Basque Research gunearen itxiera dela-eta

basqueLehengo astearen bukaeran berri txar bat jaso genuen Zientzia eta Ikerketaren inguruan gabiltzanok, horren inguruko baliabide bat desagertzen delako.
Horrela zioen berriak:

Basque Research webgunea ( www.basqueresearch.com) 2002an jaio zen, Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker eta Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri eman du 12 urtez. Basque Research proiektua kanpoko finantziazio-iturririk gabe geratu da eta honek webgunearen itxiera ekarri du.

Berri txarra, zalantzarik gabe; aurretik neuzkan bi kezka areagotu egin dituena.

– Batetik administrazio publikoetatik egiten diren deialdien izaeraz. Ohikoa da, batez ere IKT eta komunikazio arloan, erraza izatea laguntza eskuratzea proiektu bat martxan jartzeko, baina askoz zailagoa da, ia ezinezkoa, laguntza lortzea egitasmoa garatzeko eta iraunkorra bihurtzeko. UEUren kasuan Software katalogo interesgarria (http://softkat.ueu.org/) itxi egin zen antzeko arrazoiengatik. Beste esparru batean, oinarrizko ikerketaren arloan, EusWordNet proiektu mamitsua (http://ixa2.si.ehu.es/mcr/) geratuta dago baliabide faltagatik. Eta halako asko. Proiektuari interesgarri iritzi, hasierako finantziazioa eman, baina gero, ebaluaziorik egin gabe eta diruaren bidezko erabilera zuzenaz kezkatu gabe, administrazioaren babesa galdu.

– Bigarrena EJko I+Gri esleitzen dion dirua eta egin duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria. Gure administrazio publikoak I+G gaineko inbertsioak jaitsi ditu: Espainian baino gutxiago jaitsi izana ezin da aitzakia izan, arlo horretan inbertitu egin behar da aurrera aterako bagara. Bestalde, Zientziaren plan berria (http://ttiki.com/334584) oso bideratuta dago industria klasikoa berritzera, (ia) bazter utziz Europan oso kontuan hartzen diren eta kultur-industriarekin lotuta dauden beste arlo batzuk. Honetaz luze eztabaida daiteke, baina nire iritzian plan kontserbadorea da, arrisku txikikoa, eta hori I+Gn ez da nahikoa.

Aurreko arazoak areagotzen dira euskara ardatz hartzen ditugun erakundeetan. Erakunde ahulak gara, irabazteko asmorik gabe, euskaran inbertitzen dugunak, ekonomia sozialaren partaide kualifikatuak, baina askotan babes nahikorik gabe geratzen garenak.
Gai hauek modu estrategikoan aztertzen ez badira, eta finantziazio-bide iraunkorrak ez badira jartzen, ez dugu aurreratuko. Deialdi batzuen mende urtero-urtero ibiltzea osagarri izan daiteke, baina horrela ezin proiektu estrategikoak aurrera eraman.

Bukatzeko Basque Research egitasmoaren partaideei eskerrak eman egindako lanarengatik. Faltan botako dugu!

Iñaki Alegria Loinaz

UEUko Zuzendaria

@inakialegria

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude