“Hondakinen kudeaketa eta tratamendua: konposta” jardunaldia gaur amaituko da. Fernando Mijangosek, ikastaroko antolatzaileak, ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkigu.
Ikusi Fernando Mijangosen bideoa
Zer lantzen ari zarete jardunaldi honetan?
Hondakinen kudeaketa eta tratamendua gaia lantzen ari gara. Alde batetik konpostaren gaia lantzen gabiltza, baina batez ere hiri hondakin solidoei buruz hausnartzen ari gara. Ikastaroan zehar gai asko landu ditugu ikuspuntu desberdinetatik: hondakinen kudeaketa eta tratamendua graduondokoan egindako proiektuen aurkezpenak, hitzaldiak eman dituzten alorreko adituak, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunen parte-hartzeak, Gipuzkoako hondakin kontsorzioaren mintzaldiak…
Konposta egiteko zer nolako materiala erabiltzen da?
Bio hondakinak erabiltzen dira. Batetik, naturak berak dituen hostoak, zuhaitzak, landareak… eta bestetik, etxeetan sukaldatu ondoren sortzen diren hondakinak. Berdin da janaria freskoa den, gordina den, egosi ostekoa den… dena da konpostagarria. Aipatzekoa da leku batzuetan arraina edo haragia ez botatzeko esaten dutela. Guk horri ez diogu arrazoi zientifiko edo praktikorik ikusten, ez dakigu zergaitik esaten duten hori. Hau da, jangarria den guztia konpostagarria da. Eta zenbait kasuetan paper apur bat ere bota daiteke.
Zer nolako kontzientzia dago gaur egun Euskal Herrian hiri hondakinei dagokionez?
Nik esango nuke azken bi urte hauetan Gipuzkoan sensibilizazioa asko igo dela, Bizkaian sentzibilizazio hau pixkanaka zabaltzen ari dela, Araban prozesu hau hasten ari dela eta Nafarroatik, esperientzia berritzaileak datozela (Sakana). Beraz, nik uste dut sentsibilizazio prozesua abian dagoela.
Jardunaldi hau izen berdina duen graduondokotik jaio da, ezta?
Bai. Konturatu ginen unibertsitatean ez zegoela gai honen inguruko graduondorik, heziketa hutsune handia zegoela. Beraz, gure helburua gaiaren inguruko espezialistak formatzea da, gizarteak berak halaxe eskatzen duelako. Azken bi urteetan gaia eztabaida politikotik at geratzen ari dela ikusi dugu, orain argudioak mahai gainean ipintzen direla. Eta hori da, hain zuzen ere, gure helburu nagusia: hiri hondakinak ikuspuntu akademiko batetik lantzea.