Jendartean hezkidetzak izan beharreko garrantziaz eta berorren kontzeptuez aritu dira egunotan UEUk antolatutako ‘Hezkidetza hezkuntzan: aldaketa sozialerako tresna’ ikastaroan, Eibarren. Ibai Fresnedo eta Nagore Larrazabalek zuzenduko duten ikastaroan orain arte egindakoa aztertu eta erronka berriak identifikatuko dituzte.
Ikusi Nagore eta Ibairen bideoa
Zein da ikastaro honen helburua? Gure ustez, etorkizuna hezkuntzan dago, eta horretan oinarritu behar ditugu esfortzu handienak nahi badugu jendartea aldatu eta balio hezkidetzaileak eta feminismoan oinarritutakoak nolabait bultzatu. Ikastaroa ideia horien inguruan egituratuta dago. Hezkidetza bera kontzeptu bezala aztertuko dugu, eta atzo, berriz, jendartearen azterketa txiki baina sakona egin genuen. Guzti hori jakinda, aldarrikatu nahi dugu ‘Betaurreko Moreen’ garrantzia. Horren ostean, erronka berriak identifikatuko ditugu.
Eredu androzentrikoaren ondorioz, oraindik ere eskolan sozializazio ezberdina ematen dela diozue. Zelan ematen da prozesu hori? Jendarte heteropatriarkal batean bizi gara, eta androzentrikoa den pentsamoldea guztiz txertatuta daukagu. Gure bizitzeko modua ikuspegi horretatik ikusten dugu, eta hori da aldatu beharrekoa. Umeak jaiotzen diren momentuan, oraindik bizitzan ibilbiderik egin ez dutenean, horien inguruan itxaropenak eraikitzen ditugu nahi gabe, soilik genitaletan oinarrituz. Sexuaren arabera, estereotipo ezberdinak eraikitzen goaz, eta umea horrela joango da bere identitate femenino edo maskulinoa garatzen. Balore horiek indargabetu behar ditugu, ez gara izan behar sailkatutako paketeetan sartu beharreko pertsonak, nortasuna banakotasunetik garatu behar dugu, sailkapen horiek gainditzeko.
Azken urteetan aurrerapausorik egin al da hezkidetzaren arloan, batik bat gazteenen artean? Aurrerapenak egin direla onartu behar da, bai gizarte mailan eta baita hezkuntza eragileetatik ere. Kontzientziazio mailan ere aurrerapausoak egin dira. Politikoki ere zerbait egin dutela esan dezakegu. Hala ere ez da nahikoa; motz geratzen zaigu. Gure ustez, egunerokotasunean txertatu beharreko erronkak dira, eta erronka asko ditugu aurretik, batez ere hezkuntzan. Atzo ikastaroan hitz egin genuen irakasleek izan behar duten paperaz. Interesgarria izango litzateke Magisteritza Eskolan hezkidetza irakatsiko balute baina ez zehar-lerro bezala, eta eskola horretatik irakasleak irtengo balira hezkidetzaren kontzeptua ondo ikasita.
Zein dira aurrera begirako urratsak? Orain arte egin den lanaren aitortza egin behar da, eta gure ustez nahiko proposamen interesgarriak egin dira pedagogikoki. Gaur egun erronka gutxi dago hezkidetzaren kontzeptuaren inguruan; batez ere egunerokotasunean aplikatzean daude erronkak. Hurrengo urratsak izango lirateke ildo horretan jarraitzea eta gai hau normalizatzea.
Udalerri batzuetan aurrera eramaten ari diren hezkidetza esperientzia integralak aurkeztuko dituzue. Ze esperientzia nabarmendu zenukete? Udalen konpromisoaren araberakoa izaten da. Udalerri batzuk benetako apustua egiten dute hezkidetzaren bidean, eta ikas-komunitatean txertatzen saiatzen dira. Ondarroa horren adibide bat da, aurten bosgarren ikasturtea izan da plan hau martxan jarri dena, baina denbora beharko da benetako emaitzak ikusteko. Uste dut laster helduko dela inpaktu hori aztertzeko unea.
Ondarroan modu integralean lantzen da hezkidetza, eta ikas-komunitate guztiak parte hartzen du, ikasle, irakasle, guraso, jantokiko langile eta herrian hezkuntza eragiletzat hartzen ditugun beste hainbat elkarte, esaterako. Guzti hau Udalaren laguntzaz egiten dute.