UEUk antolatzen dituen 41. edizioko Udako Ikastaroetan “Ikastaroak emateko software berria: BigBlueButton eta Popcorn” ikastaroan Gorka Julio Hurtado izan dugu irakasle. Gorka informatika ingeniari teknikoa eta software libreko masterreko titulatua da, ueukidea, Talaios kooperatiba sortzaileetako bat eta bertako langilea. Teknologia berrietan adituak BigBlueButton, Mozilla Popcorn Maker eta IFTTT zerbitzuei buruzko nahi beste informazio erraztu digu.
Labur azalduko zenituzke zerbitzu edo tresna bakoitzaren funtzioa? BigBlueButton ikastaro multimediak emateko bideokonferentzia edo audio-konferentzia bidez emateko tresna bat da. Bertan lan talde batek parte hartu dezake, eztabaidatzeko edo mahai gainekoa partekatzeko, horretaz gain aurkezpen-arbel bat simulatu dezake. Mozilla Popcorn multimedia gaiei eduki gehigarria txertatzeko zerbitzu bat da. Lotura bat, mapa bat, Wikipediako definizio bat edo Twitterreko mezu bat gehitu diezaiokegu grabazio bati, laburbilduz, edizioa jakin gabe gauzak gehitzeko tresna bat. Bestalde, IFTTT zerbitzu asko automatizatzen laguntzen digun tresna bat da. Adibidez, eguraldi txarra noiz egingo duen abisatzea nahi dugu, orduan eguraldia kudeatzen duen zerbitzu batera joaten gara eta informazio hori email edo tweet baten bidez bidaltzeko eskatu diezaiokegu. Beste adibide bat jartzearren, kalkulu horri batean gure lagun guztien urtebetetze egunak jarrita baditugu bakoitzari bere egunean zoriontze mezu bat bidaltzeko programatu dezakegu.
Ze abantaila ekarri diezakegute zerbitzu horiek? BigBlueButton adibidez ez presentzialak diren bilera edo ikastaroak egiteko erabili daiteke. Popcornek balio dezake bideo edo multimediaren erabilera era interaktiboago batean egiteko edo testuinguruan jartzeko, adibidez bideo batzuetan gauza batzuk azaldu gabe gelditzen dira, orduan tresna honen bidez Wikipediako esanahi bat txertatzen badiogu testuinguru konkretu bat eman diezaiokegu. IFTTT denbora aurrezteko oso baliagarria da, sorkuntza lana ez dena baina askotan egin beharreko gauza bat denean era automatikoan programatzen laguntzen digu.
Zergatik aukeratu dituzu BigBlueButton, Popcorn Maker eta IFTTT? Nire ideia multimediaren inguruan aritzea izan zen, horregatik aipatu nahi nituen bereziki BigBlueButton eta Popcorn Maker. Garrantzia ematen diodalako alde batetik multimediari eta bestetik gure inguruan oraindik ez dudalako errotuta ikusten bideogintza eta lan multimediak egitea oso. E-irakaskuntzan edo irakaskuntza birtualean zerbitzu multimedia horiek ez dira asko erabiltzen diren zerbait. IFTTTren inguruan, egunerokotasunean web zerbitzu ugari erabiltzen ditugunez eta automatizazioa oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gure egunerokotasunean denbora gutxi daukagu, beraz, blog bateko eguneraketa sare sozialetan zabaldu nahi baldin bada oso baliagarria da.
Gaur egun hezkuntzan teknologia berri gutxi erabiltzen direla uste duzu? Horren aurrean zerbait egin beharko litzatekeela uste duzu? Nik ez dut uste asko erabiltzen direnik. Gehienetan eztabaida “katxarreriaren” inguruan mugitzen da, teknologia horrek gutxi edo asko erabiltzearen ordez, nolako erabilera emango zaion kezkatzen nau. Hezkuntzan eztabaida haurrei edo ikasleei gailu teknologiko bat edukitzea derrigortzearen inguruan sortzen bada, ni tabletaren kontra jarriko nintzateke. Tablet batek muga asko ezartzen ditu, polita da baina ez ditu sortzeko aukera asko ematen. Horren ordez ordenagailu eramangarri bat gomendatuko nuke, berdin dio txikia edo fina bada. Hori bakarrik gailu bat edukitzera behartzera bagoaz, ondoren bakoitzak emango dio nahi duen erabilera. Jende askok dauka portatil bat etxean, zergatik ez erabili eskolan? Ez dutenen kasuan bat edukitzen lagundu beharko genieke.
Askok esaten dute adibidez unibertsitatearen etorkizuna sarean dagoela eta toki fisikoa apurka-apurka desagertzen joango dela, zuk zer uste duzu? Ikastaroan ere komentatu dut, ikasketa sarrera txiki batean edo espezializazio maila sakonagoetako ikasketetako pozesuaren zati batean maila indibidualak garrantzia handia dauka, beraz, ez dago toki fisikoaren beharrik. Halere, ez dut uste toki fisikoak desagertuko direnik. Gainera interneteko komunitateetako partaideek, edo erabiltzaile askok geroz eta behar gehiago sentitzen dute jendearekin egoteko. Adibidez eskola batean bakarrik gai baten azalpena entzuteko beharrezkoa da bertan egotea? Agian ez. Prozesu batzuk izango dira aldatuko direnak eta balio gehiago duten beste batzuengatik aldatuko dira. Eztabaida sortu, tailerrak egin, daduk argitu… horiek ez dira toki fisikotik bananduko. Gure DNAn dago sozialak izatea eta horrek askotan fisikoa esan nahi du. Internet bidez ere sozializazioa ematen da baina ezberdina da.
Hezkuntza ez den beste alorretan ere erabili daitezke? Adibideren bat jarriko zeniguke? Adibidez BigBluebButton bilera birtualak egiteko erabili daiteke, mintegiak egiteko, eta ez dauka hezkuntza munduarekin zerikusirik izan behar. Lan taldeak egiteko ere baliagarria izan daiteke. Popcorn adibidez ikusentzunezko munduan erabili daiteke, transmediaren inguruko proiektu batean edo multimediarekin zerikusia duen edozein esparrutan. Bukatzeko IFTTT edozein esparrutan, zerbitzuak oso zabalak dira: lanerako, aisirako… Esparrua oso zabala da baina hezkuntza munduan erabili ahal izateko prestakuntza eman nahi izan dut ikastaro honen bidez. Gainera UEU ere hain mestizoa denez aukera ematen du alor ezberdinetan dabilen jendearekin elkartzeko, orduan bakoitzak aplikatu dezake bere esparruan.
Iruzkinak (1)