UEUk, Nola sortu eta saldu liburu-elektronikoak on line ikastaroa antolatu du udaberri honetan. Justyna Pietrzak, ikastaroko arduradunari galdera batzuk egin dizkogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.
Zeintzuk dira ikastaroaren helburuak? Denok daukagu gure barnean idazle on bat. Eta ia guztiok idazten dugu zerbait: amodio-gutunak, sukaldeko errezetak, gure umeentzako ipuinak,… Baina gutxi dira idazlan hauek argitaratzen dituztenak. Eta zergatik ez? Gaur egun hain erraza denean, zergatik ez? Ez dugu beharko dirurik (ezer gutxi), argitaletxeko jendearekin kontakturik (ezer ez), ezta mundu editorialaren ezagutzarik (zero). Gure gogoa eta denbora beharko dugu soilik (hori bai – asko!). Ikastaroaren helburua hau nola egin irakastea da; nola bihurtu familiako idazle mundiala.
Etorkizuna digitala da? Dudarik gabe. Gustatu ala ez, etorkizuna digitala da. Hemen, momentuz, ez dugu ikusten, baina Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, 2012an lehen aldiz ebook salmentak liburu tradizionalenak baino handiagoak izan ziren. Eta National Literary Trust-eko ikerketaren arabera, Britainia Handian gazteen herenak irakurtzen du pantailan (ordenagailuan, smartphonean, tabletean, e-readerean…).
Herena, eta urtero igotzen.
3 atal izango ditu ikastaroak: idaztea, argitaratzea eta saltzea. Zer landuko duzu bakoitzean? Bueno, “idaztea” ez da idaztea; hori bakoitzak bere kabuz egin beharko du, eta ikastaroa hasterako ekarri. Guk idazlanari formatu egokia ematen erakutsiko dugu. Ez baita erraza! E-book bat ondo preparatzeko denbora eman behar da, eta pauta batzuk, batzuetan ez hain argiak jarraitu. Argitaratzeak ere bere sekretuak dauzka. Hainbat plataforma dago saltzeko. Zein aukeratu eta nola egin? Hau da bigarren atala. Saltzea agian zailagoa da, ebook-en kasuan. Arazoa zera da: mundu digitalean ez zara bakarrik idazlea, jendearekiko harremanen arduraduna zara, marketina egiten duena… Hemen pauta batzuk aurkituko dituzu, hori guztia ahalik eta denbora gutxienean egiteko.
Zein izango da ikastaro honetan erabiliko duzun metodologia? Gure asmoa da ikasleak lehen momentutik lanean jartzea. Hands-on ikastaroa da. Teoria bai, argibideak ere bai, baina ebook-a egitea ere.
Nori dago zuzenduta formazio hau? Edozeini. Etorkizuna digitala da, gogoratu! Ausartu eta etorri. Ez dugu inor bere idazlanak erakustera behartuko. Nahi baduzu, ongi! Baina ez baduzu ezer idatzita, edo ez baduzu ezer konpartitu nahi, etorri ere, gauza berriak ikasteko gurekin.
Iruzkinak (2)