrekontuarekin eta dozenaka aditu bilduko dituena. Eredua Galesek eskaintzen digu.
txerra says:
Nire blogera eraman dut zure artikulua.
http://www.blogak.com/garaigoikoa/galiziatik-galesera
Antxon says:
Antza denez, kontu batzuk badoaz Joseba Intxaustik dioen bidetik, Jurgi.
Hona froga:
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data;=2008-04-15&orria;=018&kont;=011
Antton says:
Barkatu. Uste nuen Euskera agerkariaren azken zenbakia sareratu barik zirauela. Hona hemen goian aipatu dudan Joseba Intxaustiren artikulua:
http://www.euskaltzaindia.net/euskera/dok/69457.pdf
Pruden says:
Joseba Intxausti da, dudarik gabe, euskararen historia sozialaren euskaran dugun espezialista nagusia, eta une honetan ildo berean proiektu zabal batean ari da lanean Euskaltzaindiaren baitan. Espero dezagun egitasmo horren emaitzak laster ikusten hastea.Dena den, bat nator Jurgirekin: Intxausti albo batera utzirik, jende gutxi ikusten dut ildo horretan lanean. Jose Maria Jimeno Juriok lan garrantzitsuak egin zituen; gogoan daukat ere Txema Larrearen liburu eder bat (Euskaldungoa erroizturik, Pamiela, 1994), eta, boteprontoan, ez zait beste ezer bururatzen (norbaitek osatuko ditu erreferentziak!). Bitartean, ehundaka filologo ditugu lanean (zorionez!) eta soziologoak ere ia beste horrenbeste edo gehiago (segi dezatela!); psikologoak eta pedagogoak ere ari dira, Jainkoari eskerrak. Eta historialariak? Argi dago dekadentzia aro batean garela sortuak eta Berlingo harresia erori zenetik inork ez duela pentsatzen historialaririk beharrezkoa denik ezer esplikatzeko… Berriz ere tokian tokiko Gortearen edo Boteretxoaren kronista-apologista izatea da geratzen zaigun irtenbide “naturala”… Lekutan daude sasoi batean soziologoen lepotik egiten genituen txisteak!
Antton says:
Larrearena saioa txit ona da, bai; Jimeno Juriorenak, berriz, ez ditut irakurri. Intxaustiren artikuluko bibliografiari erreparatuz gero, agian aurkitu dezakegu beste ale eredugarririk. Edonola ere, uste dut Intxaustik Alain Rey-ek frantsesarekin egin berri duenaren antzeko zerbait egin gurako lukeela. Hemen barna “Mille ans de langue française : Histoire d’une passion” (Perrin, 2007) liburuaren hitzaurrea irakurri dezakezue, bai eta glosarioari neurria hartu ere. Alain Rey ez da historialaria baina.
Jurgi says:
Kaixo lagunok,Txerra: pozten naiz artikulua zure blogera eramateko adina interesgarri iruditu zaizulako.Antton eta Pruden: arrazoi duzue Joseba Intxaustirekin. Bere proiektua da euskararen historia sozialari buruz gure gremioan une honetan martxan dagoen egitasmorik anbiziosoena. Hala ere oraindik hasi berri dago eta gehiago garatu beharko da (adibidez galeseraren historia sozialari buruzko liburu bilduma ez da bere proiektuan aipatzen, eta uste dut oso erreferentzia baliagarria izan daitekeela). Ea espero diren fruituak ematen dituen. Nolanahi ere deigarria da egitasmoa hau Euskaltzaindian sortzea eta ez unibertsitate baten baitan. Itxuraz, irudi luke unibertsitateetako historia departamenduak direla halako proiektuetarako ingurune naturalak. Euskaltzaindiak sustatzea egoki da, jakina, eta eskerrak egiten duela, zeren unibertsitateek ez dirudi egingo dutenik. Alde horretatik egoera kezkatzeko modukoa da, islatzen baitu hizkuntzaren historian interesa duten adituak aski marjinalak direla unibertsitate egituren baitan. Edo ez behintzat nahikoa indartsuak ikerketa-proiektu kolektiboak sortzeko adina. Horregatik sarrienik bakarka aritu dira euskararen historia ikertu dutenak: Txema Larrea, Jimeno Jurio, Irene Lopez-Goñi, Xabier Erize, Kepa Larrea, Antxon Narbaiza… Guztiek egin dituzte oso lan interesgarriak hizkuntzaren historiaren arlo bat edo beste ikertuz. Baina ez unibertsitateko lan-taldeen baitan, baizik indibidualki, beren kabuz, edo Joseba Intxaustiren kasuan Euskaltzaindiaren babesa bilatuz. Izatez, aipatu izenetatik guztiek ez dute lortu unibertsitateetan kokatzerik, nahiz meriturik ez falta. Horrek esan nahi du beren lanak ez duela segidarik unibertsitatean. Beraz unibertsitateek ez dute ahalbidetu euskararen historian aditu
direnak arlo horretan profesionalizatzea eta kultur ikerketen ildoa finkatzea. Horregatik gustatu zait Galesen nola garatu duten hizkuntzaren historia sozialari buruzko proiektua: unibertsitate baten baitan, lan-taldeak osatuz, zenbait urteko proiektua garatuz, finantzabidearekin, etab. Izan ere, proiektu honen burua, Geraint H. Jenkins, Galesko unibertsitatearen baitan zeltiar eta galestar ikerketa aurreratuen zentroko burua da, bere sailaren lan ildo konstantea galestar hizkuntza eta kultura izanik. Zentroan ez dira denak historialariak. Badira filologoak, soziologoak eta beste aditu batzuk ere. Horiek guztiek aukera izan dute beren ikerbidea lanbide unibertsitario bihurtzeko, eta aldi berean kultur ikergaiak unibertsitatearen baitan bermatuta geratu dira. Halako zerbait beharko genuke Euskal Herrian.Ez dut esan nahi Galesen dena perfektua denik. Adibidez zeltiar ikerketen zentroan hainbat argitalpen ingelesez ateratzen dituzte, ez galeseraz, ebaluazio agentzien aurrean puntu gehiago lortzeko (eta ondoren finantzabidea lortzeko). Bestalde, baliabide mugatuak dituztenez beren proiektuetan parte hartzen duten pertsona guztiak ez dira zentroko langile finkoak, baizik proiektu horiek dirauten bitartean kontratatuak. Edozein kasutan Zentroak izan baditu kide finko batzuk eta segurtatu egiten du galestar hizkuntza eta kulturaren inguruko ikerketen jarraitasuna. Nabarmentzekoa da ere zentroko kide guztiak galeseradunak direla eta beren barne-jarduera guztia hizkuntza horretan burutzen dutela (baita publikazioen parte handi bat ere). Noiz ikusiko dugu Euskal Herriko unibertsitate batean, euskal filologiatik kanpo, osoki euskaraz funtzionatzen duen sail bat?
Antton says:
Intxaustik dioenez (laster haren fotografiarekin kamistea eraman beharrean egongo naiz) Hizkuntzen Historia Soziala izeneko jakintza arloan bat egiten dute, batetik, historiak, eta bestetik, hizkuntzalaritzak eta soziologiak. Beraz, hiru sailok dukete ildo horretaz zer edo zer esateko nahiz egiteko. Bere laburrean, eidoltzat hartu dudanak “Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea” (Ikastolen Konfederazioa, 2004) liburuari egin zion ekarpena ere argigarria dela uste dut.
kml says:
Jurgi, guztiz ados zurekin, hizkuntzaren historia sozialaren gaineko ikerketak unibertsitatean ez du lekurik gaur egun. Ezta ikertzaileek ere. Eta zure izen zerrendari beste izen bat gehituko diot: Pruden Gartzia, eta bereziki bere azken liburua Lazarraga, ernazimentua euskaraz. Berak ere unibertsitatetik kanpo, hizkuntzaren historia sozialaren inguruko gaiak ikertzen ditu. Hain zuzen ere hizkuntzaren gaineko ikerketa ez da (filologikoa salbu) gaur egungo sistema unibertsitarioak lehenetsi -edo gutxienez aintzakotzat hartzen- duen ikerketa lerroa. Beraz, sistema horretatik kanpo daudenak ikertzen dute.
Jurgi says:
Kaixo Karmele,Nik baino hobeto adierazi duzu esan nahi nuena: euskararen ikerketa historikoa zirkuito unibertsitariotik kanpo garatzen ari da hein handiz. Bestalde akats handia izan da nire aldetik Pruden ez aipatzea zerrendan: a ze lagun eskasa naizen batzutan! (Portzierto: Lazarragari buruzko liburua irakurri ez duten guztiei gomendatu nahi diet. Zinez liburu ona da, eta ederto erakusten du hizkuntzaren iragana historialari baten begiekin nola iker daitekeen).
antton says:
Zuberogoitia anaiek beste bat gehitu diote EHSeri: Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia.
Jurgi says:
Kaixo AnttonEskerrik asko erreferentziagatik. Ez nuen liburuaren berririk, baina benetan interesgarria dirudi. Koldo Izagirrek Donostiako XIX-XX mendeetako historia sozialari buruzko saiakera jakingarria idatzi zuen behinola, paperean ez ezik sarean ere kontsulta litekeena. Tomas Ugaldeberek eta Mikel Madinak aurreko mendeen atala osatu zuten, interneten ikusgai orobat: Donostiarrak eta euskara, XVI-XVIII. Orain Bilbok ere badu berea. Ez dadila izan azkena.
Portzierto, eta aurreko mezuetako ideia berretsiz: ohartu euskararen historia ikertzeko lana hartu duten egile hauen artean (Zuberogoitia, Izagirre, Ugaldebere, Madina) bat bera ere ez dela historialaria (oker ez banago behintzat). Sintomatikoa.
txerra says:
Lezon, Lasarten eta Pasaian ere egin dira historia sozialari buruzko liburuak, hirurak udalek argitaratutakoak.”Lezoko euskararen historia soziala”, Imanol Esnaola (Lezoko udala, 1998).”Euskararen historia soziala Lasarte-Orian”, Ana Labaka, Maria Jesus Azurza (Lasarte-Oriako udala, 1994).”Pasaiako euskararen historia soziala”, Nagore Atela (Pasaiako udala, 2000).
Jurgi says:
Mila esker Txerra bibliografia osagarri honegatik. Ziur euskararen historia sozialari buruzko tokian tokiko monografia gehiago ere badirela. Halakoen berriak ongi etorriak dira.