Itziar Aduriz eta Ruben Urizar: “Euskal gizarte eleaniztunaren diagnosian, euskarak izango duen tokia argituko digute adituek”

Euskal Herriko hizkuntza-egoera dela-eta, euskaldunon kezka iturri nagusietakoa izan da aspalditik euskarak nola aurre egingo dion inguruko hizkuntza indartsuen oldarrari. Galdera horiei erantzuna emateko asmoz, datorren uztailaren 2an ‘Hizkuntzalari Euskaldunen II. Topaketa‘ burutuko da. Itziar Aduriz eta Ruben Urizar UEUko Hizkuntzalaritza sailburuek jardunaldiaren gako batzuk eman dituzte elkarrizketa honetan. Matrikula zabalik dago.

Hizkuntzalariak-taldea
Hizkuntzalari euskaldunen I. Topaketako partaideen argazkia.

Zein helburu du topaketa honek? Topaketaren helburu nagusia da gure gizarte eleaniztunean euskarak duen zereginaz hausnartzea. Horretarako, eleaniztasuna aztertuko da zenbait ikuspegitatik, dela hizkuntzaren (hezkuntza, neurolinguistika, komunikabideak, itzulpen automatikoa…).
Eta jakina, topaketaren espirituari jarraiki, euskal hizkuntzalarien bilgune ere izan nahi du.

Nori zuzendua dago topaketa? Oro har, eleaniztasunaz jakin-mina duen orori dago zuzendua, eta bereziki euskal filologo eta hizkuntzalariei, soziolinguistei, hizkuntza-irakasleei, etab.

Nola egin diezaioke aurre euskarak inguruko beste hizkuntzen garrantziari? Hain zuzen ere, honelako galderei erantzuna ematen saiatuko gara topaketan, alor desberdinetako adituekin. Euskal Herriko hizkuntza-egoera dela-eta, euskaldunon kezka iturri nagusietakoa izan da aspalditik euskarak nola aurre egingo dion inguruko hizkuntza indartsuen oldarrari. Jardunaldi honetan lauzpabost ikuspuntutatik aztertuko dugu gaia eta erantzungo diogu galdera orokor honi: hezkuntza eta didaktikatik, komunikabideetatik eta informazio-teknologietatik (zehazki, itzulpen automatikotik). Horrezaz gain, neurolinguistikan azken hamar urteotan euskararen prozesamenduaz eta elebitasunaz ikasi ditugun hainbat kontu ere ekarriko ditugu.

Azkenaldian elebitasunetik eleaniztasunera doan herria da gurea. Nola integratu behar lirateke hizkuntza berri horiek hezkuntza-sisteman, euskarari kalte egin gabe? Zalantzarik gabe, hezkuntzaren alorrari eragiten dio bereziki gai honek. Hori dela eta, honen inguruko bi aditu ekarri ditugu jardunaldira, Itziar Gorrotxategi eta Itziar Elorza. Eskola euskaldunean eleaniztasuna nola kudeatzen den argituko digute, eta bereziki, ingeniaritza didaktikoaren ekarpena aztertuko.

Zein alde baikor eta ezkor izan ditzake eleaniztasunak euskararengan? Jardunaldian aztertuko ditugun alor horietan diagnosia egiteko eskatuko diegu adituei eta beren ustez eleaniztasunak euskararengan duen eragin positiboak eta negatiboak azpimarratzeko. Hala, euskal gizarte eleaniztunaren diagnosian, euskarak izango duen tokia eta zeregina zein izango den argitzen lagunduko digute adituok, bakoitzak bere alorrean.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude