200 pertsona inguru bildu ditu IkerGazte kongresuak eta ikerketa alor guztietako ikerlarien bilgune bilakatu da hiru egunetan zehar.
Ikusi Miren Josu Omaetxebarriaren bideoa
Egitarau oparo batetaz gozatu ahal izan dute bertaratutako guztiek, mota ezberdinetako ekintzak izan baitituzte asteazkenetik hasi eta stiralera arte. 116 komunikazio bildu ditu kongresuak, horien artean 72 ahoz aurkeztu dituzte ikertzaileek eta gainontzeko 44ak posterren bidez irudikatu dira.
Balorazioa oso positiboa izan da, bai antolakuntzaren aldetik eta baita parte hartzaileenetik ere. Miren Josu Omaetxebarriak, IkerGazte kongresuaren arduradunak, balorazio oso positiboa egin du kongresuaren hirugarren egun honetan eta parte hartzaileen lana azpimarratu du batez ere. Kongresuko altxorra hauek izan direla deritzo, lan handia egin dutela beraien komunikazioak idatzi eta gainera, dibulgatiboak izan zitezen.
Lehen kongresu honekin mugarri bat jarri dela sentitzen du Miren Josuk, horrekin ikerkuntzak ere euskaraz dakiela frogatu delako bere ustez: “Hemen gauden ikerlariok jakin badakigu ikerkuntzak euskaraz funtzionatzen duela, eta hori erakutsi dugu inongo zalantzarik gabe”, esan du, eta horretan hedabideek izan duten papera azpimarratu du.
Kongresuaren helburuei dagokionez, hiru ezarri zirela eta hirurak ere guztiz bete direla uste du kongresuaren arduradunak. Horietako bat euskarazko produkzioa bultzatzea izan da, eta horren emaitza da dagoeneko Buruxkak.eus atarian eskuragai dagoen kongresuko parte hartzaile guztien lanak biltzen dituen liburuxka. Harremanak bultzatuz alor ezberdinetako ikerlarien artean sareak eta elkarrekintza sortzea izan da beste jomuga bat, eta hori ere lortu da, azpimarratzeako baita kongresuak izan duen izaera soziala. Horren adierazgarri da, esate baterako, ostegunean Plateruenean 90 pertsonek elkarrekin afaldu eta kontzertu bat ikusi izana, jai giroan eta Morau eta beñardoren kontzertua entzuten.
IkerGazte euskal ikerketaren arnasgunea izan dela aipatu du Miren Josuk, Landako gunean arnastu dena hori izan dela, baina badagoela zer hobetu ere. Hobekuntza horien artean adibidez, posterren gunearen ikusgarritasuna areagotu egin behar dela ikusi dute antolatzaileek: “Orain IkerGazteen balorazioak jaso eta hurrengo ediziorako kontutan hartzea tokatzen da. UEU parte hartzaile guztien proposamenak entzuteko prest dago eta desiatzen gaude ikergazte guztiekin elkarlanean jarduteko”.