Hasia da «Heziketa emozionala genero ikuspegitik» ikastaroa UEUko Udako Ikastaroen baitan. Itziar Zunzunegi Etxebarria psikopedagogo eta ikerlariak antolatutako ikastaro honen gai nagusia hezkidetza da.
Zertan oinarritzen da hezkidetza? Zer esan nahi du? Hezkidetza, heziketa metodo gisa, sexuen arteko berdintasunean eta diskriminazio ezan oinarritzen da. Gutxira arte, ulertzen genuen, neska eta mutilen parekidetasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko bidea zela. Garapena izan du, eta, egun, esan dezakegu, genero estereotipoetatik kanpo egiten den hezkuntza dela. Azkenaldian, dena den, bada nagusitzen ari den ideia bat: baterako hezkuntzak (edo hezkidetzak) identitatea modu hertsi eta dikotomikoan ulertzera kondenatu gaituela, dikotomiak (gizon/emakume, hetero/LGBT, zisgeneroa/transgeneroa) aintzat hartuz eta minoriak toleratzeko ahaleginean gelditu garela. Horrenbestez, egun, praktika irekiago bat proposatzen da, genero rolak birproduzituko ez dituena eta sexu/genero sistema hierarkikoa deseraikiko duena: hau da, LGTBfobia gainditzea, sexualitate guztiak aintzat hartzea eta identitateen aniztasuna onartzea eta zilegitzea. Eta hori guztia egitea espazio batean non umeek askatasuna eta aukera izango duten identitatearen auto-eraketa dinamika malgu eta moldagarri bat garatzeko eta, modu seguruan, testuinguru heteronormatibo eta patriarkal honetan, dialektika berri bat praktikatzeko.
Zergatik uste duzu orain arte ez zaiola garrantzirik eman? Zergatik ematen zaio orain? Azken bi hamarkadetako lege eta dekretuek hezkidetza lantzearen beharra jaso eta preskriptiboa bihurtu duten arren (hutsuneak hutsune), oraindik lan handia falta da; sentsibilizazioa, formazioa, bitartekoak eta seriotasuna falta dira. Garrantzia eman zaio eremu normatiboan, baina, horri ez zaio biderik egin. Hiru hamarkada daramagu hezkidetzari buruz hitz egiten, zenbait praktika martxan jarri dira, guraso eta hezitzaileentzat formazioak antolatu dira eta sentsibilizazioan aurrera egin badugu ere, esango nuke, gehienetan, hezkuntza komunitateko zenbait kideren borondate onean gelditu dela. Uste dut, asko dagoela egiteko.
Zerk bultzatu zaitu ikastaroa antolatzera? Irakasle eta hezitzaileen artean badago interesa eta beharra. Gainera, hezkuntza ereduko formazioak egon badira ere, nahikoa ez dela pentsatzen dut. Udako ikastaroetan aukera eskaintzean, beraz, hutsuneak nabarmenak diren eremu batean geure ekarpentxoa egiten dugula deritzot.
Zein paper betetzen du genero/sexu sistemak, txikien nortasuna eraikitzean? Diskriminazioa nola gainditu dezakegu txikitatik? Ikasleek sexu eta genero jendarte kategoriak jaso eta manifestatzen ikasten dute jendarteratze prozesuari esker. Jaio eta nerabezarora arte luzatzen den prozesu performatibo eta menderatzailea da, identitate maskulino eta femeninoak modu akritikoan barneratu eta sendotzen diren prozesua. Argigarria da urte beteko haurrek neskak eta mutilak desberdintzen dituztela (estetika hutsagatik), bi urterekin genero rolak berproduzitzen dituztela (jolas sinbolikoan) eta hiru urterekin generoen araberako jokabideen gainean iritzi sendoa daukatela (badakite zer egin behar duen neska batek eta zer mutil batek). Heteronormatibitate eta diskriminazio horri aurre egiteko lehenengo urratsa genero eta sexu kategoria berriak aintzat hartzea da, ondoren, genero/sexu identitate ez normatiboei ere, eskolan leku emateko. Azken finean, sexu/genero sistema osoa kuestioan jarri behar dugu. Norberan hasi, geure curriculum ezkutua ondo aztertuz, taldean jardun eta hausnartu, hezkuntza komunitatea inplikatu eta, azkenik, instituzioei exijitu.