Karmele Artetxe UEUko zuzendari ohi eta UPV/EHUko irakasleak euskarazko zientzia produkzioaren inguruko hitzaldia eskaini du Ikergazte kongresuaren lehen egunean. Abertzale zein ez abertzaleek esparru horretan egin duten lana balioetsi du, oro har.
Ikusi Karmele Artetxeren bideoa
XX. mendeko euskarazko zientzia produkzioa noiz eta nola agertzen den azaltzera etorri da Ikergaztera Karmele Artetxe UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea. Maiatzaren 13, 14 eta 15era bitartean Durangon egingo den ikertzaile euskaldunentzako kongresuak hamaika ikerlari euskaldun ezagun batuko ditu Durangoko Landako Gunean. Horietako bat da Artetxe.
P.Z. Myersenarena ondoren, asteazkeneko bigarren konferentzia eskaini du Artetxek. Aurrez aipatu bezala, XX. mendean eginiko euskarazko produkzioa izan du aztergai. “Nahiko nuke ibilbide historikoa egin, gerra-aurrean hasita eta 80ko hamarkadara arte. Denbora-tarte horretan argi ikusten da euskara jazoak ibilbidea egin baldin badu, izan dela hizkuntzaren gaineko atxikimendu bereziki handia izan zuten pertsonek egin zutelako”. Artetxeren aburuz, “hizkuntzarekiko atxikimendu hori abertzaleen eskutik etorri zen sarri askotan, nahiz eta gerora atxikimendu hori abertzaletasunik gabe ere ikusten den, gaur egunera arte”.
Lehen aldia da Euskal Herrian ikerlari gazte eta euskaldunentzat antolatutako kongresua egiten dela, eta Artetxek behar duen balioa eman dio gertaera horri: “Ikergazte moduko biltzarrek aukera ematen dute jakintza arlo ezberdinetako aditu euskaldunak elkarrekin harremanetan jartzeko, eta hori hemen egitea oso inportantea da. Hasiberriak edo jadanik karrera nahiko egonkortuta duten pertsona horiek elkar ezagutzea garrantzitsua da, aurrera begira ere sor ditzaketelako proiektu oso interesgarriak. Nik nabarmenduko nuke topagune izaera hori”.
Etorkizunera begira, ikertzaile euskaldunek izango dituzten erronkez mintzo da UEUko zuzendari ohia, uste baitu hainbat urrats eman beharko liratezkela euskararen egoera ikerketa munduan normalizatzeko. “Ikertzaile gazte eta euskaldunek erronka asko dituzte. Karrera akademiko arrakastatsua egitea oso konplikatua da, are gehiago, karrera hori euskaraz egiten bada. Euskaraz egiten badute konplikazio handiak dituzte. Izan ere, egiturazko arazoak izaten dira sarritan, esaterako, euskarazko produkzioa ebaluatzeko orduan. Bereziki Hego Euskal Herriko ikerlariek ebaluazio-fase batzuk gainditu behar dituzte ikerketan aurrera egiteko, eta euren curriculumak ebaluazio-agentzia batzuei aurkeztu behar dizkiete. Arazoa da agentzia horiek ez dituztela irizpideak ezarrita euskarazko lan horiek ebaluatzeko. Alde horretatik, euskara handicap bat da ikerlari euskaldunek karrera akademiko arrakastatsua egiteko. Badira ere bestelako arazoak, nahiz eta hizkuntza batua daukagun eta hiztegi espezializatua erdi bukatuta dagoen, oraindik ere lan handia dago hizkuntzaren normalizazioan esparru horretan lasai eta eroso sentí gaitezen. Hala ere, erronka nagusiena euskarazko ebaluazia izaten jarraitzen du ikerlari euskaldun gazteentzat.