Bibliotekan sartu eta Borges, Saramago, Shakespeare edo Andritxen obrak euskaraz irakurtzeko aukera daukagu gaur egun. Konturatu ere egin gabe pasatzen ditugu orriak, baina hitz horien guztien atzean, sekulako lana egiten duten profesional batzuen lana dago: itzultzaileena.
Gaur hasi da Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen “Literatura Unibertsala itzultzen” Udako ikastaroa, EIZIErekin elkarlanean antolatu dena. Itzulpengintza nahiz literatura-kritikan interesa dutenei zuzendutako ikastaroan ikasgela bete dute ikasleek, arrakasta itzela izan duen ikastaro honetan.
Teoria eta praktika, biak landuko dituzte Eibarren gaur eta bihar. Baina batez ere, itzultzaileen esperientzietatik abiatutako gogoetak entzun ahal izango dituzte ikasleek.
Gaurkoan, Miren Ibarluzea irakasleak eman dio hasiera ikastaroari. Sarreran “Literatura Unibertsala” bildumaren aurkezpena egin du Ibarluzeak. Bilduma hori EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak jarri zuten abian 1990ean, literatura unibertsaleko klasikoak euskaraz plazaratzeko. Iñigo Roque ikastaroaren antolatzaileak azaldu duenez, bilduma hori egiteko prozedurak helburu bi betetzen ditu. Alde batetik, itzultzaileei “ordainsari egokia” ematen zaie. Bestetik, gizarteari “ereduzko literatura-lanak” eskaintzen zaizkio “diru-irabaziari hainbeste erreparatu gabe”.
2011n hasi zuten bildumaren hirugarren aroa, eta Roquek azaldu duenez, udazkenerako aterako dira aro horretako “lehenbiziko emaitzak”. Horrekin batera, “Urrezko Biblioteka” izeneko bilduma paraleloa abian jarri dutela azaldu du, lehen aroko liburuak “eguneraturik” kaleratzeko. “Gehienak agorturik zeuden, eta hizkuntzaren aldetik gaurkotu beharrean”, adierazi du.
Bilduma horren garrantzia “berebizikoa” dela azpimarratu nahi izan du Roquek. “Gaur egungo itzultzaile gailenak trebatu dira bildumako lanetan eta, gainera, lan-baldintza duinak lortzeko ere lagungarri izan da bilduma”, azaldu du. Hizkuntzan ere “eragin nabarmena” izan duela adierazi du, “ezin neurtuzkoa” oraindik, “eta hartara, baita gizartean ere”. “Literatura unibertsala bilduman egin den lan erraldoi hori gizarteratzeko eta hari dagokion atarramendua ateratzeko oraindik bide luzea dugu”, gaineratu du.
Miren Ibarluzearen sarreraren ostean, ikastaroaren bigarren zatian, bilduman lan egin duten zenbait itzultzaileren esperientziak entzun ahal izan dituzte ikasleek. Edukitako zailtasunak, beharrezko baliabideak eta bidean topatutako oztopo edo ilusioak kontatu dizkiete.
Literatura itzultzailearen lanaz ere ariko dira. “Bakarti samarra” izaten dela azaldu du Iñigo Roquek, eta askotan “desorduetan egitekoa”, bizimodua ateratzeko beste lan batzuk egin behar izaten direlako. “Hori gure literatura-sistemaren gaitza da, haatik”, gaineratu du. “Zenbat dira, bada, literatura lanbide bakar duten idazleak? Bakanak.”
Irakurleen artean, oro har, literatura itzuliak “ospe txarra” izan duela dio Roquek, oraindik garai bateko “zenbait itzulpen kaskar” gogoan izaten baitira. “Hala ere, itzulpen kaskar haiek ez ziren hainbeste ere izan, eta horretan guztian erdaraz irakurtzeko ohitura aldatzeko nagikeria sumatzen dut nik”, azaldu du.
Literatura Unibertsalak “zailtasun erantsi bat” duela aipatu du Roquek, “klasikoak irakurle mokofinentzat” baino ez direlako ustea. “Uste okerra, inondik ere”, gaineratu du.
Bihar emango zaio jarraipena ikastaroari, eta “Literatura Unibertsala” bilduman parte hartu zuten idazle gehiagoren esperientziak entzun ahal izango dituzte ikasleek.